NAIZ

Ereñotzuk, Hernanik eta Urnietak hondamendi eremu izendatuak izatea eskatuko dute

Pasa den larunbateko euriteen ondorioz uholdeak izan ziren herrietan, eta kalte handiak izan ziren. Horiei aurre egiten laguntzeko diru-laguntzak jaso ahal izateko, hondamendi eremu izendatzea eskatuko diote Estatu espainolari zenbait udalek.

Urumeak gainezka egin zuenean Hernaniko rugby zelaian sartu zen ura.
Urumeak gainezka egin zuenean Hernaniko rugby zelaian sartu zen ura. (Hernani Club Rugby Elkartea)

Ereñotzuko toki erakunde txikiak eta Hernani eta Urnietako udalek hondamendi eremu izendatzeko eskatuko diote Estatu espainoleko Gobernuari, joan den larunbateko eurijasen ondorioengatik. Izendapena onartzen badiete, diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte kalteei aurre egiten laguntzeko.

Ohar batean gogorarazi dutenez, maiatzaren 19tik 20rako gauean «euri-jasa handiak izan ziren Urumea bailaran kalteak eragin zituztenak, ez bakarrik Nafarroan, Gipuzkoan ere izan ziren».

Hala, Ereñotzun eta Pagoagan, adibidez, «euri jasek kalte larriak eragin zituzten errepideetan, mendi bideetan eta baserrietan», nabarmendu dute.

Ereñotzuko alkatea Unai Erroitzeneak, Hernaniko alkatea Xabier Lertxundik eta Urnietako alkatea Jorge Seguradok erabaki dute hondamendi eremu izendatzeko eskatzea. Gainera, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuarekin bilera eskatu dute, eskaerari elkarrekin heltzeko.

Leku bat hondamendi eremu den onartu edo baztertzeko, hainbat puntu hartu behar dira kontutan: kalte pertsonalak, kalteak etxebizitzetan eta tresnerian, kalteak merkataritza-gune eta enpresetan, kalteak nekazaritzan, abeltzaintzan eta baso-esplotazioetan, kalteak azpiegitura publikoetan eta errepideetan, neurri fiskalak edo lan arlokoak hartzeko beharra, eta Udalak lehenbailehen egin beharreko ekintzen beharra.

Nafarroan jada eman dituzte pausoak

Berak, Lesakak eta Aranok jada egin dute eskaera eta Nafarroako Gobernuak asteazken honetan egingo duen bileran onar lezake. Aitor Elexpuru Berako alkateak adierazitakoaren arabera, oraindik goiz da jakiteko ea zenbaterainoko kalteak egon diren, baina handiak izan direla argi dago.

Hori dela eta, Nafarroako Estatu espainoleko ordezkariekin harremanetan jarri ziren, eta hauek diru-laguntzak lortzeko kudeaketan laguntzeko prest agertu ziren; bi diru-laguntza desberdin jasotzea espero du herriak, Nafarroako Gobernutik datorrena eta Estatu espainoletik iritsiko dena, hondamendi eremu izendapena aitortzen bazaie. 

Laguntza iritsi bitartean, Udalak koordinazio puntu bat martxan jarri du bizilagunek bertan erreklamazioak egin ahal izateko.