Alaia Sierra
Gasteiz

Makroproiektuak arbuiatu eta «natura benetan babestuko duten politikak» aldarrikatu dituzte

Euskal Herria Bizirik plataformak deituta eta dozenaka eragilek babestuta, lurra ez dela «kapitalak konkistatzeko espazioa» aldarrikatu dute Gasteizen egin duten manifestazio jendetsuan. 

Lurraren defentsan atera dira kalera Gasteizen.
Lurraren defentsan atera dira kalera Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Inguru natural izugarriak harri eta porlan azpian galtzen ari direla» salatu dute larunbat arratsaldean Gasteizko kaleetan. Euskal Herri osoko hainbat tokitatik etorritako pertsonek energia eta tren makroproiektuei ezetz esan diete eta, merkatuaren logikaren aurrean, lurra defendatu dute. Antolatzaileen arabera, 5.000 pertsona bildu dira.

Euskal Herria Bizirik plataformak deitutako manifestazioa izan den arren, 80 bat plataforma, sindikatu eta elkarte baino gehiagoren babesa zuen.

Esate baterako, Erdiz Bizirik, Ostia Sarea, Steilas eta LAB sindikatuak, Euskal Herriko Nekazarien Elkartea, Arabako Mendiak Aske eta AHTaren aurkako hainbat plataforma ekimenaren aldekoak dira. Proiektuok «herritarrak kontuan hartu gabe» eta enpresa handien mesedetan egiten direla deitoratu du Josebe Blanco Antzuolako artzain eta aktibistak manifestazioaren amaieran irakurri duen manifestuan. Esan duenez, AHTan, erraustegietan zein zabortegietan «dirua xahutzen» ari dira, administrazioen babes osoarekin.

«Lapurreta ekonomikoa» izateaz gain, proiektu handi hauek pertsonen osasunari kalte egiten dietela ohartarazi dute.

Horrekin batera, landa eremuaren eta han bizi eta lan egiten dutenen «marjinazioa areagotzen» duela uste dute.

Hortaz, «natura benetan babestuko duten» politikak exijitu dituzte, erabakiak herritarrek, eta ez kapitalak, har ditzaten, «eredu deszentralizatu eta tokikoan» oinarrituta.

Funtsean, «garraio sistema soziala garatuko duten politikak nahi ditugu; eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza ereduak sostengatuko dituzten politikak; energia berriztagarrien hedapena eta bioaniztasunaren kontserbazioa bateratuko dituzten politikak», azaldu dute. 

Horren harira, «natur ondarea, arkeologia ondarea, gizarte ondarea eta kultura ondarea kaltetuko ez dituen eredu ekosoziala» azpimarratu dute.

Aldarrikapenarekin bat egin duten eragileek, gainera, beraien kasu zehatzak partekatu dituzte, elkarrekin indarrak batuz.

Nuria Madotzek, NEE-TEN koordinadorako kideak manifestazioan azaldu duenez, Nafarroan energia fotovoltaikoko eta eolikoko 130 proiektu baino gehiago tramitatzen ari dira, herrialdean sortzen den potentzia hirukoiztuko dutenak, beste leku batzuetara esportatzeko.

«Betiko enpresa handiek gure herriak inbaditu nahi dituzte»

Bere ustez, baina, «betiko enpresa handiek gure herriak inbaditu nahi dituzte, gure laborantza eta herri lurrak bereganatuz, ingurumenari eta bertan bizi garen pertsonei eragindako kalte atzeraezinak kontuan hartu gabe». Horren aurrean, mobilizatzeko, kontzientziak pizteko eta beste eredu bat bultzatzeko deia zabaldu du.

Interkonexio Elektrikorik Ez plataformaren eta Bizkaiko plataformen izenean, Alberto Camposek «industrializazioan oinarritutako proiektuak» direla salatu du. Nori egiten dioten mesede, nor kaltetu eta nork ordaindu eta nork jasaten dituen ondorioak ez dutela esaten ere deitoratu du. Hortaz, lurraren mugen araberako berriztagarrien eredu baten aldekoak direla argi utzi du, Bizkaia «bereziki zigortuta» dagoela ohartaraziz.

Ipar Euskal Herritik Ostia Sareko kideak izan dira mobilizazioan. Haietako batek gogorarazi duenez, «jokoan dagoena bizitza da» eta «irabazi arte indarrak uztartu» behar direla nabarmendu du. «Mobilizazioari esker» alde batera utzitako proiektuak gogora ekarri ditu. Getariako Surf-park, Larrun mendiko turismo gunearen haunditzea eda Lapurdiko urre meategia, adibidez.

«Ez zaudete bakarrik»

Nazioarteko babesa ere izan dute antolatzaileek. Mobilizazioaren amaieran Laponiako Sami herri indigenaren Kontseiluko kide den Eva Fjellheimek hartu du hitza Foruen Plazan. Azaldu duenez, bere herrian, Statkraft enpresa norvegiarrak egin nahi duen parke eolikoak eragin handia izango du ingurumenean, herritarrengan eta animaliengan.

«Trantsizio energetikoa dela esaten diguten hori ez da trantsizio bat, jarraipen bat baizik. Lurraren gabetzearen eta kolonialismo historikoaren jarraipen bat, hain zuzen», adierazi du aktibistak, aurrez-aurre zituen Euskal Herriko eragileei bakarrik ez daudela ziurtatuz.