NAIZ
Iruñea

Nafarroak euskarazko «eskariaren araberako eredua» duela defendatu du Chivitek

Euskararen inguruko «zentralitate politikoa» defendatu du Maria Chivite nafar lehendakariak. Hala ere, bai berak bai PSNren Iruñeko alkategaiak, Elma Saizek, «inposaketarik eza» izan dute ideia errepikatuena. Nafarroako eremu ezberdinetan dauden eztabaida ezberdinei ez diete aipurik egin.

Chivite eta Saiz izan dira PSNk Iruñeko Konpainia plazan egindako ekitaldian.
Chivite eta Saiz izan dira PSNk Iruñeko Konpainia plazan egindako ekitaldian. (PSN)

Maria Chivite Nafarroako lehendakari eta PSNren berrautaketarako hautagaiak, hizkuntza politikaren alorrean, euskararen erabileran eta sustapenean «bizikidetzaren aldeko ituna» egitea proposatu du ostegun honetan, «Nafarroako errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta».

Elma Saiz Iruñeko alkategaiarekin batera hiriburuko Konpainia plazan egindako ekitaldian, Chivitek defendatu du «inposaketarik eta zokoratzerik» ez egotea «gure lurraldeari dagokion» hizkuntza batentzat, eta gaineratu du «hizkuntzak komunikaziorako, elkarbizitzarako, elkar ulertzeko eta elkartzeko bide» izan behar direla.

Esan duenez, euskararen azterketa eta erabilera «borondatezkotasunetik eta aukera berdintasuna errespetatuz egin behar dira, hizkuntzaren garapen normala eta naturala bermatuz eta edozein diskriminazio egoera saihestuz».

Chivitek defendatu duenez, «egungo Euskararen Legea eskaerarekin bat datorren tratamendua bermatzen duen esparrua da, errealitate soziolinguistikoarekin bat datorrena eta, gainera, gizartearen eskariari laguntzeko beharrezkoak diren jarduerak ahalbidetzen dituena».

Gaineratu duenez, legegintzaldi honetan «euskararen inguruko zentralitate politiko horri eutsi zaio apur bat». «Ez da inposizio saiorik egon aurreko gobernuekin gertatu zen bezala, baina ezta aurreko gobernuetan ere izan zen bezala, gutxiespen saiakerarik ere. Nire ustez, oreka da gakoa, errealitate soziolinguistikoari erantzutea, hezkuntzan dagoen eskaerari erantzutea, heziketa arautuan, arautu gabean bezala», esan du.

«Berezko hizkuntza da, sustatu egin behar dugu, zabaldu egin behar dugu, defendatu egin behar dugu, baina ez diogu inori inposatu behar», azpimarratu du.

Berezko hizkuntza izanagatik baina, Nafarroako eremu zabal bateko kanpainan PSNk euskara zokoratu egin du, gaur ‘Argia’ atariak argitaratu duen moduan. Erriberako PSNk zortzi hizkuntza erabiltzen ditu botoa eskatzeko, baina euskara ez. Gaztelania, portugesa, ingelesa, arabiarra, errumaniera, frantsesa, alemana eta zirilikoz eskatzen die botoa herritarrei, baina ez dago euskararen arrastorik.

Nafarroako Gobernuaren VII. Soziolinguistika Inkestak, martxoan argitaratutakoak, Nafarroako biztanleen artean euskararen ezagutza eta erabilera etengabe hazi zela egiaztatu zuen. Eremu euskaldun eta mistoan ezagutza eta erabilera ere hazi egin direla baieztatzen du inkestak, eta eremu ez euskaldunean pisu oso txikia izaten jarraitzen duela, 1986an Euskararen Legea onartu zenetik Nafarroan euskarak jasaten duen zonakatzearen ondorioz. Honekin amaitzea eskatu zuten 200 eragiletik gora duela hilabete. Eta iragan larunbatean Euskal Herrian Euskarazek mobilizazioa egin zuen nafar hiriburuan, ofizialtasuna aldarri.

Elma Saiz, «errealitate soziolinguistikoa errespetatuz»

Bere aldetik, Elma Saizek adierazi du, gai honetan, bera «inposaketarik ezean» aurkituko dutela, baina bai «herritarren eskaerari erantzutean eta errealitate soziolinguistikora mugatuta». «Gure hizkuntzaren sustapenean aurkituko naute, iruindar guztion ondarea baita eta politikatik atera behar baitu. Borondatean aurkituko naute, askatasunean eta errealitate soziolinguistikoa errespetatuz», gaineratu du.

Saizek, azpimarratu duenez, euskararen erabilera «bermatu» nahi du administrazioarekiko harremanetan, hau izan baita azken hilabeteetan Iruñeko euskalgintzak egin duen eskarietako bat. Hori bai, «enplegu publikorako sarbidean desberdintasun egoerak saihestuz» egingo duela nabarmendu nahi izan du. Haur eskoletako eskaintza eskasa edo kaleen izendapena izan dira aldarrikapenetako batzuk, baina Saizek ez du hauen inguruko neurri zehatzik azaldu.