Abstentzioaren gurpil zoroa
Nafarroa salbuespena bada ere, abstentzioa gora doa Euskal Herrian azken urteetan, Europako herri askotan bezala. Adinak zerikusirik izan dezakeen arren, errenta desberdintasuna da gakoa.
Duela mende laurden baino gutxiago bozkatzen da, oro har, gaur egun. Ez da iritzi bat, salbuespen gutxi batzuk dituen errealitatea baizik, bai hemen, bai etxetik kanpo. Pandemiak baldintzatu zuen arren, Hego Euskal Herrian egin ziren azken hauteskundeetan, bozkatzeko eskubidea zutenen %50,8k baino ez zuen egin. EAEko biztanleen erdia ez zen hautetsontzietara hurbildu. Zerk aldentzen ditu? Nortzuk dira? Urrun jarraituko dute maiatzaren 28an?
Lehenik eta behin, komeni da galderei eta erronkari neurria hartzea. Ez da euskal fenomeno bat. Europa ia osoan errepikatzen dira antzeko serieak, bereziki kontinentearen mendebaldean. Salbuespen gutxi batzuk dauden arren -Belgika, Herbehereak eta Danimarka, adibidez-, joera nabarmena da. Estatu frantsesak ematen ditu datu larrienak. Izan ere, azken mende laurdenean, hauteskunde parlamentarioetako abstentzioa %32,1etik %52,5era mugitu da. Italia ez da atzean geratzen, abiapuntu hobea zuen arren: abstentzio tasa %17,1etik %36,3ra pasatu da, XX. mendeko azken hauteskundeak eta 2022koak alderatzen baditugu. Estatu espainiarra (%22,6tik %33,77ra) edo Portugal (%38,9tik, %47,8ra) ere fenomeno honen lekuko eta protagonista dira era berean.
Etxeko hauteskundeetan ere erraza da joera honen arrastoa topatzea. Ipar Euskal Herrian, adibidez, 2007ko Parisko Asanbladako hauteskundeetan, hiru euskal barrutietan %39,1ekoa izan zen abstentzioa. Hamabost urte geroago, iaz, %48,1era igo zen. Bidasoaren beste aldean, aipatu dugu dagoeneko 2020ko datua, Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeetakoa, baina ez dugu azpimarratu inoiz izandako abstentzio altuena izan zela hura. Aurreko marka 1984koa izan zen, eta orduan %40,3 ez zen bozkatzera joan. Hala ere, 2001eko erreferentzia hartuz gero, aldaketa ez da edonolakoa: bi hamarkadatan, abstentzioak ia 30 puntu egin du gora, orduko %21,5etik duela hiru urteko %49,2ra.
Baina kasu, hauteskundeen arabera abstentzioaren joera ere aldatzen delako. EAEtik atera gabe, 1999ko udal hauteskundeetako %35eko abstentzioaren eta 2019ko %34koaren artean ia alderik ez dago. Horrek lehenengo pista ematen du: abstentzioa mugikorra eta malgua da, joerak antzeman daitezke, baina ez dira deterministak. Finean, herritarrek ematen dioten garrantziaren araberakoa izan ohi da askotan parte-hartzea.
Politika elektoralean, gainera, ez dago salbuespenik gabeko araurik, ezta joerarik ere. Gure kasuan, Nafarroa da joera global honetatik aparte geratzen den herrialdea. Izan ere, azken bi hamarkadetan abstentzioa %30en bueltan mantendu da, egonkor.
Zergatik ez bozkatu?
Datuak ezagututa, bozkatzen ez dutenen arrazoiak bilatzea dagokigu. Lakuako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egiten dituen hauteskunde ondoko inkestetan, azken urteetan baino ez dute galdera hori modu generikoan egin; beraz, zaila da ondorio argirik ateratzea.
Hala ere, komeni da ideia bat gogoan izatea. 2020an bozkatu ez zuten askok (%20) adierazi zuten koronabirusa zela arrazoi nagusia, baina gehiagok aipatu zuten (%23) politikariekiko desengainua. Hamarretik batek, gainera, hausnarketarako balio beharko lukeen arrazoia eman zuen: «Botoa emateak ez du ezertarako balio».
Ideia horiei hauspoa eman die berriki Arantzazu Labek kaleratutako demokraziaren inguruko ikerketa baten lehen emaitzak. Egunean bertan NAIZen jasotako titularrak ematen du ildo horretan doan joeraren berri: EAEko biztanleen %64k uste du gutxi, edo ezer ez, parte har dezakeela bere lurraldeko bizitza politikoan. Itzuliko gara ideia horretara.
Soslai baten bila
Sentimendu hori aintzat hartuta, bozkatzen ez duten horiek nortzuk diren galdetzea dagokigu. Ez da batere erraza zehaztea. Suposatzen da hauteskunde ondoko inkesta horiek pistak eman beharko lituzketela, baina tentuz hartu behar dira Lakuako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen lanen emaitzak, abstentzioa gutxiesten dutelako eta ez dutelako informazioa banandurik eskaintzen.
