«Ez nuen 9a bat egitea espero, baina lortu egin dut»
Joan den 13an, Ainhize Belarrek (Atxondo, 2006) historia egin zuen Etxauriko Kale Borroka sektorean dagoen «Begi puntuan» kateatu ondoren. Bere lehenbiziko 9a izateaz gain, Euskal Herrian zein Estatu espainolean maila hori lortzen neska goiztiarrena izan da.
Ainhize Belar pozarren harrapatu dugu. Eta ez da harritzekoa Etxaurin lortu duen xedeak hala eskatzen duelako. Baina era berean oso lanpetuta ere. Izan ere, ikasturteko azken azterketekin zegoen. Zorionez, den-denak gainditu ditu. Hots, pozarren egoteko arrazoi bikoitza du. Balentria honi buruz solastu da bizkaitarra NAIZekin.
Kirol ikuspuntutik begiratuta, eskalatzaile atxondarrak egin duena azpimarratzeko modukoa da. 17 urterekin bederatzigarren esferan sartu da “Begi puntuan”-i esker. 14 urterekin lehen aldiz elkarrizketatu genuenean, bere lehenbiziko 8c mailako bidearen inguruan hitz egin genuen. Orain, berriz, salto handi bat egin eta 9a horretan zentratuko gara.
Lehenik eta behin, Ainhize, zorionak. Eta gainera bikoitza: Batxilergoaren lehen urtea gainditzeagatik eta “Begi Puntuan” kateatzegatik.
Eskerrik asko.
“Begi puntuan” sinatu aurretik, bazenuen eskarmentu bikaina 8c mailarekin. Izan ere, bost dituzu. Zailtasun hori erabat sendotuta zenuen, eta bazirudien zure hurrengo xedea 8c+ izango zela. Baina, ez, maila hori baztertu eta zuzen-zuzenean bederatzigarren esferara jo duzu. Zergatik hartu zenuen erabaki hori?
Aitortu behar dizut 9a maila beti izan dudala buruan. Bideren bat edo beste probatu nahi nuen. Bide batez, onartu behar dut nire entrenatzaileak izan direla animatu nautenak. Esaten zidaten sasoia nuela nortasun horretako helburu bati ekiteko. Entrenatzaileez gain, kide askok aholkatu zidaten 9a bat probatzeko. 8c+ ez nuen baztertuta, baina diodan bezala azken erabaki hori hartu nuen.
Aipatu dut bost 8c dituzula, eta guztiak ala guztiak Gaubean eta Margalefen egin dituzu. Hori irakurri ostean, ondoriozta dezakegu estilo oso markatua duzula. Hots, hatz bateko, biko edo hiruko zulo edo heldulekuetan bikain moldatzen zarela. “Begi puntuan”-ek, berriz, beste estilo bat du. Hala eta guztiz ere, apustu handia egin duzu, ezta?
Hala da. Bide horretan grabatutako irudiak ikusi ditut, eta probatzera animatu nintzen. Erregeletak nagusi diren bide batean sartzea ez nuen oso argi ikusten, baina lagunek behin eta berriro esaten zidaten ondo moldatuko nintzela.
Gaubean, adibidez, baduzu 9a mailako bide bat: “Psikoterapia”.
Bai, bai, ezagutzen dut, baina beste norabide bat hartzea erabaki nuen (kar, kar).
“Begi puntuan” Etxaurin dago; hain zuzen ere, Euskal Herriko eskalada eskola garrantzitsuenetariko batean. Zer moduzkoa izan da lehen hartu-eman hori?
Ez da lehen bisita izan. Duela urte batzuk han egon nintzen; adinean txikia nintzela. Eta onartu behar dizut ez zitzaidala batere gustatu. Eroriko luzeak daude, eta beldur handia pasa nuen.
Kateatu berri duzun bide horretan izan duzun prozesuari edo lanari buruz galdetu behar dizut.
Bada, lehenik eta behin esan behar dizut prozesu hori duela pare bat hilabete, martxoan, hasi zela. Lehen bisitan ezusteko ederra jaso nuen: bidearen pausu guztiak atera nituen. Beno, tarte txiki bat izan ezik. Azken zintatik bilerara doan tarte hori. Ezin izan nuen ondo probatu. Zati hori bakarrik zintzilik utzi nuen.
Ondoren, sekzio hori ondo begiratu nuen, baina zaila egin zitzaidan pausu horiek lotzea. Metodo ezberdina probatu eta zati hori biribiltzea erdietsi nuen.
«Nire morfologiarengatik, marra horretako mugimendu gogorrenetan nire metodoak asmatu behar izan ditut»
“Begi puntuan”-en sortzailea, Ekaitz Maiz, garaieran handia da, eta badakit, oro har, marra horrek pausu luzeak dituela. Zu, berriz, ez zara hain altua. Nola kudeatu duzu eragozpen hori?
Azken zati horrekin bezala, gainerako pausu gogor guztietan nire metodoa indarrean jarri behar izan dut. Asko sufritu dut buru-hausgarria hori osatzen.
Eragozpen bakarra izan al da?
Ezta gutxiagorik ere. Hainbat bisitatan izan ditudan baldintzak ez dira batere egokiak izan. Horrek guztiak zaildu egin du egiten ari nintzen prozesua. Egun batzuetan hezetasun handia egon da; beste batzuetan, aldiz, bero handia. Ekinaldiak goizeko 8etan hasi eta 11etan amaitzen nituen. Kontuan hartu behar da erregeleta txikiak dituela, eta baldintza horiekin estutzea ia ezinezkoa zen.
