«Gero eta isolatuago eta inkomunikatuago gaude eta gerraren erroetako bat izan daiteke»
Idazle eta zuzendari lanak egin ditu Mikel Ayllonek ‘Hau ez da gerra bat’ proiektuan. Bi urteko lanaren ondoren iritsi da ikusleei aurkezteko momentua. Gasteizko Principal Antzokian ikusiko du argia asteazken honetan Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Thusia konpainien elkarlanaren emaitzak.
Lei eta Zan-en arteko amodioa azkenetan dago. Den-denak huts egin du bien artean eta, gerra-zelaitik ihes egiten duten bitartean, iheserako zubi guztiak erretzeari ekin diote. Orduantxe, Magenta agertu da, piztu berri den gerrako frontetik datorren soldadu gupidagabea.
Minaren inguruan gordintasunez hitz egiten duen lana da. Gizakiok elkarri egiten diogun minaz, elkarri entzun eta ulertzeari uzten diogunean, dela harreman sentimental batean edo gerra batean.
Gerren inguruko kezka izan zuen abiapuntu Mikel Ayllonek (Laudio, 1980) idazketa prozesuan. «Herrialde aberatsok gero eta gehiago pobretzen ditugun herrialdeetan egiten ditugu gerrak, baina konfliktoak gure mugetatik gero eta gertuago daude. Egin beharreko hausnarketa iruditu zitzaidan. Gure jendartean gero eta gutxiago entzuten dugu elkar, gero eta gutxiago daukagu ondokoa ulertzeko nahia, gero eta isolatuago eta inkomunikatuago gaude; eta gerraren erroetako bat izan daiteke», kontatu dio NAIZi.
«Gerrarena oso hausnarketa handia eta sakona» izanik, egunerokoari lotutako gerra txiki bati lotu dio Ayllonek, bikote hausturari. Gerra handia eta gerra txikia. Bi lerroak hartu eta apurketa sentimental batean eta guda baten arteko paralelismoa eginez eraiki du obra, «nola gerra txikia sortzen den apurketa bat dagoenean».
«Seguraski denok identifikatuta sentituko garen gerra zelaitxo batera ekarri nahi izan dugu, apurketa sentimentalarena. Hortik hausnarketa handiago batzuetara salto egitea interesgarria iruditu zaigu. Gerra nahiz iruditu oso konplexua, horren atzean pertsonak daude, haien sentimenduak, jokabideak eta egiteko moduak daude», dio. Egunerokotasuneko gerra txikitik handiago baterako bidaia egingo du ikusleak.
90 minutuko poema ondu dute bi konpainiek eszenan. Oso eszenografia ikusgarria aurkituko du ikusleak agertokian. Bi alturatan kokatuta daude protagonistak. Ezlekuak. «Beheko kuboa Lei-rena da, biltegi modukoa, kartoiz betea. Bunker moduko zerbait. Horren gainean Zan pertsonaiaren kuboa dago, zuria, komunaren modukoa. Aldi berean hiltegia da. Kanpoan kafetegiaren terraza dago, bi aulkirekin. Magentaren trintxera eta gudu zelaia osatzen joango gara mahai eta aulkiekin», azaldu du.
Aiora Sedano, Irati Agirreazkuenaga eta Gabriel Ocina aktoreek antzezlaneko pertsonaia nagusiak gorpuztuko dituzte. Hiru pertsonaien komunikazio gaitasun eza irudikatuko du. «Elkarri hitz egiten diote baina dialogo faltsuak dira, ez diote elkarri ulertzen, ez diote elkarri erantzuten. Hiru monologo dira kasik, elkar lotuta doazenak. Bakoitza bere espazioan sartuta dago, ez du bestea ikusten», azaldu du Ayllonek. Egungo jendartearen metafora: «Hitz egin egiten dugu baina ondokoa entzun eta ulertu barik».
Transmedia
Bi konpainiak ez dira ohiko antzezlanarekin konformatu. Transmedia artefaktu originala eraiki dute. Batetik, istorioak osatu eta pertsonaiak sakonago ezagutzeko asmoz ‘Bunker’ ikuskizuna eskaini zuten apirilaren 20an. Horrez gain, audiofikzioa –webgunean entzungai– sortu dute antzezlaneko giroan murgiltzeko aukera emanez.
