Wilma Montesi, Italia astindu zuen lehen «bunga bunga»
1953ko apirilean Wilma Montesiren heriotzak sekulako sexu eskandalua leherrarazi zuen Italian. Agertoki politikoan nagusi ziren liderrak desagertu egin ziren eta jendartea ere aldarazi zuen gertatutakoak. Baina azkenean biktima bakarra hilik gertatu zen Wilma Montesi izan zen.
Sexua, boterea, politika. Hiruki hori gaur egun oso ezaguna da. Eta Italian abiapuntu garbia du: azken urteotan Silvio Berlusconirekin lotutako “bunga bungak” albiste izan dira etengabe, baina gizartea astindu zuen lehenengo eskandalua duela 70 urte gertatu zen. Eta zoritxarreko protagonista bat izan zuen, bere gogoaren kontra, jakina: Wilma Montesi.
Baina, nor zen? Montesik 21 urte zituen eta familia arrunt bateko kidea zen: ama, aita, ahizpa eta neba bat zituen Erromako Coppedé auzoan; Tagliamento kalean, hain zuzen ere. Alde hori «liberty» estilokoa da, oso txukuna da gaur egun ere, klase ertaineko jendea biltzen du. Montesi familia horrelakoa zen, film neoerrealista batetik atera izan balitz bezala. Zinema gustukoa zuen eta mundu horretan sartzeko ahalegina ari zen egiten.
1953ko apirilaren 9an, arratsaldean, Wilmaren ama Mariak eta ahizpa Wandak zinemara joan nahi zuten, “La carrozza d'oro” filma ikustera, Anna Magnani handia protagonista zuena. Baina Wilmak etxean geratzea erabaki zuen, esan zuenez, «film hori ez zaidalako gustatzen». Agian bueltatxo bat ematera ateratzeko asmoa azaldu omen zuen, arratsaldeko bostak aldera. Ostegun Santua zen, egun lasaia Erroman.
Maria eta Wanda zinema-aretotik itzuli zirenean ez zuten etxean inor topatu. Gau partean alarma gorria piztu zen, egoera hori ezohikoa zelako, normalean Wilma garaiz etxeratzen zirenetakoa baitzen. Aita poliziarengana joan zen galdetzera, ostegun gau hartan bertan. Biharamunean, goiz-goizean, Erromatik 40 kilometrora hegoalderantz, Torvaianica itsasertzean, gosaltzen ari zen igeltsero batek zerbait arraroa ikusi zuen harearen gainean. Gerturatu zenean zur eta luz geratu zen: neska baten gorpua zen. Harginak poliziari deitu zion berehala, baina kontuan hartu behar da 1953. urtean komunikazioak ez zirela gaur egun bezain azkarrak eta erosoak, ezta gutxiagorik ere. Horrenbestez, larunbatean, egunkariei esker, ezagutu zuen Montesi familiak Wilma hilik zela.
«Iruzur Legea»
Italiako agertoki politikoan, 1953. urte hura oso gorabeheratsua izaten ari zen. Hauteskundeak izan behar ziren ekainean eta, 1948an bezala, Kristau Demokraziaren kontserbadoreak (KD) eta Alderdi Komunista aurrez aurre ziren. Talka politikoa zela-eta, hauteskunde legea bera aldatu zuen KD-k. “Legge truffa”, egunkariek “Iruzur Lege” gisa izendatu zuten araua, asmatu zuen. Hitz gutxitan, bozen %50 baino gehiago lortuko zuen koalizioak %65eko ordezkaritza eskuratuko zuen Legebiltzarrean.
Kristau Demokrazia itxuraz indar politiko nagusia zen eta, koalizioei esker, %50,1era iritsiko zela aurreikusten zuen. Baina egitasmoa okertu egin zitzaion, %50 baino gutxiago lortu zuelako. Alderdi Komunistak %22,6 eta Alderdi Sozialistak %12,7 eskuratu zuten. Hortaz, «iruzurra» ez zen indarrean sartu, baina KD-k beste behin botereari eutsi zion, Alcide De Gasperi lehen ministro jarrita.
Oso garrantzitsua zen De Gasperi garai hartan. Labur eta argi esateko, «Ameriketako Estatu Batuetako gizona» zen, Bigarren Mundu Gerraren ostean Marshall Plana ekartzeko eta Italia berreraikitzeko ezinbestekoa.
