NAIZ

Eusko Ikaskuntzak Kirmen Uribe idazlea saritu du, bere literatur ibilbideagatik

Kirmen Uribek eskuratu du Eusko Ikaskuntzak Laboral Kutxarekin batera ematen duen Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien curriculum nabarmenaren saria, nazioartean izan duen arrakasta handia txalotzeko asmoz.

Kirmen Uribek Eusko Ikaskuntzaren saria jaso du.
Kirmen Uribek Eusko Ikaskuntzaren saria jaso du. (EUSKO IKASKUNTZA)

Kirmen Uribe idazlea euskararen eta euskal kulturaren enbaxadore nagusietako bat dela adierazi du Eusko Ikaskuntzak Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien curriculum nabarmenaren saria ematerakoan. Izan ere, 1970ko belaunaldiko «erreferentea» dela azpimarratu du. Saria Laboral Kutxarekin batera ematen du erakundeak.

Epaimahaiak aipatu duenez, «gure hizkuntza, balioak eta bizimoduak gure mugetatik haratago zabaltzea lortzen duen diplomaziaren adierazgarri dira haren lana eta nortasuna. Eta umiltasunetik, naturaltasunetik eta sortzeko independentziatik abiatuta, idazlea gai da dimentsiorik intimoena eta kultura komunitate gisa munduaren aurrean dugun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialista uztartzeko».

Nabarmendu duenez, ondarroarraren lanak izaera «humanista eta irekia» du, eta bertan kontzientzia «globala eta etikoa» antzematen dira, «zentzu kritikoa eta ezberdinen arteko elkarrizketaren aldeko apustua». Gainera, epaimahaiak balioan jarri nahi izan du «geuretik» idazten duela eta bizikidetzaren eta berdintasunaren alde egiten duen lana ere azpimarratu du.

Uriberen lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Bere ospea Txina edo Japoniaraino iritsi da, eta plazaratu dituen eleberriak urteko onenen artean daude herrialde horietan. Unibertsitateko 500 bat ikasketek bere obraz hitz egiten dute. Beste genero batzuk ere landu ditu, hala nola poesia, saiakera, haur eta gazte literatura, musika baita arte plastikoak ere.

Gaur egun Estatu Batuetan bizi da. Irakasle aritzen da zenbait unibertsitatetan, errezitalak eskaintzen ditu eta nazioartean hedapena duten literatura aldizkarietan ematen ditu argitara bere lanak, besteak beste, ‘The New Yorker’ eta ‘The Paris Review’ aldizkarietan. Iowako unibertsitateak nazioarteko idazleentzat duen IWP (International Writing Program) programarako hautatu zuten 2017an, eta 2018an, berriz, New Yorkeko Liburutegi Publikoaren Cullman beka ospetsua eskuratu zuen.

Sari ugari jaso du, honako hauek, adibidez: Kritikaren Saria (2002an, 2009an eta 2016an), Espainiako Literatura Sari Nazionala (2009), 111 Akademiaren saria (2016), eta ‘Bitartean heldu eskutik’ poema-liburua finalista izan zen Estatu Batuetan argitaratutako poesia-itzulpen onenaren sarian, 2007an.

Gazte Saria, Beñat Garaiorentzat

Eusko Ikaskuntza – Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazlea Beñat Garaio Mendizabal arabarrarentzat izan da, ‘Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen’ ikerketa-proiektuari esker. Aurkeztutako ikerketa soziolinguistikoak Zeelanda Berrian euskara eta maori hizkuntza biziberritzeko prozesuen azterketa konparatiboa egitea ahalbidetuko du. Saria 6.000 eurorekin lagunduta dago.