Zaintza zerbitzu sozialetako langileek zerbitzu publikoa ematen dute, beren lanak zaintza sistema oso bat sostengatzen du, «baina Aldundiak zein Eusko Jaurlaritza, enpresarien eskutik, zaintza sistema hondoratzen ari dira». Abiapuntu horri helduta, eta zerbitzu publikoak zein horietan ari diren langileen lan baldintzen duintasuna exijitzeko, manifestazioa egin dute larunbat honetan Bilboko kaleetan.
LAB sindikatutik nabarmendu dutenez, pribatizazioak «zaintza sistema degradaziora» gidatzen gaitu eta horrek eragin zuzena du langile zein erabiltzaileengan. «EAJren eta enpresarien arteko negozioak eta irabazi ekonomikoen grinak miseriazko lan eta bizi baldintzak areagotzen ditu», jarri dute azpimarra.
Honen aurrean, sindikatu abertzaleak zaintza zerbitzu sozialen instituzioen aldetik kudeaketa zuzena exijitu du, «borondate politikoa ezin baita izan langileen berme bakarra». Hala, «ziurtasunak, konpromiso errealak eta publifikazio prozesua» eskatu ditu LABek: «Zaintza lanak ezin dira pribatizatu, zerbitzuen degradazioari eta okertzeari aurre egin behar zaio, publifikazioaren bitartez», defendatu dute.
Hala, LABek lau puntuko aldarrikapena egin du. Batetik, zainduak izateko eskubidearen aitortza eskatu du, eta gizarteak dituen zaintza beharrei erantzungo dion zaintza sistema baten eraketa.
Bigarrenik, «bizitzaren sostengarritasuna bermatzen duten zerbitzu guztien aitortza eta pribatizatuta dauden zaintzarako gizarte zerbitzuak publifikatzea» eskatu du. Hau da, dagokien administrazio publikoak zerbitzu guztien garapena, finantzaketa eta kudeaketa zuzenaz arduratu daitezela.
«Zor patriarkalaren aitortza sozial, politiko eta ekonomikoa» ere exijitu ditu hirugarrenik eta, azkenik, gizarte zerbitzu publikoak indartzea eta langileen lan baldintzak duintzea ere oinarrizkotzat jo du.