Emaus: 42 urte ekonomia zirkularra egiten eta gizarteratzeko lanpostuak sortzen
Ehun hondakinen arazoa eta bigarren eskuko arroparen merkatuaren hazkundea pil-pilean dauden gaiak dira. Baina Emausek 42 urte darama ekonomia zirkularra bultzatzen, eta gainera gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonentzat enplegua sortzen du. Bi denda berri irekiko ditu Errenteria eta Hernanin.
Irungo Arretxe gainean kokatutako Emausen ekocenterra bisitatu dugu. Fundazio honek egiten duen ekonomia zirkularraren prozesu osoa ikus daiteke bertan, objektuak soberakin edo hondakin gisa iristen direnetik dendan saltzen diren arte. Jantzi, elektrogailu, altzari, jostailu, liburu... erabiltzen dugun zernahiren bizitza luzatzen dute, jada guretzat balioa galtzen duenean.
Marian Parga oihalen arloko arduraduna da, berrikuntzako teknikaria. Bi urte eta erdi baino ez darama Emausen eta bere pasioa deskubritu du. «Jendeak gehiago ezagutu behar gaitu. Ateak zabalik ditugu etorri nahi duenarentzat», egin du gonbidapena. Aitzindariak dira. Parisen jaio ziren duela 42 urte eta 44 herrialdetan daude. «Kanpoan erreferente gara, hemen ez», penatu da. Baina poliki-poliki aldatzen ari da hori. Dagoeneko «ez da pobreen kontua, jende kontzientziatuarena baizik».
Fundazioak kontzientziazioa bultzatzeko ere lan egiten du, ‘murriztu, berrerabili, birziklatu’ leloarekin.
%22 igo da bigarren eskuko arroparen salmenta
Datu bat: 2019tik hona %22 igo da bigarren eskuko arroparen salmenta Emaus Gipuzkoan. Faktore ugari aipatu ditu Pargak: covidaren pandemia, klima larrialdia, Ukrainako gerrak eta inflazioak ekarritako prezioen igoera...
Emaus irabazi asmorik gabeko fundazioa da eta enplegua sortzen du gizarte bazterkeria egoeran dauden lagunentzat. Horretan bereizten da negozioa egiten duten eta interneten ugaritzen ari diren bigarren eskuko dendetatik. Emaus Gipuzkoan 68 langile dira oraintxe, eta erdiak baino gehiago bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden pertsonak dira. Prozesuaren hiru zatietan hartzen dute parte: bilketan, sailkapenean eta dendan.
Bilketa eta sailkapena
Kamioiek deskargatzen duten tokian hasten da dena. Egunero bost tona oihal ailegatzen dira. 2022an, 1.300 tona oihal bildu zituzten orotara.
Arrasate, Tolosaldea eta Urola Kostako Mankomunitateak dira beren iturriak, baita emaileak ere. Adibidez, etxea hustu nahi duenak deitu, eta bisita bat egiten dute. Aurrekontua prestatu eta egun bat adosten dute gauzak bildu eta eramateko.
Enpresa eta saltokietako edukiontzietatik ere jasotzen dute materiala.
Kaioletan iristen zaizkie gauza guziak nahas-mahasean. Pisatu egiten dituzte, eta gero zinta garraiatzailean husten eta sailkatzen joaten dira: lehen mailakoak, bigarrenekoak, oinetakoak, bolumen handikoak...
«Bide osoa digitalizatzen dugu, oso garrantzitsua da hori zenbat birziklatzen dugun jakiteko, energia baloratzeko... Kontainerretan sentsoreak jartzen ari gara. Horrela, noiz betetzen diren ikusi eta orduan bidaltzen dugu kamioia».
Marta antzinako objektuetan aditua da, irakurzale amorratua. Sailkatze lanetan ari da. Sinatutako eskulturak, margolan onak, baxera osoak, XVIII. mendeko liburuak... Balioa izaten segitzen duten gauzak pasatzen dira bere eskuetatik.
Goiza sailkatzen ematen dute langileek eta bazkalondoren sekzioz aldatzen dira. Arropa tolestu, eta sailkatutako gauzak kutxetan sartzen dituzte internet bidez eskariak ailegatzen zaizkienean dendetara bidaltzeko.
Altzari zirkularrak dira Emausekoak, behar izanez gero margotu eta moldatu egiten dituztelako saltzeko. Pertsona bat arduratzen da horretaz eta lanpostu bat sortzen da horrela.
Bi denda berri
Prozesuaren azken urratsa denda da. Egindako lanaren emaitza kalitatez eta merke saltzen dute. Gehienbat jantziak eta etxeko gauzak eskuratzen ditu jendeak.
Bi denda dituzte Donostian (Garberakoa itxi egin dute), bat Arrasaten (elektrogailuetan espezializatua) eta bat Irunen. Bertze bi irekiko dituzte Errenterian eta Hernanin maiatza eta ekaina bitartean. Sei lanpostu sortuko dituzte, erdiak bazterketa egoeran dauden langileentzat.
