Urtzi Urrutikoetxea

Murdoch, Fox, Trump, Carlson eta eskuineko liderren borroka

AEBetako eskuinaren bozgorailu handiena da Fox telebista katea, milioika etxetara iristen da egunero. Azken asteotan mugimendu ugari izan dira hedabide horretan: Tucker Carlson, bere aurkezle famatuena, berriki kaleratu dute. Donald Trumpen jarraitzaileek ere errezeloz ikusi dituzte aldaketak.

Marjorie Taylor Greene kongresukide errepublikanoa, Tucker Carlson Fox News-eko aurkezle ohia eta Donald Trump presidente ohia.
Marjorie Taylor Greene kongresukide errepublikanoa, Tucker Carlson Fox News-eko aurkezle ohia eta Donald Trump presidente ohia. (Rich GRAESSLE | ZUMA PRESS | CONTACTOPHOTO)

Tucker Carlsonen eragina izugarria da, Alderdi Errepublikanoko buruzagiek ere beldur izaterainokoa. Trumpismorik makiavelikoenaren gezur, erdi-gezur eta konspirazio-teoriak izan arren, erabateko astinduak izaten dira Carlsonen iruzkin edo kritika zorrotzak. Baita Donald Trumpentzat berarentzat ere.

Aurkezle hutsa baino, botere handia lortu duen pertsonaia deserosoa da Carlson. Donald Trumpen arrakastaren zutabeetako bat Fox katea izan den arren, luzaroan ez zuten serio hartu, 2016ko primarioetan (azken hilotan ere Trumpengandik urrundu, eta demokratei irabazteko beste hautagai bat behar duten errepublikanoengana hurbildu da telebista-katea).

Carlson, baina, ohartua zen clickbait-en garaiotan eskuin muturreko sektoreekin konektatzen zuen mezua zerabilela: migrazioa eta beltzek zurien aurka egindako delituak. Tartea egin zion Trump hautagaiari, eta Trump presidentearekin telebistako izar bihurtu zen.

«Baina ez zen Trumpen aldeko programa soil bat. Carlsonek gauero ideologia populista-nazionalista zabaltzen zuen; Trump gabeko trumpismotzat jo daitekeena», dio Carlsoni buruzko liburu bat idazten ari den Jason Zengerle ‘The New York Times’-eko kazetariak.

Presidente ohiari ahots nagusia kendu ostean (Etxe Zuria galdu, Twitterretik kanporatu), Estatu Batuetako eskuin xenofobo eta konspiraziozalearen ahots garrantzitsuena bihurtu zen.

«Aurkezle bat baino, mugimendu bateko liderra zen, Alderdi Errepublikanoa bere ikuspegira makurrarazteko lanean», dio Zengerlek. 2024ko presidentegai errepublikanoa Trump edo beste norbait izan, Carlsonek eragin handia izango du, zalantzarik gabe.

«Tucker Carlson jaunak presidenteak baino iritzi estremistagoak zituen maiz», dio Zengerlek, gogora ekarriz ‘The Daily Stormer’ blog neonaziak txalotu zuela: «Beste hizkera batekin, gure hizpide guztiei leku egiten ari da».

Eskuin osoa Trumpen ukabilean harrapatuta zegoen bitartean, Carlsonek askatasunez kritikatzen zuen presidentea, eskuinetik aurreratuz: «Trump Carlson bezain urrun joateko prest ez zegoenean, Carlson ez zen beldur Trumpi errieta egiteko. 2020ko udan, George Floyden hilketaren harira, Trumpen aurka jo zuen Black Lives Matter-eko manifestarien aurka gogorrago ez oldartzeagatik».

Difamazioa

Horrelako boterea lortuta, Carlsonen kaleratzearen bat-bateko iragarpena erabateko ustekabea izan da, baina Fox katea protagonista izan duen beste lurrikara mediatiko baten segidan iritsi da.

Dominion boto-makina enpresak salatutako difamazio demanda bat konpontzeko, Fox News-ek epaiketa saihesteko akordioa lortu eta 787 milioi dolar ordaindu zituen. Salaketa 2020ko hauteskundeei dagokie: Fox Newsek, eta Tucker Carlsonek zehazki, beste zenbait aurkezle eta gonbidaturekin batera, boto-makinetan iruzurra egon zela esan zuten eta hori gezurtatzeko jo zuen Dominion konpainiak auzitara.

Ez zen bakarra izan: Smartmatic enpresaren aurka ere antzeko konspirazio-teoriak jaurti zituzten, eta konpainia horrek ere oraindik auzibidean salaketa jarrita dauka.

Dominion-en kasua ikertzean, alabaina, barne-komunikazioak ezagutarazi eta agerian geratu zen Foxeko aurkezleek bazekitela gezurretan ari zirela eta, hala ere, hari berari tiraka jarraitu zutela.

Epaiketa hastear zela –Foxeko zenbait aurkezlek lekuko gisa deklaratu behar zuten–, Dominionek eta Foxek akordioa lortu, telebista-kateak egindakoa aitortu (barkamenik eskatu gabe) eta auzia itxi egin zen.

Aste horretan ‘Carlson Tonight’ saioa ohi bezala egin zuen aurkezleak. Ostiral hartan, agurtzean «astelehenera arte» esan zien Tucker Carlsonek ikusleei. Baina astelehen horretan bertan Foxek kaleratu egin zuen. «Elkarrengandik bereiztea» adostu zutela zioen Foxen prentsa-oharrak.

Aditu guztiek adierazi dutenaren arabera, aurkezleak ez zuen arrastorik ere hori gertatuko zela; Fox eta beste ehunka hedabideren nagusi Rupert Murdoch-ekin bildu zela aste pare bat baino ez zen.

