NAIZ

EH Bildu: Gorako joeraren langa altxatu, lokatzetara jaitsi gabe

Arnaldo Otegi, kanpaina hasierako ekitaldian.
Arnaldo Otegi, kanpaina hasierako ekitaldian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Kanpainaurre lokaztu batetik igarota iritsi zen EH Bildu, atzo, egiazko hauteskunde kanpainara. Iruñean egin zuen lehenengo ekitaldia, zarataren aurrean konponbideak aldarrikatzeko, iraganaren partez etorkizuna eta, eskuinaren ordez, EH Bildu, «Iruñea gobernatzeko alternatiba bakarra», «Nafarroa justu eta demokratikoa» egiteko bidea.

Hala nabarmendu zuten Laura Aznal lehendakarigaiak eta Joseba Asiron hiriburuko alkate gisa errepikatzeko asmoa duen hautagaiak. Haiekin izan zen Arnaldo Otegi, eta bertan, Nafarroan, eszenatoki politikoa inon baino irekiago dagoen lurraldean, ate guztiak itxi zizkien eskuindarrei: «Gure esku baldin badago, ez duzue erakunderik gobernatuko».

Koalizio abertzalea martxa bizkor eta bizi batean saiatuko da bozen bazkan puskarik handiena hartzen: 1.700 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu. Eta, inkesten arabera, azkenengo foru hauteskundeetako emaitzak hobetuko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –baita Iruñeko Legebiltzarrean ere–.

Eva Lopez de Arroyabe eta Iker Casanova emaitza ahal bezain onenen bila arituko dira; Maddalen Iriarte irabaztera doa. Gipuzkoan EAJrekin iragartzen den berdinketa teknikoak kanpaina baldintzatuko du, eta alderantziz: aurre egin bai, baina ezinbestean kooperazioaren aldeko mezuak zabaldu beharko ditu EH Bilduren hautagaiak, gobernatzea bada erronka. Antzeko egoeran da Rocio Vitero, Gasteizko alkatetzarako hautagaia.

Udaletan ere EH Bilduk badu zer borrokatu. Batetik, lehen indar munizipalista izaten jarraitzea, eta bestetik, giltzarri diren herrietako giltza eskuratzea. 10.000 biztanletik gorakoetan irabaztea izan daiteke erronka bat.