NAIZ

Torturengatik Concepcion Edok jarritako kereila atzera bota du epaileak

Polizia espainolaren komisarian 1973an jasandako torturak salatzeko Concepcion Edok paraturiko kereila atzera bota du Maria Teresa Reta epaileak Sanfermines 78 Gogoan taldeak jakitera eman duenez.

Iruñean 1973an izan zen Motor Iberica enpresako grebaren inguruan izandako mobilizazioa.
Iruñean 1973an izan zen Motor Iberica enpresako grebaren inguruan izandako mobilizazioa. (ATEAK IREKI)

Iruñeko Instrukzioko 1. epaitegiko Maria Teresa Retak atzera bota du jasan zituen torturak salatzeko Concepcion Edok paraturiko kereila, Sanfermines 78 Gogoan taldek jakitera eman duenez. Salaketa duela bi hilabete jarri zuen Ceaqua-ren (Argentinako Kereila sostengatzeko elkartea) bidez, 1973an Iruñeko Polizia espainolaren komisarian jaso zituen torturak argitzeko. 19 urte zituen garai horietan Edok.

«Polizia batzuek kolpatu zuten, burutik oinetaraino, bereziki sabel eta abdomenean. Horren ondorioz, umetokia eta maskuria desplazatu  zitzaizkion, orno batzuk mugitu eta lesio kronikoak izan ditu, orkatiletan nekropsia barne: osteonekrosia eta poliartrosia. Orobat,  irain laidogarri eta sexualak eragin zizkioten. Aurrekoaren ondorioz,  hilabete eman zuen ospitalean», gogoratu du Sanfermines 78 Gogoan taldeak.

Moto Iberica enpresaren greba indarrean zenean atxilotu zuten Edo eta FRAPeko kide izatea eta legez kanpoko propaganda egitea leporatu zioten.

«Preskribatua»

«Epaile andreak emandako autoa benetako astakeria da ikuspuntu  juridikotik, erabateko mespretxua adierazita kereilariak  pairatutakoarekin eta gaur duen egoerarekin, bizitza osorako lesioak  gelditu baitzaizkio. Astakeria diogu zeren eta, Concepcion Edo Gilek  aurkeztutako kereila zehatz eta oinarrituari emandako erantzunean (bi lerro, ez bertzerik) dagoen argudio juridiko bakarra baita salatutako  egiteak preskribatu direla, kereilaren xede diren egiteak duela 40 urte baino gehiago gertatu zirelako», gaineratu du.

«Modu horretan, magistratuak bazter uzten du gizateriaren aurkako  krimenen arloan indarrean dagoen nazioarteko araudia, zehazkiago, NBEren tortura eta bestelako tratu krudel, anker edo iraingarrien aurkako  Konbentzioan ezarritakoa, 1987az geroztik indarrean dagoena, eta delitu  horiek preskribaezintzat jotzen dituena. Ez hori bakarrik. Irudi du ez dela enteratu joan den urtean Memoria Demokratikoaren Legea onetsi eta  indarrean sartu zela, bere ebazpenean ez baitu inolako aipamenik egiten horretaz», nabarmendu du.

«Halaber, nabarmendu behar dugu ezen PSOEk baieztatu duen arren Memoria  Demokratikoaren Legearekin diktadura frankistan eta trantsizioan giza  eskubideen urraketa larriak jasan zituzten biktimen eta beren ahaideen  eskubideak aitortuak eta gauzatuak izaten ari direla, errealitatea ari zaigu erakusten baieztapen hori funsgabea dela neurri handi batean», gaineratu du Sanfermines 78 Gogoan taldeak, ebazpen honen kontrako helegitea paratuko dutela gaineratuz.