Ez zuten kontatu nahi ekintza bakar batean amaitzen zen istorioa. «Unibertsoa hedatu nahi genuen eta aukera eman digu kontakizunari ikuspegi desberdinetatik begiratzeko eta pertsonaiak ezagutzeko. Saiakera egin genuen ikusleari esperientzia osoagoa eskaintzeko, errealitatearen zantzu handiagoak dituen fikzioa osatuz», adierazi du gidoilari eta zuzendariak.
«Askotan esaten da antzerkia krisian dagoela. Jendeari antzokira joateko beldurrak ditu –handiegia dela, ez duela ulertuko bertan kontatutakoa– eta horri buelta eman nahi genion ekintza txikiagoak planteatuz. Eta bertan ikusmina piztu gero hurbil dadin antzokira. Alde horretatik pozik gaude, ‘Bunker’ ikusi eta izan zen jakinmina piztu zitzaiola eta antzezlanera etorriko dela esan zigunik».
«Ikuslearen barruan zeozer mugitzea» dute helburu. Eta horretarako arte eszenikoek eskaintzen dizkien baliabide denak erabiltzeko apustua egin dute. Hitza, musika, gorputza, dantza eta isiltasuna. Hizkuntza denek dute kabida. «Saiatu gara lengoia bakoitza neurrian erabiltzen eta bakoitzarekin zerbait kontatzen».
Musikak paper berezia jokatzen du. «Igor Arzuagak propio sortu du piano konposizioa eta pisu handia du. Musikak gidatzen du pieza osoa eta horren gainean hitzak, dantzak eta jakina, isilune momentuak doaz. Bide desberdinak erabil ditugu ikuslearen arreta piztuta mantenduko dutenak». Obraren soinu-banda jasotzen duen biniloa ere publikatu dute eta antzezlana egiten den lekuetan eskuratu ahal izango da.
Indarrak batuz
Proiektuak eskatzen zien ahalegina ez zen nolanahikoa. Hori ikusita, beste antzerki talde arabar batengana jo zuten Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideek. «Obra handia egiteko testua zen, ahalegin handia eskatzen zuen eszenografiari eta beste hainbat alorrei dagokienez, eta Thusia konpainiako kideekin elkartu ginen. Justu Gasteizko Antzokien sareak laguntza atera zuen Arabako taldeen artean antzezlan handi bat egiteko. Aurkeztu genuen proiektua eta laguntza lortu. Ez zen nahikoa, Eusko Jaurlaritzari ere aurkeztu genion, beste laguntza lortu eta duela urtebete inguru dena martxan jarri genuen. Aktoreak bilatu eta lantalde osoa zehaztu genuan. Argi diseinua berezia da, bideo proiekzioak… hori dena egiten eta taldera batu ziren kideen proposamenekin proiektua aberastuz joan ginen. Iazko neguan entseguekin hasi eta geruzaz geruza joan gara dena osatu arte», gogoratu du.
Lanak ez du mezu bakarrik. Anitzak dira. «‘Koldarrak bagara gerra ez da inoiz amaitzen’, dio Magentak bukaera aldera. Antzezlanean zehar jakingo dugu Lei eta Zan-en bikote haustura ez da lehenengoa hamar urtetan. Baina arazoei heldu gabe, ezer konpondu gabe jarraitzen dute. Eroso daude horrela. Koldarkeriak batzuetan heriotzatik salbatzen gaitu, ausardia gehiegizkokak beharbada hiltzea eramango gintuzke eta aldi berean koldarkerian jarraituz gero ez da ezer aldatuko. Ez dago mezu argirik, kontrajarriak dira. Pertsonak kontraesankorrak gara eta gure ideiak ere hala dira».
Gidoia eta zuzendaritzaren ardura biak hartzeaz galdetuta, zera esan du: «Orain arteko proiekturik handiena da. Ez da erraza. Izan ere, gauza ezberdinak gertatzen dira paperaren gainean eta eszena gainean. Batean funtzionatzen duenak bestean ez du beti funtzionatzen. Baina polita da bidea zuk gidatzea», aitortu du.
Buruan zuten muntaia eraikitzea ez zaie erraza gertatu. «Laguntza txikia izanik, baliabideak nahiko murritzak dira eta ideia nahiko anbiziotsua zen. Baina era berean taldean denek oso ondo ulertu dute planteamentua eta denak egon dira oso inplikatuta zailtasunei aurre egiteko», esanez amaitu du.