Maddi Torrek bere Instagrameko kontuan iragarri berri du ez duela talde txuri-urdinean jarraituko datorren denboraldian. Hala, Iraia Iparragirrek aste hasieran futbola utziko zuela esan ostean, Realeko beste kapitain batek adierazi du ez duela taldean segituko. 27 urteko atzelariak ostiral honetan jokatuko du bere azken partida Realarekin, Real Madrilen aurka, 19:00etan Zubietan.
Ver esta publicación en Instagram
Donostiarra orain dela bost sasoi etorri zen Betisetik talde txuri-urdinera. «Realeko koloreak defendatu ditut harro, eta hasiera-hasieratik oso gertu sentitu zaituztet», adierazi du atzelariak. Denboraldi «onak» eta «ez hain onak» igaro dituela gaineratu du, «taldekide eta profesional izugarriekin».
2019an Granadan altxatutako Kopa oroitarazi du, baita denboraldi honetan estreinakoz Txapeldunen Ligan jokatzeko izan duen aukera ere. Horrez gain, Torrek adierazi du «hainbeste poz eta zorion» eman dizkion taldeari «agur esateko momentua» iritsi dela. «Zuekin partekatu nahiko nuke nire azken dantza», azpimarratu du.
Gonzalo Arconada entrenatzaile zela protagonismo handia izan zuen Torrek hamaikakoan, Nuria Mendoza atzelariarekin batera bikotea osatuz. Hala, Realeko zaleen artean beti oroitua izango den Kopa altxatu zuten. Erdilari moduan jokatzeko etorri bazen ere, azkenerako atzelari moduan jokatu ditu minutu gehien.
Hortik aurrera, denboraldiz denboraldi Gonzalo Arconadarekin izan zuen protagonismoa gutxitzen joan da, bigarren plano batera pasatzeraino. Natalia Arroyo Realeko aulkira iritsi zenetik, ez ditu aukera asko izan, nahiz eta prestatzaile kataluniarrak beti nabarmendu duen Torreren jarrera ona.
Denboraldi honetan ere, Arroyorekin ez ditu aukera asko izan berdegunera ateratzeko. Horren adierazle da, bakarrik ligako sei partidetan atera dela hasieratik, eta guztira 625 minutu jokatu dituela. Iaz, gehiago jokatu zituen, hain justu, 1.031 minutu.
«Iraia ez da bakarra izango»
Natalia Arroyo Realeko entrenatzaileak gaur eman duen prentsaurrekoan adierazi du Iraia Iparragirre ez dela izango «bakarra taldea uzten». «Aspalditik ari gara erabakiak hartzen. Iraiarena [Iparragirre] ez da izango bakarra. Hemen ez dut esango nork utziko duen taldea, eta zenbat izango diren ere, hori denbora pasa ahala jakingo da», azaldu du.
Talde txuri-urdineko hamalau jokalariei amaitzen zitzaien kontratua denboraldi honen amaieran. Haietako hiruren etorkizuna jada jakina da. Iris Arnaiz erdilariak 2024ko sasoi amaierara arte berritu zuen kontratua, Iraia Iparragirrek iragarri berri du futbola utziko duela, eta Maddi Torresek ez duela talde txuri-urdinean jarraituko.
Beraz, oraindik 11 jokalari geratzen dira beren etorkizuna argitzeko zain. Tartean, Nerea Eizagirre kapitainarena. Hala ere, zenbait hedabidek jada baieztatu dute kontratua itxita dagoela, eta Donostiako taldean jarraituko duela.