Andoni Arabaolaza

Ainhize Belarrek historia egin du “Begi puntuan” bidean

17 urteko atxondarrak, Etxauriko Kale Borroka sektorean dagoen marra horren lehen igoera femeninoa egiteaz gain, 9a maila egiten Euskal Herriko zein gure ingurumariko neska goiztiarrena bihurtu da.

Ainhize Belarrek handia egin du. Eta Euskal Herriko kirol eskaladaren historian urrezko pasarte bat idatzi ere. Atxondarrak 17 urte besterik ez ditu, eta Etxaurin azpimarra berezia duen jarduna sinatu berri du. Duela pare bat hilabete aipatzen genuen bezala, xede oso erakargarria zein zaila esku artean zuen: “Begi puntuan”.

2006. urtean Ekaitz Maizek ekipatutako bide horrek 9a zailtasuna du, eta lasai asko aitor genezake Etxauriko zein sektore horretako marra ikonikoa dela. Bada, Belarrek, azkenean, “Begi puntuan” kateatzeko aukera izan du. Eta berriro diogu soilik 17 urterekin.

Horri esker, Euskal Herriko zein espainiar Estatuko zailtasun hori lortzen eskalatzaile goiztiarrena bihurtu da. Hori gutxi ez, eta “Begi puntuan”-eko lehen igoera femeninoa erdietsi du. Gogora dezagun, bizkaitarren aurretik zazpi euskal eskalatzaile gai izan zirela Etxauriko bide enblematiko hori igotzeko.

Arrakasta horri esker, Belarrek beste ohore femenino bat du: Josune Bereziartu historikoarekin batera bederatzigarren esferara sartu den bigarren euskal eskalatzailea da. Eta espainiar Estatua kontuan hartzen badugu laugarrena da; hots, Bereziartu, Mar Alvarez eta Ana Belen Aguadorekin bat egin du.

Prozesu zaila

Agian, batzuentzat ezustekoa izan daiteke eskalatzaile gazte honek lortu duena. Eta hori diogu Belarrek zuzen-zuenean 8c mailatik 9a zailtasunera egin duelako salto. Beste era batera esanda, 8c+ mailatik ez da igaro. Alabaina, Belarren “zakuan” zerrenda oso sendoa zegoen; izan ere, 8c mailako bost bide zituen. Guztiak ala guztiak Gaubean eta Margalefen sinatutakoak. Horietako lehena, “Gezurraren erresuma” (Gaubea), 14 urterekin kateatu zuen!

Bada, oinarri horrekin bizkaitarrak “Begi puntuan” sinatu du. Ez du prozesu erraza izan; gehituko genuke oso zaila izan dela. Batez ere bide horretan aurkitu dituen baldintzengatik. Egun batzuetan bero sarkorra; besteetan, berriz, hezetasun handia.

Horrez gain, beste buruhauste batzuk izan ditu: «Etxauriko marra horrek pausu luzeak ditu, eta tarte jakin batzuetan horiek alde batera utzi eta nire metodoak aurkitu eta indarrean jarri behar izan ditut. Azken pausu gogorrenean makina bat aldiz erori naiz. Prozesu guztia gogorra izan da oso, baina, era berean, gozatu dut. Egin ditudan 8c mailako bideekin alderatuta, “Begi puntuan” berez ez zen nire estilokoa. Baina entrenatzaileek kontrako iritzia zuten, eta asko animatu naute xede horri ekiteko».