NAIZ

Egunerokoak inspiratutako poemak bildu ditu Julen Apellak ‘Postal bat desertuan’ lanean

Balea Zuriak eta Donostia Kulturak sustatutako Poesia Lehiaketako 6. edizioko irabazlea izan zen Julen Apella Santamaria berriztarra, eta horren fruitua den ‘Postal bat desertuan’ poema liburua aurkeztu du asteazken goiz honetan Donostian.

Julen Apella Santamaria bere lehen liburuarekin.
Julen Apella Santamaria bere lehen liburuarekin. (Maialen Andres | FOKU)

Julen Apella Santamariak ‘Postal bat desertuan’ (Balea Zuria) poema liburua aurkeztu du asteazken goiz honetan. Honakoa, Donostia Kultura VI. Poesia Lehiaketako irabazlea izan zen. Apella, Berrizen jaioa 1998an, Euskal ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterra egin zuen bertan. Egin euskara irakasle gisa dabil lanean, eta honakoa du bere lehen liburua.

Epaimahaikideek balorazio hau egin zuten saria ematerakoan: «Ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak».

Egilea zuzenean bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da ekainaren 13an, iluntzeko 19.00etan, Donostiako Victoria Eugenia Cluben egingo den 2023ko Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean, beste egile batzuekin batera. ‘Postal bat desertuan’ lanak askotariko poemak biltzen ditu, egunerokotasunean idatzitakoak, hori baita Apella idaztera bultatzen duena.

Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak egonkortzen ari den Poesia Lehiaketa.