Adibidez, 2020. urteko hauteskundeetan, esan bezala, abstentzioa ia %50era iritsi zen arren, inkestatuen %23 baino ez zen abstentzionista. 2016ko emaitzekin, antzeko: %40k ez zuen bozkatu, baina inkestan %16ra ere ez ziren iristen.
Datu horiekin arriskutsua da ondorio sakonegiak ateratzea. Hala ere, aipagarria da adinaren araberako analisia. Izan ere, uste zabalduaren kontra, inkesta hauek ez dute erakusten gazteak bereziki abstenitzen direnik.
Gizakerrek EiTB Focusentzat aurtengo hauteskundeen inguruan martxoan egindako inkestak ideia hori berretsi zuen, ñabarduraren batekin. Egia da bozkatuko ez dutenen batez besteko adina (49,4 urte) bozkatuko dutenena (55 urte) baino apur bat txikiagoa dela, baina aldea ez da askotan uste bezain eskandalagarria. Gazteek gutxiago bozkatzen dutela egia izan daiteke, baina gazteek ere bozkatzen dute.
EiTB Focusen kasuan datu bananduak kontsulta daitezkeenez, beste bektore interesgarriago bat antzemateko aukera sortzen da, soilik hauteskunde aurreko inkesta bat izan arren. Lan egoeraren araberako datuek ematen dute pista. Oro har, %14k esan zuen ez zuela bozkatuko. Langabeen artean, ordea, bozkatuko ez dutenen ehunekoa %23ra igotzen da, autonomoen artean %18koa da, eta ikasleen artean, %17koa. Aldiz, kontratupean lan egiten dutenen artean, abstentzioa %14ra murrizten da, eta pentsiodunen artean, %9ra.
Tartean faktore asko sartzen badira ere, egonkortasuna eta prekaritate maila faktore ezinbestekoak dira abstentzioa ulertzen hasteko.
Errentaren araberako demokrazia
Inkestek marrazten duten zirriborroa baieztatzen dute hauteskundeetako benetako emaitzek. Beti esan izan da pobreek gutxiago bozkatzen dutela, baina azken urteetan, sekzioka -eta mahaika- iristen diren datuei esker, oso erraza da jokaera elektorala errentaren arabera aztertzea. Amildegi bat dago auzo aberatsenen eta auzo pobreenen artean.
Adibideak. Bizkaian errenta altuena duten 20 sekzioak hartzen baditugu erreferentziatzat, 2020ko Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte-hartzea %58koa izan zela ikusten dugu, batez bestekotik ia hamar puntu gora. Errenta baxueneko 20 sekzioak hartuz gero, ordea, parte-hartzea %34ra erortzen da, batez bestekoa baino 16 puntu gutxiago, eta aberatsenak baino 24 gutxiago.
Joera errepikatzen da herrialde guztietan, eta hauteskunde guztietan. 2019ko ekaineko estatuko hauteskundeetako emaitzak aletuz gero, hau da emaitza: Iruñean, 28 puntuko parte-hartze ezberdintasuna dago Etxabakoitz eta Iturramako mahai elektoralen artean; Gasteizen, 25 puntuko aldea, Txagorritxu eta San Martin artean; Donostian, 20 puntuko zuloa Antiguako eta Intxaurrondoko zona batzuen artean, eta Bilbon, 39 puntuko amildegia ireki zen Otxarkoagako mahai baten eta Abandoko beste baten artean.
Baliteke gazteek zaharrek baino pixka bat gutxiago bozkatzea, baina eztabaidaezina da aberatsak pobreak baino askoz gehiago mobilizatzen direla hauteskunde egunetan.
Gurpil zoroa
Joera horrek etenik gabeko gurpil zoro bat elikatzen du, abstentzioaren inguruan ikerketa ugari egindako Braulio Gomez Deustuko Unibertsitateko irakaslearen arabera. Bozkatzen ez dutenez, alderdiek ez dituzte pobreenen eskaerak jasotzen, eta hortaz, haien beharrak ez dira erakundeetara iristen. Horrek, aldi berean, politikatik are gehiago aldentzen ditu pobreak, bozkatzeak ezertarako balio ez duela sinetsita.
Erronka ez da txikia, gizartearentzat eta, bereziki, alderdientzat, eta ez dirudi norabide onean gaudenik. Manuel Trujillorekin batera argitaratutako lan batean Gomezek adierazi bezala, abstentzio selektibo honen ondorioek kolokan jartzen baitituzte sistemaren ustezko oinarriak: «Sektore apalenen ahotsa sistematik kanpo geratzen bada, demokrazia bateko hauteskundeak ezaugarritzen duen gizartearen ordezkaritza apurtzen da».