Horretaz gain, armairu aldaketa jasangarria bultzatzeko ekintzak egiten ari dira denda sarean. Errate baterako, arropa batzuk pisura saltzen dituzte.
Berrikuntza eta garapena
Ingurugiroari mesede egiten dio fundazioak. Berrikuntza taldean hainbat proiektutan dabiltza. «Berrikuntza eta garapena egiten dugu tokiko eragileekin. Adibidez, haurren kotxeko aulkien materialarekin txakurrentzako arnesak egin ditugu. Merkatuko bakarrak dira isofix sistema dutenak».
Jostailuen plastiko birziklatuarekin txakurrentzako janlekuak egiten ere ari dira. Oihalak eraikuntzarako isolatzaile gisa erabiltzen dituzte.
Bigarren industriarik kutsatzaileena
Oihalena bigarren industria kutsatzaileena da. Ozeanoetan barreiatutako mikroplastikoen %20 oihaletatik datoz. Tindagaiak ere hagitz kutsakorrak dira eta jantziak urrunetik ekarriz CO2 ugari isurtzen da. Sarri baldintza penagarrietan josten dituzte emakumeek, baita umeak ere. Gainera, zenbat eta gehiago erosi, orduan eta hondakin gehiago sortzen dugu.
Berrikuntza teknikariak azpimarratu duenez, moda azkarra hazten ari da, eta min handia egiten du. «Elkartzeko borroka egin behar dugu, eta fast fashionaz ahaztu. Araudiak behar ditugu, arropek egiten duten bide osoa kontrolatzeko», defendatu du. 2025ean oihalen kontainerra ezarriko dute legez. Orain denetarik sartzen da ehunen edukiontzian, baina hori aldatu eginen da.
Akonpainamendua
Gizarteratzeko ezinbestekoa da akonpainamendua. Horregatik, Emausen zutabe handi bat dira laguntza teknikariak. Taldean lau teknikari dira eta bakoitza sekzio batez arduratzen da: dendak, bilketa, Arrasateko denda, eta sailkapena. Olaia Biurrun dendetan ibiltzen da. Donostiako Mundaizekoan harrapatu dugu.
Bazterketa soziala sufritzen duten pertsonei, lana eskaintzeaz gain, akonpainamendua egiten diete Emausen ematen duten denboran (gehienez hiru urte). «Helburua da ohiko lan merkatura atera eta beren egoera hobetzea».
Askotariko zailtasunak izaten dituzte: aunitz gutxieneko laguntza kobratzen duten pertsonak dira, bertze aunitzek denbora luzea daramate langabezian, badira espetxetik datozenak, eta migrazio prozesuetan daudenak, paperak ezin lortu.
«Eguneroko lana aurrera eramaten laguntzen diegu, protokolo bati jarraituz. Horretaz aparte, zailtasunak ezberdinak direnez, bide bat egiten dugu pertsona bakoitzarekin».
Nahi baino gizarteratze apalagoa
Biurrunek agertu duenez, gizarteratze tasa ez da gustatuko litzaiekeena. «Ideala hiru urteak agortu aurretik atera eta egoera hobe batera igarotzea litzateke. Saiatzen gara horretarako prestatzen, enpresekin kontaktuan, baina pertsonaren eta merkatuaren arabera da».
Emausen jarduera ekonomiko guztia lanpostuak sortzera bideratua dago. Oraintxe bertan 42 pertsona daude bazterketa egoeran daudenentzako kontratuarekin Emaus Gipuzkoan, eta lanpostu gehiago sortzea dute xede.
Lotura sortu eta aldaketa eragin
Arlo sozialeko ikasketak dituzte gizarteratzen laguntzen duten teknikariek. Olaia Biurrun psikologoa da. «Oso harreman estuak sortzen dira langileekin. Beren bizitzan inportanteak izan daitezkeen alderdiak lantzen ditugu eta gure artean sortzen den lotura ezinbestekoa da aldaketak eragin eta duten ahalmen guztia garatzeko».
Duela urtebete pasa hasi zen Emausen lanean eta bere esperientzia hagitz ona da: «Gutxinaka helburu batzuk lortzen dituztela ikusten duzu. Lan bat eskaintzea oso positiboa da beren bizitzan. Pertsonalki gehien gustatzen zaidan zatia pertsonekin sortzen den lotura eta horrek eragiten dituen aldaketak dira. Zailtasunak ezberdinak dira baina helburua beti da bera: enplegagarritasuna hobetzea eta ahalmena garatzea. Denek dute talentu handia».
Langileen adina hagitz zabala da, 18 urtetatik erretirora arte. «Oro har gazte gutxiago ditugu, gure jendartean ulertzen baita 55 urtetik aurrera zailagoa dela lanpostu bat aurkitzea. Horregatik, tarte horretan lagun gehiago dauzkagu. Nahiko parekatua da gizon eta emakumeen kopurua».
Psikologoak erantsi duenez, prozesu hauetan funtsezkoa da bertze figura bat, erreferenteena. Postuan bertan aritzen dira lanean, taldea dinamizatzen, zailtasunak konpontzen eta erakusten.