NAIZ

Baiona eta Bokale lotzen dituen Txalupa itsasontziaren zerbitzua, bertan behera

Txirringa elektrikoen mailegu zerbitzua martxan jarriko dela iragartzeko antolatu zuen agerraldia baliatu zuen Baionako Udalak Aturriren gaindi Lapurdiko hiriburua eta Bokale lotzen dituen Txalupa itsasontziaren zerbitzua bertan behera utziko duela jakitera emateko.

Neguko atsedenaldiaren ondotik hilabete honetan zehar berriz ere zerbitzua eman behar zuen Txalupa lehorrean geldituko da.
Neguko atsedenaldiaren ondotik hilabete honetan zehar berriz ere zerbitzua eman behar zuen Txalupa lehorrean geldituko da. (Guillaume FAUVEAU)

Urrun dira Txalupa zerbitzuaren garai oparoak. 2021. urtean, 82.000 bidaiarik erabili zuten Aturri ibaiaren gaindi Lapurdiko hiriburua eta Bokale 25 minutuz lotzen dituen itsasontzia, hau da, 2020an baino %30 gehiago.

Izan ere, erabilpen maila ez da egonkorra urte osoan zehar. Horrendako, zerbitzua neguko hilabeteetan kentzeko erabakia hartu zen iazko martxoan. Finean, apiril-maiatzetik goiti hartzen duelako Txalupak bidaiari kopururik handiena.

Erabaki horrekin 300.000 euroan apalduko zela zerbitzuaren kostua aitortu zuten orduan erakundeek.

Alta, asteartean, maiatzaren 2an, txirringa elektrikoen mailegu zerbitzua martxan jarriko duela iragartzeko mugikortasunen sindikatuko ordezkiekin batera antolatu zuen agerraldia baliatu zuen Baionako alkateak Txalupa itsasontziaren zerbitzua bertan behera utziko duela jakitera emateko.

Ez da aski erabilia

«Espero genuen lan eta etxearen arteko ibilbideak egiteko balekoa zela zerbitzua baina, uda garaian jende pixka bat gehiago bada ere, oro har Txalupa ez da aski erabilia», azaldu zuen prentsaurrekoan Jean-Rene Etchegarayk, Mediabask hedabideak jaso duen informazioaren arabera.

Erabakiaren atzean Mugikortasunen Sindikatuak onartu behar izan dituen buxetaren murrizketak agertzen dira. Egiturak emandako datuen arabera inflazioak azkarki emendatu ditu hainbat zerbitzu emateko izenpetu zituen kontratuak. Oro har, aipaturiko kontratuak aurten %14 garestitu direla eta horrendako zortzi milioi gehiago ordaindu beharko dituela aitortu du sindikatuak.

Egoera horretan Txalupa zerbitzuaren bilana ez da jasangarria. 80.000 herritar inguruk baliatzen dute azkeneko datuen arabera urtean milioi bat euro kostatzen duen zerbitzua.

Horren ondorioz, neguko atsedenaldia atzean utzita ondoko asteotan berriz ere Aturri ibaiaren gaindi bere zeharkaldiari ekin behar zion Txalupa lehorrean geldituko da.

Baionako auzapezak hitza eman du heldu den urtean berriz aztertuko dutela garraiobide horren egoera. Erabakia penaturik hartu du, bere aldetik, Bokaleko auzapez den Gilles Lassabek.