AEBek ez zituzten komunistak bertan nahi, ezta sozialistak ere. Kristau Demokrazia zen haren apustu sendoa. 1948ko hauteskundeetan irabazle atera zenean, bat-batean sekulako dirutza heldu zen Italiara AEBen aldetik, inbertsio gisa aurkeztua.
Bost urtetan zehar lehen ministro izan zen De Gasperi. Italia nabarmen aldatu zen epe horretan, «mirari ekonomikoa» delakoaren oinarriak jarrita. Oraindik ere nekazaritza gizartea zen gehienbat Italiakoa, baina industriari bultzada handia eman zitzaion.
Aldi berean Paolo Soddu irakasleak bere liburu batean «Demokrazia prekarioa» deitu zuena ezarri zuten: «Gobernuek Konstituzioa oztopo moduan ikusten zuten eta behin baino gehiagotan inoiz baztertuak izan ez ziren faxismoaren ohiturak erabili zituzten beren nagusitasuna sendotzeko».
Baliteke orduko gizartea zertxobait despistatua egotea; bat-batean dirua zegoen, lana ere bai, kontsumitzeko aukera... Gauza berriak ziren horiek. Boterearen barruko gela haietan gertatzen ari zenari ez zion erreparatu, behintzat. Gogoratu behar da, gainera, 1953. urtean katolizismoaren indarra oso handia zela Italian eta giro horretan arrantza erraz egiten zuela Kristau Demokraziak.
Horrenbestez jende guztia harrituta geratu zen Alcide De Gasperiren kolaboratzailerik estuenetako batek dimisioa eman zuenean. Gizon hura Attilio Piccioni zen, 1948tik 1953ra bitarte lehen ministro-ordea izana eta aldi berean Justizia arloko ministroa. 1953ko hauteskundeen ostean, Atzerri ministro edota lehen ministroaren kargua ere eskaini omen zioten. Baina Attilio jauna bat-batean agertokitik desagertu zen. Zergatik? Bere seme Pierok, antza, zerbait okerra egina zuelako. Wilma Montesirekin lotutako zerbait.
Capocotta
Baina, zerk lotu zitzakeen auzo batean bizi zen neska arrunt bat eta Kristau Demokraziaren ordezkari nagusietako baten semea?
Lehenik, nor zen Piero Piccioni? Attilioren semea musikaria zen, filmetako soinu-bandak egiten zituen, Ennio Morriconek bezala: jazz musikaria zen zehatzago eta bikotekide Alida Valli zuen, garai hartako zinema-izarrik argienetakoa.
Piero Piccionik lagun asko zituen; horietako batzuk, apur bat bitxiak. Esate baterako, Ugo Montagna, “Marchese di San Bartolomeo”, noble siziliarra. Montagna tipo harroputza zen. Zurrumurruen arabera, Claretta Petacci, Benito Mussoliniren azken neska-laguna (Ducerekin batera erail dutena), gizon ilun honen bikotekidea izana zen, eta Mussolini bera jipoitu zuen Montagnak.
Agian, Piccioni junior zertxobait inozoa izan zen eskrupulurik gabeko Ugo Montagnaren adiskide bilakatzeko orduan. Siziliarrak sekulako etxea zuen Erromako itsasertzean. Non? Wilma Montesiren gorpua topatu zuten hondartzaren parean, hain zuzen ere, Capocotta aldean. Nahiko urrutiratua zela baliatuz, bere etxean ikaragarrizko jaiak antolatzen zituen Montagnak bere lagunentzat eta, esaten zutenez, bertara dozenaka emakume gazte ekartzen zituen. Drogak eta alkohola ere ongi etorriak ziren.
Horietako batean egon zen Wilma Montesi? Eta beste galdera bat: nola iritsi zen Erromatik Capocottara? Hasieran Wanda Montesik ikerlariei aipatu zien bere ahizpak oinetan arazo batzuk zituela eta noizean behin zaintzeko tratamendu gisa itsasertzean paseatzera joaten zela, oinutsik. Zehatzago, Wilma Ostiara, Erromako itsas portura, joaten zen sarritan. «Agian ondoeza izan du, konortea galdu eta ito egin da...»
Berehala amaitutzat jo zuten ikerketa, errudunik gabe, baina galdera sorta bat erantzun gabe utzita. Nola heldu zen neskaren gorpua kostalde horretara? Nolatan zuen oraindik esmaltea azkazaletan? Torvaianica eta Capocotta Ostiatik 20 kilometrora zeuden. Beraz, nola egin zuen neskak hain urruti agertzeko? Igeri egin zuen akaso? Baina ez zirudien gorpuak itsasoan egun oso bat eman zuenik; Wilmaren gorpuak arropa osoa (galtzerdiak izan ezik) eta azazkal-esmaltea zituen oraindik.
