NAIZ

Frantziar Justizia ministroa Baionako auzitegira helduko da bisitan ostiral honetan

Frantziar Justizia ministroa Baionara helduko da ostiral honetan. Ingurugiroari buruzko justizia zerbitzua izanen du aztergai bere bisitan Eric Dupond-Morettik. Era berean auzitegiaren zabalpen lanen abiatzeari begira lehenengo harria ezarriko du. Lapikoen protesta iragarri dute.

Eric Dupond-Moretti, Asanblea Nazionalean.
Eric Dupond-Moretti, Asanblea Nazionalean. (Geoffroy VAN DER HASSELT | AFP)

Frantziar Justizia ministroa, Eric Dupond-Moretti, Baionara helduko da ostiral goizean. Zehazki 08:30ak aldera espero dute Txekiar Legioa karrikan kokatzen den auzitegian. Bisitak helburu bi dituela azaldu du bisitaren berri emateko Pirinio Atlantikoen Prefeturak hedabideei igorritako oharrean. Lehenik eta behin, Dupond-Moretti ingurugiroari buruzko justizia zerbizuaren gainean mintzatuko da hainbat eragilerekin.

Jakin behar da Baionako auzitegia ingurugiroari eskainitako justizia poloaren egoitza bilakatuko dela. Bilera horren ondotik, Dupond-Morettik auzitegia zabaltzeko lanetan lehenengo harria ezarriko du. 10.30ean, kazetarien aurrean adierazpenak egin ondoren, amaitutzat emango du Emmanuel Macronen Gobernuaren ordezkariak bere bisita.

Erretreten erreformaren testuinguruan ez dira oso ohikoak izan ministroen bisitak Ipar Euskal Herrian. Aurrekaririk gertuena Aurrekonturako ministroaren bisita izan da. Iragan apirilaren 21ean heldu zen Gabriel Attal Ipar Euskal Herria. Ministroaren bisitaren xehetsunak ez ziren, ordea, aldez aurretik jakinarazi. Hala eta guztiz ere, Attal ministroak Biriatun poliziak duen postura bertaratzeko asmoa zuela jakin zuten sindikatuek eta barraskiko operazioa egin zuten A63 autobidean.

Lapikoen protestak non-nahi

Behin Biriatura iritsita, protesta zaratatsua burutu zuten erretretaren aurkako erreforma salatzeko banderola zabaldu zuten sindikatuetako ordezkariek. Hala ere, ez Biriatun ez da horren ondotik Donibane Lohizuneko enpresa eremu batean egin zuen bisitan Attalek ez zituen aurrez aurre manifestariak izan.

Aldiz, Justizia ministroaren bisita iragarri bezain pronto honi «ongi etorria» egiteko deialdiak zabaldu dituzten hainbat eragilek sare sozialen bidez. Azken hilabetetan Macron eta bere Gobernuko ordezkariek behin eta berriro entzunbehar izan dituzte lapikoen hotsak.

Hala gertatu zitzaion Emmanuel Macron presidenteari, apirilaren 19an Alsazian, non txistuka hartu zuten ehunka manifestarik eta egoera errepikatu zen, biharamunean, Harault departamenduan, ikastetxe batera hurbildu zenean. Geroztik egoera ez da baretu. Kasik desplazamendu bakoitzean, dekretuaren bidez onartarazi zuten erreforma salatzen zituzten manifestariekin topo egin dute franziar agitnariek.

Egoera horretan hainbat ministrok beraien agendetan aurreikusita ziren bidaiak bertan behera utzi dituzte. Izan ere, hainbat hedabideek argotaratu dutenez, Macronek agindua eman die bere Gobernuko kideri bisita horiekin jarraitzeko, Gobernua ez dagoela gotorturik erakusteko.