Iraitz Mateo

‘Irati’ zinematik berriro ere komikira itzuli da

Duela ia 30 urte abiatu ziren Juan Luis Landa eta Joxean Muñoz Iratiren munduan murgildu eta komikigintzan. Lau ale argitaratu zituzten urte ezberdinetan, eta orain, Erein argitaletxeak euskaratu eta berrargitaratu ditu album bakarra osatuz. Euskarazko eta gaztelerazko edizioak atera dituzte.

Urkijo, Razquin eta Landa prentsaurrekoan.
Urkijo, Razquin eta Landa prentsaurrekoan. (Gorka Rubio | FOKU)

Pantaila handian ezagutu dute askok ‘Irati’ Paul Urkijo zuzendariaren eskutik, baina aurrez Iratiren «unibertsoa» sortua zuten komiki formatuan, Jose Luis Landa eta Joxean Muñozek. Komikiaren albuma kaleratu du Erein argitaletxeak, eta asteazken goizean aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelenan. Ereingo editore Uxue Razquin, komikiaren gidoiaren egilea, Joxean Muñoz, eta filmaren zuzendari Paul Urkijo izan dira bertan. Jose Luis Landa komikiaren ilustratzaileak ezin izan du bertaratu, baina bideo bidez hartu du hitza.

Argi azaldu dute filmak kontatzen duen istorioa eta komikietakoa ez dela istorio bera, «Iratiren unibertso berari dagokion arren», aitortu dute. 1995ean argitaratu zuen lehen aldiz Iratiren lehen alea, ‘Autzaren esnatzea’, Juan Luis Landak. Ondoren, bigarren semea jaio, eta lan guztiari aurre egin ezinik, Joxean Muñozi eskatu zion gidoiak egiteko laguntza. Orduz geroztik, 1997an bigarrena, ‘Boldroren domina’, eta 2003an hirugarren alea, ‘Saiak’, argitaratu ziren; baina gazteleraz, frantsesez eta alemanieraz argitaratuak izan ziren, bakar bat ere ez euskaraz. Urte batzuk geroago Dani Fano marrazkilari eta ‘Xabiroi’ komiki aldizkariaren editoreak, Iratiren laugarren alea argitaratzea eskatu zien arte. Ale hori argitaratu zen euskaraz, eta orain berrargitaratu den albumean aurreko hirurak ere euskaraz jasotzen dira. Gaztelerazko bertsioa ere berrargitaratu dute, bertan lau aleak bildu dituzte.

Razquinek kontatu du Eneko gudari baskoi gaztearen eta Irati gazte basatiaren ezinezko maitasun harremana paperean jaio zela duela ia 30 urte, eta «Iratiren unibertsoak ez du etenik izan» adierazi du. Horregatik, berriro solte zeuden aleak elkartu eta album formatuan berrargitaratzea erabaki zuten, euskaratu gabeko aleak euskaratzeko baliatuz. Bideo bidez hartu du parte Landak, eta hunkituta agertu da atzean Pirinioetako basoak dituela, beraiek sortutako «espirituak» beste nolabaiteko bilakaera izan duela aipatzean.

Muñozek ere pozarren hartu zuen komikiak berrargiteratzearen albistea: «Guk lau ale idatzi genituen, baina seriea zabalik utzi genuen noizbait jarraitu ahal izateko; azkenean, bakoitzak bere bidea hartu zuen eta ez genuen jarraitu. Hor gelditu zen, Paul agertu arte, eta berriro abentura honetan sartu gintuen». Pozgarria iruditu zitzaion Iratik «bizirik» jarraitzea. Kontatu du Pirinioak, mitologia eta nafar erreinuak nahasten direla liburu guztian zehar, eta marrazkiei dagokienez, adierazi du «eboluzio nabarmena» sumatu daitekeela. Izan ere, denbora tarte handia igaro zen lehen argitalpenetik azkenekora; «Juan Luisen eta Iratiren muduak eboluzionatu egin zuen pixkanaka».

Urkijok kontatu du txikitatik oso komikizalea izan dela eta liburu denda batean aurkitu zuela lehen aldiz Irati: «Maitemindu egin nintzen», aitortu du. Beti izan omen du buruan euskal mitologiari lotutako film bat egitea, eta Iratiren munduak eskaintzen ziona interesatzen zitzaion, «dualismo hori», azaldu du: «Amodio istorioa bakoitzak nola bizi duen, gizakiaren eta naturaren arteko harremana, paganoaren eta kristautasunaren artekoa...». Agerraldian ohartu da berak gazteleraz irakurri zituela Iratiren istorioak: «Nik buruan nuen euskaraz irakurri nituela, eta ez zen hala izan, baina oroitzapen hori dut, horrek esan nahi du mamia eta bihotza euskaldunak zirela hasierako komikietan ere».

Pantailaren bidez ikusitakoa

Bi belaunaldi bereizi ditzake Iratik: komikian ezagutu eta filmean handitzen ikusi duena, edota filmean ikusi eta komikiaren orrietan arakatu duena, biak dira interesgarriak egileen arabera. «Amodio karta bat da komikia», Urkijoren iritziz. Eta kontatu du, komikian agertzen diren pertsonaia batzuk errepikatzen direla, baina beste modu batera, agian: «Euskal mitologiako pertsonaiak, jaso ditugun moduagatik, oso organikoak dira; izaki guztiek ipuin askotatik edaten dute». Pertsonaiak aldakorrak dira eta, istorioari dagokionez, aitortu du, berak, filmean «istorio itxia» egin duela, komikigileek irekita uzten duten arren liburuan.

Muñozen iritziz oso «aberasgarria» da Iratiren unibertsoa zinemara igarotzea, eta filmak ez kontatzea liburuaren istorio bera: «Euskal kulturan ez da oso maiz gertatzen, eta askoz aberasgarriagoa da bi gauza ezberdin izatea». Gaineratu du oso pozik dagoela beraiek egindako lanak «beste gauza batzuk sortzeko hazia» jarri zuelako, eta Urkijok bere modura eraman duelako pantailara: «Pozgarria da ikustea zuk hezi eta hazi duzun pertsonaia bat nola handitzen den». Zinemagileak ere esker bereziak eman dizkie horregatik, «batzuetan alaba horrela uzteak beldurra eman dezake, eta oso eskertuta nago egileek izandako konfiantzagatik».

Hasieran aipatutako Irati eta pirinioetako «espiritu eta mundu» horri lotuta, astearteko Donibane Lohizuneko filmaren emanaldian gertatutakoa kontatu du Urkijok: «Gizon bat hurbildu zitzaidan, Pirinio aldekoa, eta esan zidan beti sentitu izan dutela halako espiritu berezi bat bazegoela inguru horretan eta espiritu hori errepresentatuta sumatu duela pelikulan. Niretzat hori izugarria da, eta imajinatzen dut Landa ere Iratiren espiritu horren bila, eta nola harrapatuko zuen inguru horrek».