Maite Ubiria

Erretreten erreformaren aurka, Hendaiatik Baionara 49,3 kilometroko maratoia egin dute

Frantziar Gobernuak 49.3 artikulua aplikatuz onartarazi duen erretreten erreforma salatzeko Hendaia eta Baionako tren geltokiak lotuko dituen borroken maratoia egin du intersindikalak.

 

Baionako tren geltokia helmuga duen borroken maratoia Hendaiatik abiatu da, gaur eguerrdian.
Baionako tren geltokia helmuga duen borroken maratoia Hendaiatik abiatu da, gaur eguerrdian. (pantaila-argazkia)

Hendaian hasi eta Baionara iritsi arte 49,3 kilometroko borroken maratoia antolatu du, apirilak 28 honetan, intersindikalak.

Eguerdia pasatxo, batzuk lasterka eta beste batzuk bizikletan, hamarnaka lagunez osaturiko segizioa abiatu da «erretreta 60 urtetan» oihuen artean Hendaiako tren geltokitik.

Hiri barnean sartu dira ondotik ekintzaileak, hondartzako auzoan dagoen Itsas Ospitalaren aitzinean pasatuz, handik bere ibilbidea jarraitzeko.

Peio Dufau tren langilea eta CGT sindikatuko kideak NAIZi azaldu dionez, «gure helburua da gure haserrea erakustea eta 49,3 kilometroko ibilbidea eginez keinu bat egitea Asanblea Nazionalari».

Horregatik, sindikalistak zehaztu duenez, hainbat «geltoki» markatu nahi izan dituzte Hendaia eta Baiona artean. Hala, euskal hautetsiek Parisen erreformaren alde hartu duten jokabidea agerian jarriko dute Vincent Bru eta Florence Lasserre diputatu zentristen bulegoetara bertaratuz, baita Les Republicains alderdiko eledun den Max Brisson senatari biarriztarraren egoitzatik igarota ere.

Borroken maratoia Baionako tren geltokira heldu ondoren, arratsaldeko 19.30 aldera, zuzien ibilbidea eginen dute sindikatuek Lapurdiko hiriburuaren karriketan.

Ekitaldi nagusi batzuk «itzaltzeko» prestutasuna

Hizlariak beste mezu bat ere helarazi du, argindar alorreko sindikatuetako kideek «borroka zabaltzeko» agertu duten asmoaren berri emanez.

Roland Garros, Cannes, 2024ko Olinpiar Jokoan Parisen... hainbat hitzordu garrantzitsu «itzalik gabe» igarotzeko arriskua hartzen duela ohartarazi dio frantziar Gobernuari.

Dagoeneko azkeneko lau hilabeteetan luzatu den borroka luzearen baitan «argindar mozketak» burutu dituzte EDFko sindikalistek, esaterako Donibane Lohizuneko eta Baionako udaletan argi mozketa laburrak eraginez.

Izan ere, CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek Maiatzaren Lehena «bateratu eta herrikoiaren alde» eginiko deialdiari aipamen merezia egin diote borroken maratoiaren antolatzaileek.

Frantziar sindikatu nazionala ez delako, LAB baztertua

Heldu den astelehenean, 10.30ean, Santa Ursulan hitzordua eman du intersindikalak, Baionan.

Deialdi hori indartzeko apirilaren 27an eginiko agerraldian, bere bozeramaileek berriz ere uko egin zioten LAB sindikatuak intersindikalak sartzeko berriki berretsi duen eskaerari.

Frantziar sindikatu «nazionala» ez denez LABek ez duela tokirik aliantza horretan azaldu zuen intersindikalak.

Orain arte nagusitu den bazterketaren estrategia gaindituz intersindikalari eskaera ofiziala luzatu dio Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenaren atarian.

Astelehenean Baionako Merkatu Plazan eginiko agerraldian LABeko ordezkariek erretreten erreformak sortu duen urgentzia sozialari erantzuteko ezinbestekoa dela batasuna azaldu zuten, iragan urtarriletik honat sindikatu ezberdinen arteko aliantzak eman dituen emaitzak goraipatuz.

Horrendako, Maiatzaren Lehenean intersindikalak Baionan eman duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du sindikatu abertzaleak «batasunean sinesten» duela, beste behin ere, erakusteko.

Hala ere, ibilbidea osorik ez dute beteko LABeko kideek. Hala, momentu batean bloke nagusitik atera eta Merkatu Plazara joanen dira, bertan antolaturiko ekitaldian parte hartzeko.

Azkeneko hilabeteetan, manifestazioetan parte hartzearekin batera, FSU eta Solidaires sindikatuekin batera elkarlanean ikusi izan izan ditugu sindikatu abertzaleko kideak, Baionako portuan, A63 autobidean, hainbat saltoki nagusitan edota Hendaiako tren geltokian eginiko blokeatze operazioetan, esatetako.

rHorrek oraindik ere ulergaitzagoa bilakatu du gaur bertan borroken maratoitik betatik berretsitako mobilizazio «bateratu eta herrikoiaren» aldeko deialditik kanpo utzi izana sindikatu abertzalea.