Pausu luzeak, baldintza kaskarrak, 9a maila, udaberri aurreratua… Alabaina, zure lehenbiziko 9a izateko iruditzen zait nahiko azkar kateatu duzula.
Horretaz ez naiz jabetzen. Dakidana da asteburu asko senitartekoekin Etxaurin egon naizela. Beno, nik “Begi puntuan”-en saialdiak egiten. Ez dut beste garai batean probatzeko aukerarik izan. Zuk diozun bezala, udaberria aurrera doa, eta, azkenean, dena eman behar izan dut proiektu hori ixteko.
Zer egin zaizu zailena “Begi puntuan”-en?
Zuk aipatu dituzun eite horiez guztiez gain, badago beste bat garrantzia handia duena. Eta hori da berotu ondoren eguna soilik ekinaldi batean zehazten nuela. Eta saialdi hori gestionatzea ez da batere erraza izan. Aita beti ondoan izan dut, eta Sputnik rokodromoko nire entrenatzaileek buruaren kontu horrekin asko lagundu didate.
Jakina, “Begi puntuan”-ek fisikoki asko eskatzen du; ez da bosgarren mailako bide bat. Baina batez ere burua ondo kudeatu behar izan dut; den-dena eman, baina presiorik gabe.
Bide hori igo zuen Mikel Linacisororen bideoa ikusi zenuen. Irudi horiek lagundu al dizute?
Lagundu ez; bai, ordea asko motibatu. Mikel eta biok garaieran ezberdinak gara, eta, arestian aipatu dudan bezala, nire metodoak landu behar izan ditut.
«Zalantzarik gabe, arrakasta hau nire senitartekoei eskaini nahi diet. Kateatu nuen egunean den-denok emozionatu ginen»
D eguna joan den 13an izan zen. Zer sentitu zenuen erorikorik gabe, mugimendu guztiak lotu eta soka bileratik pasatzerakoan?
Ufa, bada egundoko goraldia! Senitarteko guztiok emozionatu ginen. Poza, zoriontasuna eta prozesua ondo amaitu zela. Ez dut sentitzen zama bat gainetik kendu dudanik. Bide hori kateatu nahi nuen, eta oso-oso motibatua nengoen.
Onartu behar dut kateatu nuen egunean ez nuela egindakoa asimilatu. Egunek joan ahala, egoera hori aldatu da, eta orain esan dezaket handia egin dudala!
Imajinatzen dut, baina galdera zuretzat da: nori eskaintzen diozu arrakasta hori?
Zalantzarik gabe, senitartekoei.
Nahiz eta hastapenetan “Begi puntuan” ez zirudien zure estilokoa, esan daiteke gustatu zaizula?
Bai, bai, piloa gustatu zait: eta batez ere, goiko tartean dauden azken lau txapak. Erregeletak dira, teknikoa eta erresistentzia eskatzen dutenak. Estiloz aldatu dut, eta ikusten den bezala ondo moldatu naiz.
“Begi puntuan”, gainera, erreferentzia eta ikono bat da Etxauriko Kale Borroka sektorean. Lehen 9a, eta, gainera, zuk ezagutzen dituzun zazpi mutil, den-denak euskal eskalatzaileak, hor izan dira arrakasta bera lortzen. Bide hori zure ibilbidean txoko berezi batean gordeta izango duzu, ezta?
Jakina, beti gogoan izango dut. Gainera, zuk diozun bezala, Euskal Herriko zazpi mutil; hots, euskal eskalatzaile onenetarikoak, hor izan dira. Eta neure burua haien artean ikustea ohorea handia da. Hortaz gain, “Begi puntuan” ez da 9a merke bat.
Bederatzigarren esferan sartu berri zara, eta 17 urterekin iruditu dezakegu ibilbide oparoa duzula. Badakit zure ondoan daudenei esker, zentzuz jardungo duzula; erotu gabe. Baina nork daki egunen batean beste marka batera heltzeko aukera izango duzunik. Eta hori esaten dudanean, Angela Eiter gogoan dut. Austriarra izan da 9b mailara lehena iristen. Etorkizunean zeure burua maila gorenean ikusten duzu? Eta horretarako, zer egin behar du Ainhizek?
Urratsez urrats joan behar dut. Zailtasun horretara heltzeko asko entrenatu eta eskalatu behar dut. Momentuz ikasten ari naiz, eta badakizu proiektuetarako denbora asko behar dela. Eta hori profesionalek dute. Lasai nago, ez nuen 9a egitea espero, eta lortu dut! Ametsak egia bihurtzen dira, eta dena posible da. Aurrerantzean, ikasketak, entrenamenduak eta eskalada uztartu behar ditut. Eta, jakina, Batxilergoa amaitu.
Aurtengo ikasketak bukatu berri dituzu, eta ikasgai guztiak gainditu dituzunez, iraila arte oporretan egongo zara. A ze pagotxa!
Hala da (kar, kar). Bistan eskalatzea da neure lehentasunetariko bat; indartu nahi dut estilo hori. Etxaurira ziur itzuliko naiz, Baltzola hor dago… Hortaz gain, txapelketetan lehiatuko naiz.