NAIZ

Laurden bat behar du Warriorsek nagiak ateratzeko eta bi Los Angeles Lakers egurtzeko

NBAko egungo txapeldunek 127-100 irabazi dute Mendebaldeko Konferentziako Finalerdiei dagokien bigarren partida, Klay Thompsonen 30 puntuei esker. Anthony Davis ez da aurreneko partidan bezain fin aritu eta, hala, serie honetan garaipen bana dute talde biek.

Klay Thompsonek zortzi hiruko sartu ditu eta Lakersen gainetik pasa da.
Klay Thompsonek zortzi hiruko sartu ditu eta Lakersen gainetik pasa da. (Ezra SHAW | AFP PHOTO)

GOLDEN STATE WARRIORS 127 (1) - LOS ANGELES LAKERS 100 (1)

Batzuetan eskarmentuak talentuak adina edo gehiago balio du, eta horri esker daude Golden State Warriors, NBAko egungo txapelduna, eta Los Angeles Lakers Mendebaldeko Konferentziako Finalerdietan buruz buru. Aurreneko txandan Sacramento Kings (3-4) eta Memphis Grizzlies (2-4) atzean laga zituzten, hurrenez hurren, eta orain, txapeldunen handien arteko talka polita erakusten ari dira serie honetako aurreneko bi norgehiagoketan ikusi denez.

Dela Sacramento atzean lagatzeko pilaturiko nekea, dela LeBron James eta batez ere Anthony Davisek egindako norgehiagoka puska, aurreneko partida Lakersek eraman zuen San Franziskon 112-117 irabazita. Alabaina, bigarren partidan odolkiak ordainetan eman dizkio Golden State Warriorsek: 127-100, eta ondorioz, hurrengo partida biak Los Angelesen jokatuko direlarik, garaipen banarekin daude lehiakide biak.

Azkenerako alde handia hartu badu ere San Franziskoko taldeak, aurreneko laurdenean majo kosta zaio nagiak ateratzea. Egia da, halaber, aurreneko hamabi minutu horietan LeBron Jamesen 14 puntu sartu dituela –partida amaieran 23rekin geratzeko– eta hala, ez da harritzekoa Lakers 26-33 aurreratu izana aurreneko minutu horietan.

Baina hurrengo bi laurdenak beste kontu bat izan dira. Hasteko, Warriorsek bere “Splash Brothers” beteranoen magia berreskuratu du beste behin: 30 puntu Klay Thompsonentzat –11 hiruko bota eta 8 sartu ditu– eta beste 20 –eta 12 asistentzia– Stephen Curryrentzat. Zaila da Warriorsen izarrak maila horretan daudenean garaile ateratzea, are zailago San Franziskon.

Horrez gain, Warriorsen beste lau jokalarik 10 puntu edo gehiago sartu dituzte: Wiggins, JaMychal Green, Moses Moody eta 11 puntu, 11 errebote eta 9 asistentzia pilatu dituen Draymond Green –jokatzeari ekiten dionean eta joko zikina bazter uzten duenean, jokalari aparta dela erakutsi du beste behin–. Hala, Steve Kerrek zuzentzen dituen gizonak aurretik jarri dira atsedenaldirako: 67-56, orotara 41-23ko partziala erdietsi ostean. Baina hirugarren laurdeneko partziala oraindik era ikusgarriagoa izan da: 43-24. Azken laurdenaren atarira 110-80 iritsi ostean, partidak ez du esateko gehiagorik izan. Noski, 42 hiruko bota eta 21 asmatuz gero, eta aurkariak 34tik 10 baino ez, ez ohi da kolorerik izan.

Ordea, ezin zaio Warriorsen erasoari bakarrik begiratu, defentsan ere oso zorrotz aritu baita NBAko egungo txapelduna, bereziki Anthony Davisekin. Lakersen pibot garrantzitsuena ezin izan zuen Warriorsek geratu aurreneko deman eta 30 punturekin, berak hautsi zuen partida. Bigarren neurketa honetan, berriz, 11 puntu baino ez ditu sartu eta orotara 11 bider baino ez du saskira bota. Warriorsen defentsak ez dio arnasarik hartzen ere laga eta, ondorioz, galdutako baloiak ez ezik, lagunei ezinbestean eman behar izan dizkien paseak ere hala moduzkoak izan dira. Egia de LeBron Jamesen 23 puntuez gain Rui Hachimura japoniarrak 21 puntu sartu dituela, baina gutxitxo aukeran behin nagiak atera ostean bikain aritu den talde baten aurka.

Milwaukee entrenatzaile bila

Duela gutxi Toronto Raptorsek Nick Nurse entrenatzailea kalera bota du 2019an NBAko eraztuna irabazi eta gero. Orain Milwaukee Bucks taldeak beste horrenbeste egin du Mike Budenholzer prestatzailearekin. 2021ean Milwaukeek bere historiako bigarren eraztuna irabazi zuen –aurrenekoa 1971an irabazi zuen, Oscar Robertson handia eta Lew Alcindor, gero Kareem Abdul-Jabbar izena hartu zuen jokalaria, buru zituela–, baina play-off hauetan aurreneko txandan Miami Heaten aurka 1-4 galdu ostean –Ekialdeko Konferentziako balantzerik onena pilatu ez ezik, NBA guztiko onena pilatu du Fase Erregularrean, 58-24–, frankiziak Budenholzerrekikoak egitea erabaki du.

«Mikek kultura garaile bat ekarri zuen gugana eta 50 urteren ondotik txapelketa bat irabaztera gidatu gintuen. Asko zor diogu, baina gure bidearen fokua berriro ezartzeko unea da, datorren denboraldian indarberrituta lanari ekiteko», esan dute Milwaukeeko buruzagiek Mike Budenholzerri esker ona eta kaleko atea erakusteko orduan.

Ez omen dago porrotik kirolean, «arrakastara bidean eman beharreko urratsak» baino, Giannis Antetokounmpo Milwaukee Bucks taldeko hegaleko eta izarraren hitzetan. Greziarrari arrazoirik kenduko dionik ez dago, berak ongi asko baitaki arrakasta nola erdietsi zuen 2021ean, baina itxura denez, arrakastara itzultzeko pausoak beste entrenatzaile baten eskutik ematen jarraitu beharko dute hemendik aurrera.