Wagner Taldeko buru Yevgueni Prigozhinek mehatxu egin du datorren asteazkenean, maiatzak 10, bere unitateak erretiratuko dituela Ukrainako Bajmut hiritik, Donetsk-eko ekialdeko eskualdetik, munizio faltagatik eta baja kopuru handiagatik.
Bere Telegram kontuan argitaratutako bideo batean, «Wagnerren borrokalarien eta komandantziaren izenean, 2023ko maiatzaren 10ean Bajmut hiriko posizioak Defentsa Ministerioko unitateei entregatzera eta, zauriak milikatzeko, gureak atzeguardian birkokatzera behartuta egongo garela» ohartarazi du Prigozhin Wagner mertzenario taldearen buruak.
Armadako «Estatu Nagusiko buru Valeri Gerasimovi, Defentsa ministro Sergei Shoiguri, komandanteburu Vladimir Putini eta Errusiako herriari» zuzendutako mezuan, «munizio faltarekin, mertzenarioak zentzurik gabeko heriotzara kondenatuta» daudela» deitoratu du.
«Begiraiezue ondo, kabroiok»
Prigozhinek, «Putinen chef-a» ezizenarekin ezagutzen den enpresariak, gogor jo du Shoiguren eta Gerasimoven kontra, mertzenarioen gorpu batzuk ondoan dituela.
«Begiraiezue ondo, kabroiok. Gaur hil dira eta odola gordina dago oraindik. Norbaiten aitak edo semeak ziren. Muniziorik igortzen ez diguten zerriek inpernuan gosalduko dute», opa die.
Duela aste batzuk ohartarazi zuen Wagnerreko buruak munizioak eskuratu ezean Bajmutetik alde egingo zutela eta horrek Errusiaren fronte guztia irauliko zuela aurreratu zuen.
202ko irailetik ari da Errusiako Armada, azken hilabetetan mertzenarioak, Donetsk probintzian, Donbassen, dagoen Bajmut hiria zena eskuratu nahian. Ukrainarrek mendebaldean dauden kilometro karratu pare bat baino ez dituzte kontrolatzen baina eusten ari dira.
Kremlinen, ezer esatekorik ez
Kremlinek uko egin dio Wagner Taldearen mehatxuari buruz hitz egiteari, baita Yevgeni Prigozhin taldeko buruak frontean muniziorik ez eskuratzeagatik egindako kritikei buruz ere.
«Jakina, hedabideetan ikusi dugu, baina ezin dut iruzkinik egin, operazio militar bereziari eragiten dion zerbait delako», aitzakia erabili du Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak ‘Izvestia’ egunkari errusiarrak jakinarazi duenez.