«Beltxarga beltza»
Lehen ikerketa bukatu eta gero etorriziren ustekabeak. Hedabide nagusiak zurrumurruak biltzen hasi ziren, baina ezer argitaratu gabe, norbait «ofizialaren» beldur-edo. Egunkari eta aldizkari “piratek”, ordea, informazio batzuk zabaldu zituzten, ironia erabiliz, esan gabe bezala... Esaterako, uso bat galtzerdi bat eramaten agertu zen agerkari horietan. Usoa «piccione» da italieraz; Piero eta Attilio bezala, alegia.
Lekukotasun erabakigarriak etorri ziren ondoren. Esaterako, Anna Maria Moneta Cagliorena, haren lepo luzeagatik “Beltxarga beltza” deitu zutena.
Emakume hori Ugo Montagnaren maitalea izan zen eta Erromara etorria zen zinemaren munduan trebatzeko asmoz, hamarkada hartan Cinecittà modan zegoen eta: AEBetatik hamaika produkzio-etxe Italiako hiriburura gerturatzen ziren filmak grabatzera. 1953. urte hartan, adibidez, “Erromatar oporraldia” pantailaratu zen, Audrey Hepburn protagonista zuena.
Anna Maria Moneta Cagliok Wilma Montesi ezagutu zuen, hori ere zinemaren giroan zebilelako. “Beltxarga beltzak” datu hau baieztatu zien ikerlariei: bera eta Wilma Ugo Montagnaren etxeko jaietan egonak zirela, baina apirilaren 9an, Capocottan, Montesik droga gehiegi hartu zuela, gaizki hasi zela sentitzen eta Piccionik han utzi zuela, hondartzan, konorterik gabe. Neskak harea eta ura arnastu zituen poliki-poliki, ito arte.
Epaiketak oihartzun handia izan zuen. Erroma jendez eta kazetariz beteta zegoen; denek Piero Piccioni, Ugo Montagna eta Anna Maria Moneta Caglio ikusi nahi zituzten. Gauzak horrela, segurtasuna bermatzeko argudioarekin, Veneziara lekualdatu zuten epaiketa. Han ere, film baten antzera izan zen dena. Testigantza gehiago agertu ziren, Alida Vallirena barne. Aktoreak ziurtatu zuen egun hartan bere bikotekide Piero Piccioni gaixorik zegoela eta berarekin geratu zela.
Epaiketa politikoki erabiltzeko asmoa ere nabaria zen, nola ez bada: Kristau Demokraziaren barruan Attilio Piccioni maite ez zutenek bere kontra jardun zuten. Belaunaldi gazteenetakoak ziren, batez ere Amintore Fanfani eta Giulio Andreotti, gerora sei eta zazpi aldiz lehen ministro izan zirenak. Amintore Fanfani Barne ministroa zen, Wilma Montesiren inguruko eskandalua piztu zenean, eta zalantzarik gabe, karguan lortutako lehen eskuko informazioa baliatu zuen.
Italiako gizarteari dagokionez, lehendabiziko aldiz sexu eskandalu bat ezagutu zuen, eta gertu-gertutik jarraitu ere. Gizarte «bigotta» zen ordukoa (oso kontserbadorea, katolikoa eta geldoa), honelako zerbait gerta zitekeela sinetsi ezinean zena. Ezkutuko zenbait errealitate ilunek jo zuten gizarte hura bete-betean -gaur egun “bunga bunga” izenarekin Italian eguneroko ogi bilakatu direnak, hain zuzen ere-.
Benetako biktima, azkenik, Wilma Montesi izan zen, bakarra, bera baino ez. Epaiketan ez zen ezer frogatutzat eman, ezta Montagnaren etxean horrelako festak egiten zirenik ere. Piccionik horietan parte hartu izana ere ez zen frogatu. Montesi ezagutzen zuela ere ez zen frogatu. Epairik gabe utzi zuten epaiketa.
Soinu bandak egitera itzuli zen gaztea, batzuk oso ezagunak oraindik ere; Alberto Sordiren filmarenak, adibidez. Bere aita, gobernutik dimisioa eman arren, ez zen guztiz desagertu, baina bazterrean utzi zuten alderdikideek.