San Sebastian egunaren bezperan Donostiako Konstituzio plazan presoen aldeko pankarta bat jartzen saiatzeagatik 750 euroko isuna jaso dute Joseba eta Eñaut Alvarezek. Honekin batera, bide penaletik epaiketa bati aurre egiteko arriskua dute, Piztu plataformak eta kaltetuek jakitera eman duenez.
Hilaren 18an deklarazioa hartzera deitu dituzte epaitegira. Ondoren etorriko lirateke zigor eskaera eta epaiketa.
Donostiako Udala eta Udaltzaingoa izan dira prozedura ireki dutenak eta «desordena publikoak, erresistentzia eta lesioak leporatzen» dizkiete.
ISUNA ETA EPAIKETA, ZIGORRA!
— Joseba Alvarez (@JosebaAlvarez) May 3, 2023
Donostia Egunaren bezperan euskal preso politikoen alde pankarta jarri nahian Udaltzaingoarekin izandako talkarengatik, Eñaut semeari eta bioi 750€ isun bana jarri digute eta Maiatzaren 18an, 10:00etan epaitegira deitu.
Zabaldu berria. pic.twitter.com/hEEYHzfuei
Joseba Alvarezek NAIZi azaldu dionez, urtero bezala Konstituzio plazaren erdian pankarta bat paratzeko asmoa zuten, teilatutik teilatura eskegita. Aurten, ‘Etxera’ leloa eta ikurraren pankarta zen. Beste urte batzuetan, presoen aldeko aldarrikapenak edo Libre dinamikaren ikurra jarri izan dituzte, inolako arazorik gabe.
San Sebastian egunaren bezperan, 21.00ak aldera, pankarta jartzera joan zirenean, Udaltzaingoaren erreten batekin topo egin zuten eta pankarta ezin zela jarri esan zieten. Aitzakia zen dron batek telebistaren erretransmisioan lan egin behar zuela. Alvarezek pakartak dronari ez ziola trabarik egingo erantzun zien. Izan ere, teilatuen gainetik hegan egiten duen gailua dela nabarmendu zien.
Gauzak horrela, eztabaida hasi zen eta jende eta udaltzain gehiago hurbildu ziren. Alde batetik, hogei lagun bildu ziren eta udaltzainen partetik ere hogeiren bat inguru agertu ziren, hiru kotxerekin.
Sokatira modukoa
Alvarezek nabarmendu duenez, ez zen inolako erasorik ez kolperik izan. Sokatira moduko bat izan zen, pankartaren sokaren puntu batetik eta bestetik tiraka aritu baitziren. Udaltzain batek laban moduko bat atera zuen eta soka moztu zuen, eztabaidarekin amaituz, horren ondorioz pankarta jartzea ezinezkoa baitzen.
Egun batzuetara isuna eta epailearen aurrean deklaratzeko deia jaso zuten. Joseba Alvarezek nabarmentzen duenez, egun horretan udaltzainek ez zuten inor identifikatu.
«Donostia Mozal Hiria da», salatu du Joseba Alvarezek. Gogoratu duenez, Mozal Legea ezezik udal ordenantza batek adierazpen askatasuna mugatzen du.
San Sebastian eguneko bezperan jarri nahi zuten pankarta Euskal Herriko gehiengoak bat egiten duen aldarrikapena, presoen etxeratzearena, dela azaldu du Joseba Alvarezek. Zentsura politikoa izan zela salatu du eta Udaltzaingoa ez dela saltsa horietan sartu behar gaineratu.