NAIZ

Hirigintza eredu «basatia» eten dadila eskatu dute Donostian

Donostia Defendatuz plataformak deituta, ehunka lagun mobilizatu dira Gipuzkoako hiriburuan Udal Gobernuak darabilen hirigintza eredu «basatia» eta turismoaren masifikazioa eten daitezela eskatzeko. Herritarrentzat eraikitako hiria defendatu dute.

Manifestazio jendetsua egin dute Donostia Defendatuz-ek deituta.
Manifestazio jendetsua egin dute Donostia Defendatuz-ek deituta. (Jon URBE | FOKU)

Donostia bertan bizi direnei baino kanpotik datozenei –eta multinazionalei– begira eraikitzen ari dela salatzeko ehunka lagun bildu dira igande honetan Gipuzkoako hiriburuan, Donostia Defendatuz plataformak deituta.

Ekimen honek hiriko hainbat erakunde, bizilagun elkarte eta mugimendu sozial batzen ditu, guztiak ere hiritarren beharrak aintzat hartuko dituen hirigintza eredu baten aldekoak, tartean Ondare-SS, Haritzalde, Satorralaia, Belartza 2 Gelditu, Dendartean, Ba Gera, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Heriz Plataforma, Parkea Bizirik eta Amara Bai. Erakunde eta elkarte aniztasunaren ildotik, hainbat pankarta ikusi ahal izan dira igande goiz honetako mobilizazioan.

Manifestazioa 12.00etan abiatu da Easo plazatik ‘Donostia ez dago salgai; berreskura dezagun Donostia’ lelopean eta hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatu ditu, hirigintza ereduaren aldaketaren aldeko aldarrien artean.

Eredu aldaketa «premiazkoa» dela nabarmendu dute antolatzaileek, «hiria mehatxupean duten egitasmo urbanistiko basatiak biderkatzen ari baitira», salatu dute. Euren ustetan, «Udalaren kudeaketa txarraren ondorio» da egun hirian bizi den egoera eta Udal Gobernuaren aldetik «tokiko identitatearen eta ondare arkitektoniko, natural eta soziokulturalaren zein merkatari txikien aurkako eraso» gisa irakurtzen dute egoera.

Eredu horren adibideak ere jarri dituzte mahai gainean. Besteren artean, Basque Culinary Center-ek Gros auzoan –Manteo eta Zemoria parkeetan– eraiki nahi duen eraikin berria edota San Bartolomen altxa nahi duten merkatalgunearen proiektua aipatu dituzte. Norteko estazioaren eraistea, Antondegiko olatu artifizialen parkea eta Santa Klara uhartean ‘Hondalea’ instalazio artistikoa osatzeko «xahutu» ziren 5 milioi euroak ere izan dituzte hizpide.

Turismo masiboa eta gentrifikazioa hirigintza eta turismo eredu jakin baten apustua egin delako etorri direla uste dute, «turistaren neurrira egindako hiria eraiki baita» eta ez bertako bizilagunen beharrei begira dagoena. «Donostia enpresa handien eta turismo masifikatuaren ereduaren arabera ari da eraikitzen, eta ez bizitzeko hiri bat bezala, bertan bizi direnak zainduko dituena», ziurtatu dute.