Larunbatean gauean dagoeneko jakina zen Osasunak ez zuela Kopa irabaziko. Halere, milaka zaletuen sostengua izan zuten bai Sevillan bai Iruñean. Andaluziako hiriburutik itzuli dira jokalariak eta harrera egin diete astelehen honetan Iruñeko Udaletxean eta Nafarroako Gobernuaren egoitzan. Gaur ere ehunka lagun bildu dira karriketan Osasuna animatzeko. Gazte asko, gorritxoen zaletuen artean harrobia bizirik dagoelaren seinale.
Arratsaldeko bostak laurden gutxi inguruan heldu dira jokalari gorritxoak Udal Plazara autobusez. Ordurako jende mordoa zegoen eta «Osasuna, oe, oe, oe» kantuarekin jaso dituzte.
Udaletxearen ballkoi nagusitik oraindik eskegita segitzen du Osasunaren aldeko kamiseta erraldoia. Alkateak eta zinegotziek harrera egin diete. Bitartean, «Osasuna nunca se rinde» eta «Osasuna ale ale» kantatzen itxoin dute ordu erdi baino gehiago, jokalariei agur egiteko asmoarekin. «Riau-Riau» eta guzti entzun ahal izan da. Sadarren edo sanferminetan egongo bagina bezala. Eta nola ez «Jagoba Arrasate ooo ooo!!!».
Osasunaren presidente Luis Sabalza, entrenatzaile Jagoba Arrasate, kirol zuzendari Braulio Vazquez eta David Garcia kapitaina atera dira Udaletxeko balkoi batera zaletuak agurtzeko.
«Kopa ez duzue ekarri, baina harro gara. Izugarrizkoa da kirol arloan lortu duzuena», bota du Enrique Maya Iruñeko alkateak.
Arrasate: «Osasunak ez du inoiz amore ematen»
«Kopa honek argi eta garbi erakusten du Osasuna zer den. Inoiz ez dugu amore ematen eta hori beti izango da horrela. Sevillan bizi izan genuena indar gehiago ematen dizkigu saiakera berri bat egiteko», adierazi du Arrasatek Udaletxean egin duten ekitaldian.
«Bost urte hauetan jaso dudan maitasuna eta sostengua Kopa irabazten itzuli nahi nuen», aitortu du Arrasatek
Kazetariei egindako adierazpenetan Sevillan izandako negar-zotinaz aritu izan da Arrasate. «Bost urte hauetan jaso dudan maitasuna eta sostengua Kopa irabazten itzuli nahi nuen. Ez zen posible izan eta hondoa jo nuen. Halere, egunero hobeak izateko lan egiten dugu», nabarmendu du.
«Ez dugu titulurik lortu, baina izugarrizko zalegoak ditugu, oilo ipurdia eragiteko», laburbildu du Kike Barja noaindarrak egun hauetan bizitakoari buruz.
Udaletxetik autobusa hartu eta Nafarroako Gobernuaren jauregirako bidea egin dute jokalariek. Hemen ere ehunka zaletu zituzten zain txalo zaparrada batekin egindakoa eskertzeko.
«Inoiz baino gehiago gaur Osasuna Nafarroa da. Eskerrik asko erkidego guztiaren ilusia bideratzeagatik eta eskerrik asko osasunzale guztioi erakutsi duzuen pasioarengatik. Egin duzuen lanarengatik harro gaude», adierazi die Maria Chivite lehendakariak.
«Jendetza pozik ikustea kapitain bezala izan dezakedan pozarik handiena da», nabarmendu David Garciak.
Braulio Vazquez, hunkituta
Hunkitua azaldu da ere Braulio Vazquez kirol zuzendaria ere. Negarrari eusteko ahaleginak egin behar izan ditu. «Talde honetan lan egiteagatik harro nago. Ezin dut besterik esan», esan du.
Ekitaldia amaitu ondoren, Osasunaren ordezkaritza balkoira atera da Nafarroako Jauregian ere, Chiviterekin batera Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde lagun izan dutelarik. Balkoira atera bezain laister Jagoba Arrasateren aldeko oihuak nagusi izan dira.
Aurtengo Koparenak egin du. Orain, erronka Liga ahalik eta hobekien amaitzea da, hurrengo denboraldian Europan jokatu ahal izateko. Izan ere, Sevillako bidaia Osasunaren historia da dagoenako, 2005ko Madrilgoa, 2007ko Bordelekoa eta 2000. urteko Xixongoa bezala.
Osasunaren ibilidean oraindik urrats ugari daude emateko. Eta zaletuen sostenguarekin hurrengoan txapeldun bezala egingo diete harrera Iruñean. Zalantzarik gabe.