Andra Mari Zuriaren plazan elkartu ditu EH Bilduk igande honetan hainbat gasteiztar gaur zortzi «aldaketa lideratuko duten» Arabako eta Gasteizko zerrendak bultzatzeko. Rocio Viterok nabarmendu duenez, hiriburuan indar bozkatuena izateko mila botora daude, beraz, «esku-eskura» daukate Udala.
«Pertsonak erdigunean» jarriko duen udal Gobernu baten buru izango dela argi utzi du, non bizi kalitatea «berme bat» den eta ez «desira». Horretarako, zaintzetan, justizia sozialean, eskubide «hobeagoetan» eta ez diskriminatzean jarriko du indarra.
«Politikari guztiak berdinak direla diotenen aurrean, jakin dezatela gu ez garela etorri ate birakarien etekina ateratzeko edo gutun-azalak hartzera. Eskubideak irabaztera etorri gara, garena izatera», argitu du Viterok.
Gainera, Gasteizko alkate berria emakumea izateaz gain, «feminista izan behar dela» adierazi du.
«Euskal Herria Bilduk hauteskundeak irabaztea da Gasteizen Gobernu aurrerakoi bati atea irekitzen dion giltza, gure gizartean dagoeneko nagusi diren balioak Udalean ordezkatuko dituen Gobernu bati atea irekitzen diona», gaineratu du bere hitzartzearen bukaeran.
«Bi emakume feminista»
Viterorekin batera Eva Lopez de Arroyabe izan da, Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaia; beraiek bezalako «bi emakume feministen eskutik aldaketarako eta baikortasunaerako garaia» dela ziurtatu du.
Arabari dagokionez «erronka handiei egin behar diegu aurre», nabarmendu du Lopez de Arroyabek. Energiari dagokionez, trantsizio energetikoa «energia demokratizatu arte» ezin dela egin adierazi du eta EH Bildu herri arabarretan bizi eta lan egiten duen jendearekin «etengabeko harremanean» dagoela zehaztu du.
Herrietan, hain zuzen, koalizioak duen indarraren garrantzia nabarmendu du. Azpimarratu du Arabako eskualde guztietan «gorantz» doazela eta Oion, Agurain, Amurrio eta Laudio bezalakoak «eskura» dituztelakoan dago. Hortaz, ekainean gaur egun baino udalerri gehiagotan gobernatuko dutela esan du eta, «laister» ‘Arabako Mahastiak’ jatorri izeneko ardoarekin topa egingo dutela argi utzi du.
Arabako Batzar Nagusietara heltzeko, beraz, herriz herri dagoen indar hori lekualdatzera dei egin du Lopez de Arroyabek. «Azken bultzada egin behar dugu, eta herri bakoitzaren indar hori guztia Arabara eraman behar dugu».
«Datorren igandean EH Bilduren bi boto-paper aukeratu behar dira, bi. Udal zerrendarena, Rocio Vitero jartzen duena, eta Batzar Nagusiena, Eva Lopez de Arroyabe jatzen duena», laburbildu du hautagaiak.
Eskuina baztertzeko bakarra
Bestalde, Arnaldo Otegik bere hitzartzea aprobetxatu du boto aurrerakoia «kontzentratzeko» eta EH Bilduri emateko deia egiteko. Esan duenez, koalizio abertzalea da «udal eta foru gobernuetatik eskuina alde batera utzi» dezakeen «indar bakarra».
Hortaz, «boto eraginkorraren aldeko deia» egin du, EH Bilduri babesa emateko, nahiz eta «%100ean gurekin ados ez egon», alderdi honek baino ez duelako «herri honetako eskuindarrei irabazteko aukera». «Ez da boto erabilgarria, boto eraginkora baizik», azaldu du.
Hauteskunde kanpainaren balantze bat ere egin du koordinatzaile nagusiak eta honakoa esan du: «Argi dago EH Bilduk dituen proposamenez, aurre egin beharreko arazoez eta hauek konpontzeko proposatzen dituen irtenbideez hitz egin duela. Gainera, egin dugunaz eta gauzatu ditugun proiektu abangoardistez hitz egiten dugu».
Bitartean, baina, gainerako alderdiek «lokaztutako» eta «maila intelektual txikiko» eztabaidak mahaigaineratu dituztela deitoratu du. «Guk gutaz hitz egiten dugun bitartean, gainerako alderdiek ere gutaz hitz egiten dute», esan du.
Diaz de Rabago epaile ohiaren eskaera EH Bildu bozkatzeko
Ekitaldian Manuel Diaz de Rabago EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaile ohiak ere hartu du hitza, bideo baten bidez. Epaile zenean hamar urte baino gehiagoz eskolta izan zuela azaldu du baina, «behin ETA deseginda, horrek ez dit eragozten EH Bilduri botoa ematea».
«Nahiz eta 50 urte daramadan hemen bizitzen espainiarra sentitzen naiz, ez euskalduna», jarraitu du. Hala ere, «botoa batzeko eta ezkerreko alderdi batean, EH Bildun, kontzentratzeko» deia zabaldu du, bere ustez «irabazteko benetako aukerak dituen» alderdi bat delako.
Gainera, Diaz de Rabagok gogor kritikatu du «eskuinak eta Espainiako ultraeskuinak EH Bilduren zerrendak erabili izana»; zazpi hautagaiek uko egiteak «EH Bilduk elkarbizitza beharrezkoarekin duen konpromisoa errazten» du bere iritziz.
Arnaldo Otegirentzat, epaile ohiaren hitzak «oso garrantzisuak» izan dira. Izan ere, «EH Bildu Euskal Herri adiskidetua da, hainbat joera eta militantzia motatatik datozen pertsonek osatuta. Etorkizunari konfiantzaz eta anbizioz begiratzen dion indar geldiezina gara».