Carlsonek berak adierazpen bakarra egin du, kaleratzetik bi egunera argitaratutako minutu eta erdiko bideoan, baina ez zuen aipamenik egin kaleratzeaz; «elitearen kontsentsua» aipatu zuen, eta laster beste proiektu batean egongo dela iradoki zuen: «Non aurki daitezke oraindik estatubatuarrak egiazko gauzak esaten? Ez daude leku asko, baina badira batzuk».

Gero eta gehiagok espero dute Carlsonek aurki iragartzea eskuin muturreko beste hedabideren batean saioren bat izango duela.

«Balio zuena baino handiagoa zen sortzen zuen arazoa Murdochentzat», idatzi zuten ‘The Washington Post’-en Sarah Ellisonek eta Jeremy Barrek. Horren hitzetan, Carlsonek Ukrainako gerran hartutako jarrerari esker Errusiako hedabide gerrazaleenen miresmena zeukan –RTk lana eskaintzen ziola ere iradoki zuen–, eta Murdochengandik gertu dauden Alderdi Errepublikanoko belatz ugari amorrarazten zituen horrek.

Horri lotuz gero Dominionen auzian ezagututako barne-adierazpenak, Carlsoni agur esateko ordua iritsi zela ondorioztatu zuten Foxeko bulegoetan.

‘The New York Times’-ek beste arrazoi baten berri eman zuen asteartean: trumpzaleak antifaxista bat jipoitzen ikusteak ematen zion poza adierazi zuen SMS batean, «zuriak ez dira horrela borrokatzen» esaldiarekin batera. Beste batzuk ez daude ados, azken urteotan antzeko esaldiak jaurti eta «Ordezkapen Handia» teoria neofaxista sarritan aipatu duela gogora ekarriz.

Ordezkoak

Fox korporazioa, telebista katea barne, AEBetako eskuinaren erreferente izateaz gain, batez ere, diru asko egiteko ondo olioztatutako tresna izan da. Jomuga zuten segmentuarekin konektatzen asmatzen zuten aurkezleekin, noski, baina batez ere telebista katea bera da sektore eskuindar horren bilgune nagusia. Orain, Tucker Carlsonek gidatzen zuen arratsaldeko zortzietako programak sekulako ikusle-ihesa izan du lehen egunetan.

Adituak ez datoz bat iragarpenean. ‘Politico’-n Jack Shafferek dio orain arteko gidoia errepikatuko dela: «Egia esan, ez du axola gehiegi zergatik joan den.

Ez du axola nork ordezkatuko duen Tucker Carlson prime timeko blokean. Fox News kateko talentua ez baita inoiz ‘izarra’ izan. Inor ez da ordezkaezina telebista-katean. Hala izateko diseinatuta dago».

Horraino bat dator Jason Zengerle ere: «Mende laurdenez baino gehiagoz, printzipio kardinal baten arabera funtzionatu du: kable bidezko telebistan inor ez da Fox News baino handiagoa».

Eta gogora dakar aurreko aurkezleei, arrakasta handia izanda ere, gertatu zitzaiena: «Glenn Beckek, Megyn Kellyk eta Bill O'Reillyk bortizki ikasi zuten ikasgaia: Fox utzi eta haien ospea eta eragina (are haien aberastasunak) lausotzen ikusi zituzten.

Garai batean kable bidezko albisteetako izen handienak zirenek gaur egun podcasten eta hirugarren mailako streaming plataformen basamortuan ematen dituzte egunak».

Roger Ailes-ek, 1996an Murdochekin batera Fox News katea sortu zuenak, diseinatu zuen eredua. Bost laguneko tertulia bat, mahai bueltan ezarritako ordenaren arabera, «neska eder eta azkarra, gizon zakarra (portuko langile itxurakoa), erdian gizon guapoa, aldamenean neska xalo eta umoretsua eta azkenik pailazo sasijakintsua».

Denak estereotipo baten arabera antolatuta eta erabat ordezkagarriak. «Pertsona-mota zarete, ez pertsonak.

Famatu egingo zarete, eta diru asko irabaziko duzue. Dirutza. Baina ez ahaztu inoiz: zuon bakoitzaren atzean zuek bezalako beste norbait daukat zuen lekua hartzeko prest. Ez izorratu».

Inor beharrezko ez izate horretan, Ailes bera ere ordezkagarri bihurtu eta 2016an dimititu egin zuen, bere aurkako sexu-jazarpen akusazioak irten zirenean.

Shafferrek aurreko horien patu bera iragarri dio Tuckerri. «Foxen beti daude demagogiaren artea ikasi duten ordezko bat edo bi, badakitenak ostutako hauteskundeez diharduten gezurtiei zerbitzatzen, nazionalista zuriak kilikatzen eta Vladimir Putinekin maitasuna urrunetik egiten».

Zengerlek, baina, bestela uste du: «Fox News-etik joan diren aurreko izarrak ez bezala, Carlson oraindik boterearen gailurrean zegoen. Kanporatu baino bi aste lehenago, Texasko gobernadore errepublikanoari oldartu zitzaion Black Lives Mater-eko manifestari bat hiltzeagatik kondenatutako gizon bati indultua eman ziezaion».

Izan ere, «Trumpek ez bezala, Carlsonek ideologia politiko koherente bat artikulatu zuen, edozein identitate kultural baino iraunkorragoa eta eraginkorragoa. Mundu kontserbadorean eta AEBetako politikan daukan eragin ilun eta neurrigabea ez da inolaz ere amaitu».