NAIZ

Meatzaldea Bizkaiko etorkizunaren zutabe industriala izango dela nabarmendu du Iker Casanovak

Etorkizuneko Bizkaian 5.0 industria oinarri izango da eta Meatzaldea horren protagonista, ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagai Iker Casanovak gaur Ortuellan egin duen ekitaldian.

Iker Casanova eta Oihane Arenazak gaur Ortuellan EH Bilduk egin duen ekitaldian.
Iker Casanova eta Oihane Arenazak gaur Ortuellan EH Bilduk egin duen ekitaldian. (EH BILDU)

Iker Casanovak, EH Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak, Meatzaldean industria jarduera indartsua berreskuratzearen aldeko apustua egin du, 5.0 industrian oinarritutakoa, kalitatezko enpleguak sortuko dituena eta eskualdeak aurrera egitea ahalbidetuko duena. «Meatzaldean, baztertuak ez izatea nahi dugu, Bizkaiko beste edozein pertsonak dituen zerbitzu, garraio eta eskubide berberak izan nahi ditugu», nabarmendu du. Ildo horretan, EH Bilduren konpromisoa agertu du etorkizuneko Bizkaia industriala eta polizentrikoa eraikitzeko, Meatzaldea funtsezko zutabeetako bat izango delarik.

Casanovak adierazpenok gaur Ortuellan egin ditu, Oihane Arenaza Ortuellako alkategaiarekin batera, eta agerraldian eskualdeak pairatzen duen «utzikeria instituzionala» salatu dute. EH Bilduren hautagaiak gogora ekarri ditu Meatzaldean euren sakrifizioarekin herrialde honetan aberastasuna sortu zuen oinarria eraiki zuten gizon eta emakumeak, meategietan lan handia eginez.

«Ez dugu gure guraso eta aitona-amona moduan bizi nahi, haien historia sakrifizio eta esplotazio historia bat izan baitzen. Baina, alde batetik, Meatzaldeak garai horretako jarduera ekonomiko indartsua izatea nahi dugu eta, bigarrenik, garai horretako kolektiboaren kontzientzia, elkartasun partekatua, eta gizartearen ikuspegi aurrerakoia eta solidarioa izatea nahi dugu».

Ildo horretan, EH Bilduk Bizkaiarentzako etorkizuna Meatzaldeari bete-betean eragiten dioten bi zutabetan oinarrituta proposatzen duela azaldu du. Alde batetik, Casanovak proposatu du «Bizkaia aurreratua eraikitzea industria teknologiko baten gainean, 5.0 industria baten gainean, eta, bestetik, Bizkaia polizentrikoa sortzea, non zentroa ez ezik eskualde guzti-guztiek beren proiektu estrategikoa izango duten eta aurrera eramateko baliabideak izango dituzten».

Garraioan inbertsioak behar direla diote

Bestalde, Arenazak azaldu duenez, azken urteetan, eta bereziki azken aste eta hilabeteetan, aldiriko lineak, eta, zehazki, C2 Muskiz-Bilbo linea, ezkerraldeko herriei eta meatze-eremuari eragiten diena, hainbat gorabehera, atzerapen eta zerbitzu-ezabatze jasaten ari dira, eta horrek eragozpen larriak sortzen ditu erabiltzaileengan: itxaronaldi luzeak, lanpostura edo ikastetxera berandu iristea...

Esan duenez, egoera hau «ez da puntuala», EH Bilduk «behin baino gehiagotan salatu duen Bizkaiko aldirietako inbertsio faltaren ondorioa da». Izan ere, duela urtebete, EH Bilduk mozio bana aurkeztu zuen Meatzaldeko eta Ezkerraldeko udal guztietan, inbertsioak eta plantillak indartzeko eskatuz, trenak kentzea saihesteko.

Arenazak adierazi du «Meatzaldeko abandonu-egoera hori ez dela soilik garraio publikoan edo Osakidetzan gertatzen, EAJk aspaldi bihurtu baitu gure eskualdea atzeko patio, inbertsiorik gabe». Horrela, aldaketa beharra azpimarratu du. «Hona ekarri gaituen ereduaren aurrean (politika industrial eza, inbertsio falta, garraioaren utzikeria...), estrategia bat aldarrikatzen dugu: pertsonak erdigunean jarriko dituena, berdintasunaren politikak garatuko dituena, industria garatua ezarriko duena, gure ingurugiroa babestuko duena…», aldakarrikatu du.

Bere esanetan, «ez da erreza izango, baina ordezkatzen dugun gobernantza ereduarekin lortuko dugu: gobernantza demokratikoa, gardena, hurbila, kooperatiboa. Hori da gure aurkezpen txartela».