Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Aisialdiko jardueretan euskararen egoera monitorizatzeko tresna bat sortuko du Udaltopek

‘Bat, bi, hiru... Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz’ leloa du aurtengo Udaltopek. Izan ere, udaletako euskara zerbitzuen topaketak haurrek eskolaz kanpo euskara gehiago egitea bultzatu nahi du. Horretarako, jardueren hizkuntza egoera monitorizatzeko tresna bat sortzeari ekin dio, elkarlanean.

Iñaki Arruti Udaltop Batzordeko kidea eta Eider Gurrutxaga Emuneko teknikaria, beren hitzaldian.
Iñaki Arruti Udaltop Batzordeko kidea eta Eider Gurrutxaga Emuneko teknikaria, beren hitzaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Udaltopen hamabosgarren edizioan 250 lagun elkartu dira ostegun honetan, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kulturunean zein internet bidez. Udaletako euskara zerbitzuak biltzen ditu urteroko topaketa honek. Aldiro erronka bereziren bati heltzen diote eta oraingoa eskolaz kanpoko jardueretan euskarak zein toki duen jakiteko sistema bat sortzea dute.

Iñaki Arruti Udaltop Batzordeko kideak eta Eider Gurrutxaga Emuneko teknikariak zehaztu dutenez, 16 urtetik beherako haur eta gazteei eskainitako jarduerak aztertuko ditu tresnak. Prozesuaren hasieran daude, eta zirriborro bat ekarri dute topaketara, denen artean bigarren bertsio bat osatzeko. Hori lauzpabost udalerritan probatu, eta erreminta sortuko dute. Udazkenean udalerri guztien esku uztea da asmoa.

Tresna sinple, estandar eta malgua nahi dute, datu orokor batzuk eskuratzeko; adibidez, herrietan zenbat aisialdi talde eta begirale dauden, zenbat ordu ematen dituzten ikasleek jarduera horietan, zenbat hezitzaile diren gai euskaraz egiteko eta zenbatek egiten duten.

Udalerri bakoitza mundu bat dela jakinda, proposamen bat ekarri dute Lasarte-Oriara talde dinamiketan zalantzan jartzeko. Horretan aritu dira ostegun honetan, eta ostiralean emanen dituzte emaitzak.

Zornotzako proiektu pilotua

Kirola hagitz lotua dago euskararekin, bada zaintzeko esparru berezi bat. Zornotza, Amurrio eta Aretxabaletan proiektu pilotuak egiten ari dira, Lakuako Gobernuaren egitasmo baten barnean. Estitxu Alkorta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako kideak kontatu duenez, herri ezberdinetan aplikatzeko modukoa izan daitekeen eredua sortzea da xedea, haur eta gazteek kirolean euskara gehiago egiteko, elkarlana eta koordinazioa sustatuz, eragile ugari daudelako tartean: familia, eskola, kluba... eta, gidari, Udala.

Hiru ikasturte daramate egitasmo honekin. Zornotzan, 22 kirol elkarteekin hitzorduak banan-banan lotzea izan zen lehen urratsa. Ordubete inguruko elkarrizketan, diagnostikoa egin zuten. «Oro har, euskararekiko motibazio handia dago, talde bakarrak egiten du paso», zehaztu du Rafa Ugalde Udaleko teknikariak.

Hurrengo denboraldirako ekintza plana pasatu zieten, eta berriro bildu ziren banaka. «Proposamenak pasatu genizkien, egiteko errazak, oso lanpetuta dabiltzalako. Beren lana dute, askok umeak dituzte, eta borondatez hartu dute klubaren ardura».

Hala laburbil daitezke emaitzak: «Elkarte batek erabilera plana egin du, hiru elkartek dekalogoa osatu dute, eta gehienek ez dute ezer egin». Baina batzar bakoitzean sentsibilizatu dira. Konfiantza giroa sortu da. Lankide izan dira Euskaraldian.

Nabarmendu diren arazoen artean daude entrenatzaileak topatzeko zailtasunak, batez ere euskaldunak. «Badakigu badela formazioa duen jendea baina herrietako elkarteetara ez dira iristen. Aztertzekoa da zergatia». Instalazio falta, finantziazio arazoak, elkarteetan ardurak hartzeko errelebo falta eta kudeaketarako formazio falta ere ikusi dituzte.

Hemendik aurrera, denboraldi guztietan elkarteekin biltzen segitu nahi dute, zer behar duten ikusi eta laguntza emateko. Gainera, entrenatzaileentzako formazioa eskainiko dute.

Interesgarria iruditzen zaie elkarteetako kideen arteko harremanak sendotzea eta saretzea ere. «Ez daukate harreman handirik, eta maiatzean saio bat egingo dugu hainbat diziplina nahasiz. Bistaz ezagutzen dira eta harremana sortuko da», erran du Ugaldek.