Mikel Aginagalde

Turrun hotsa, esnatzeko herriaren bihotza

Bizkaiko ikastolen festa handirako sortu duten abestiak Turrun Hotsa du izenburu; Axular Arizmendik mutrikuarrak egin du melodia eta Leire Bilbao idazle ondarroarrak, hitzak.

Kantuaren bideoklipa Aiora Ponce zuzendari eta ikus-entzunezko sortzaile ondarroarrak egin du.
Kantuaren bideoklipa Aiora Ponce zuzendari eta ikus-entzunezko sortzaile ondarroarrak egin du. (NAIZ)

Ekitaldi honetako kantuak keinu eta omenaldi txikia egin nahi izan die Ondarroako eta Euskal Herriko marinelei. Horretarako zati indartsuak eta epikoak nahasi nahi izan dituzte euskal instrumentu zaharrak eta musika elektronikoa uztartuz. Hala, melodia erraza eta dantzagarria duen ekoizpena osatu dute elkarlanean, aipaturiko artistek eta Zubi Zahar eskolako ikasle eta gurasoek.

Abestiak Turrun Hotsa du izenburu eta Leire Bilbao idazle ondarroarrak sortu ditu haren hitzak. Zea Mays taldeko kide Aiora Errenteria eta Ken Zazpiko kantari ohi Eñaut Elorrieta izan dira abeslariak; melodia, aldiz, Axular Arizmendi musikari eta ekoizleak sortu du Mutrikuko AME estudioetan.

Metaforekin jolasean

Leire Bilbaok Zubi Zahar Herri ikastolan egin zituen ikasketak eta bertan murgildu zen euskal kulturaren eta bertsogintzaren munduan. Sortu duen letrak, metaforen bidez, bizirik dirauen herri baten irudikapena egin nahi izan du, eta kantuaren bitartez hizkuntza bera transmititzen dela adierazi nahi izan du.

Bestalde, abestiaren estrofan narratiba txertatu nahi izan du Bilbaok, eta bertan kostaldeko herri bat islatu nahi izan du; turrun hotsak esnatzen duen herri bat; zainetan kresala duen eta bere nortasunari eutsi nahi dion herri bat, alegia.

Kantuaren errepikan ere beste metafora bat irudikatu nahi izan du idazle ondarroarrak; kasu honetan, askotariko eskuekin eraikitako zubiarena. Izan ere, ugariak dira zubiak Bizkaiko kostaldeko herri horretan, eta horien bidez adierazi nahi izan du guztiok garela beharrezkoak herriak eta herrigintzak tinko iraungo badu.

Bideoklipa

Kantuaren bideoklipa ere Zubi Zahar ikastolan ibilitako beste emakume ondarroar batek sortu du, Aiora Ponce zuzendari eta ikus-entzunezko sortzaileak, hain justu. Hark zerbait berezia egitea erabaki zuen Turrun Hotsa kantua entzun zuen lehen unean bertan. Hala, Nerea Gartzia aktorearekin eta Unai Guenaga ingeniari informatikoarekin elkarlanean gidoia garatzeari ekin zioten.

Ponceren arabera, hiruen arteko elkarlana paregabea izan da proiektuak iraun duen bitartean, eta lana bakarrik ez, barre ugari ere egin dutela ziurtatu du.

Gainera, onartu du «ohore» bat izan dela ekoizpena zuzendu ahal izatea eta hark egindako lanik pertsonalenetakoa eta hunkigarrienetakoa izan dela Ibilaldiko bideokliparen grabaketa; izan ere, lan horretan haren haurtzaroko eta nerabezaroko hainbat une eta bizipen islatu ditu.


Turrun hotsa portuan,
herria esnatu da
itsas haizeak dakarren
sekretua;
zainetan kresala eta
mingainean olatua,
ematen jarraitzeko
gure kantua.

Zubi zaharretik dator
marea gora
kanpandorreraino
dena bustiko da.

Eskutik hartu eta
ez da jausiko zubixe.
Geu ga eusten daben herrixe!