NAIZ

Intersindikalak 49,3 kilometroko maratoia antolatu du, erretreten erreformaren kontra

Erretreten erreforma aldarrikatua izan bada ere ez da seguru uda ostean indarrean sartuko den. Horrendako, Maiatzaren Lehenaren atarian ekimen berria eman dute martxan sindikatuek borrokari segida eman behar zaiola adierazteko: Hendaiatik Baionarainoko 49,3 kilometroko maratoia antolatu dute.

Erretreten erreforma salatzeko lapikoen protesta egin zuten hilaren 25ean Baionako Herriko Etxearen aitzinean.
Erretreten erreforma salatzeko lapikoen protesta egin zuten hilaren 25ean Baionako Herriko Etxearen aitzinean. (Guillaume FAUVEAU)

Maiatzaren Lehenari begira eginiko deialdia ez da sindikatuek abian ematen duten ekimen bakarra erretreten erreformaren planta emateko prozedura trabatu nahian.

Frantziar Auzitegi Konstituzionalak Emmanuel Macronen Gobernuak bultzaturiko egitasmoa ontzat eman ondoren, oren batzuk baino ez zituen behar Eliseoko maizterrak legea aldarrikatzeko.

Zehazki hilaren 15ean aldarrikatu zuen frantses presidenteak erretiro adina 62 urtetik 64 urtera gibelatzea aurreikusten duen erreforma.

Erreforma noiz sartuko den indarrean, ordea, ez da errana. Gobernuaren asmoa litzateke erreforma uda ostean plantan ematea.

Edonola ere, sindikatuen arabera «borrokoa ez da finitua», eta tartea bada legearen ibilbidea zangopilatzeko.

Are gehiago aintzat harturik frantses Parlamentuan ere mugimenduak badaudela, oposizioaren eremu ezberdinetan, legearen deuseztatzeko.

Testuinguru horretan, CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek borroka maratoia antolatu dute, Hendaiako geltokitik abiaturik, Baionako geltokia helmuga, ostiral honetan, apirilaren 28an.

Elisabeth Borne buru duen Gobernuak dekretu bidez, hau da Parlamentuaren botoa saihestea ahalbidetzen duen Konstituzioaren 49.3 artikulua baliatuz, pasarazi zuela erreforma salatzeko, hain zuzen 49,3 kilometroko ibilbidea gauzatzeko asmoa dute sindikatuek.

Hendaiako tren geltokitik abiaturik, eguerdi aldera, 7,5 km orduko abiaduran igaroko den martxa 19.30ean Baionako tren geltokira arribatzea espero da.

Protesta forma berriak kateatuz

Intersindikalak erretreta 64 urtera gibelatzearen kontrako protestak hartu duen forma berrian parte hartzera deitu ditu biztanleak, borrokan jarraitzeko.

Sindikatuek dutenez, oinez, bizikletaz edota trotinetaz egin daiteke norberak nahiago duen ibilbidearen zatia, edota ibilbide osoa bete.

Baionarako bidean, erreformaren aldekoak diren Vincent Bru eta Florence Lasserre Macronen gehiengoko diputatuen eta Max Brisson Les Republicains alderdiaren senatariaren bulegoen egoitzen ondotik pasako dira «lasterkariak».

Borroken maratoiari bukaera emateko, zuziak piztuko dituzte Baionako karriketan.

Elkarretaratzea Merkataritza eta Industria Ganberaren aitzinean

Apirilaren 28an, bestalde, laneko segurtasun eta osasunaren eguna markatzen dute sindikatuerk. Kasu honetan, «prekarietate hiltzailea» aldarrikapenarekin, bat egin dute CGT, FSU, LAB eta Solidaires-ek. Ostiraleko 12.00etan eman dute hitzordua Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren egoitzaren aitzinean.

Azken urtean Euskal Herrian izan diren lan heriotzak salatzearekin batera, hauek ekiditeko neurriak aldarrikatuko dituzte aurtengoan ere. Egun honek laneko segurtasunari eta osasunari buruzko kontzientzia areagotzearekin batera, prebentzioaren kultura sustatzea du helburu nazioartean.