NAIZ

Asier Ezeiza, espetxera berriz; manifestazioa egin dute Hernanin

Jada 12 urtez preso egon ostean, 19 urteko beste zigor bat betetzeko espetxean sartuko da Asier Ezeiza hernaniarra ostegun honetan. Hori salatzeko manifestazioa egin dute herrian.

Hernanin Ezeizaren espetxearatzearen kontra egindako manifestazioa.
Hernanin Ezeizaren espetxearatzearen kontra egindako manifestazioa. (SORTU HERNANI)

Asier Ezeiza ‘Xaxi’ hernaniarrak espetxera bueltatu beharko du ostegun gauean, Auzitegi Nazionalak jarritako 19 urteko kondena betetzeko. Jada 12 urtez espetxean egon ondoren, eta zenbait gorabehera judizial tarteko, heldu da neurri hau. Bere herrikideek 19.00etan mobilizazioa egin dute kartzelaratzea salatzeko, Hernaniko Gudarien Enparantzatik abiatuta.

Polizia frantsesak atxilotu zuen Ezeiza 2008an, ETA kide izateagatik, eta Fresnesen, Tarasconen eta Mont de Marsanen bete zuen kondena, epaitua izateko Espainiaratua izan aurretik.

Estatu espainolean bi auzi abiaturik zeuden Ezeizaren kontra, baina horietariko lehenean errugabe atera ondoren aske utzi zuten, 2020. urteko maiatzean gertatu zen hau, pandemiak gogorren jotzen zuen garaian.

Benidormen eta Alacanten zeuden hotelen aurkako erasoetan parte hartzea egozten zitzaion auzi horretan. Hilabete batzuk beranduago, ordea, Entzutegi Gorenak baliogabetu egin zuen Auzitegi Nazionalak emandako errugabetasun epaia.

Aurtengo urtarrilean, gainera, 19 urteko kartzela zigorra ezarri zitzaion beste auzian. Juan Priede PSEko zinegotziaren hilketan parte hartu zuten ETAkideei laguntza eman izana leporatu zitzaion Asier Ezeizari. Hau da orain betearaziko dioten kondena. 

Sortuk aterabide politikoak eskatu ditu

Sortuk «kartzelak husteko eta gatazkari aterabide politiko eta demokratikoa aurkitzeko» konpromisoa berretsi du, Asier Ezeizari babesa eta elkartasuna adieraztearekin batera. Zentzu honetan, gogoratu du egunotan bete berri dira bost urte ETAk bere burua desegin zuenetik; baita, halaber, Arnagako Adierazpenetik ere. Ordea, «oraindik ere Espainiako Estatuak mendeku politika erabiltzen jarraitzen du, gatazka politikoa konpontzeko prestutasunik gabe».

Euskal Herriarentzat bake eta elkarbizitza demokratikoan oinarritutako agertoki berri bat lortzeko, Sortuk aldarrikatu du «preso politikoen auziari irtenbidea ematea» premiazkoa dela eta, horregatik, «ez du inolako zentzurik kartzelak betetzeko estrategiarekin jarraitzean».

Halaber, alderdi abertzaleak gogoratu du Ezeizaren kasua ez da bakarra, «gradu erregresioak eta auzi judizial berriak ere horren isla baitira». «Presoak dauden artean, gatazkaren oinarrian dagoen arazo politikoa konpontzea zailtzen da, irtenbide politiko eta demokratiko oro zapuztuz. Espainiako Estatuak ederki daki hori eta, presoak ez ezik, euskal jendartea ere gatibu du kartzelak husten ez diren bitartean», adierazi du.