Haserreak, higatu; ilusioak, eraldatu
Ez da asko bilatu behar administrazioaren kudeaketarekin suminduta egoteko arrazoiak aurkitzeko, baina haserrea ez da helduleku egokia aldaketarako. Gobernuak higatzen ditu, baina ez du egiturazko eraldaketarik eragiten. Oinarria duen eta sinesgarria den ilusioa da agertoki berriak gauzatzeko bidea.
Aurrekoan, lagun artean berbetan genbiltzala –hauteskundeak, inkestak...–, batek purrustada egin zuen, haserre antzean. Bere atsekabearen arrazoia hauxe zen: administrazioaren kudeaketa hala modukoa bada ere, eta egunero hori adierazten duten hamaika mobilizazio egon arren, hauteskundeetan ez da kaleko ezinegon hori islatzen. «Osasun publikoaren egoera, lagunkeria, ustelkeria..., denak berdin dio, hautetsontzietan ez die eragiten», ondorioztatu zuen lagunak.
Ez nator bat, edo ez erabat, berarekin. Kudeaketa kaskar batek edozein gobernu edo alderdi higatzen du, ezinbestean. Baina higadura prozesu geologiko –eta politiko– motela da, ez da luizia, ez du egun batetik besterako aldaketarik eragiten. Gainera, norberarentzat txarra dena auzokidearentzat balekoa izan daiteke.
Muturreko egoera
Dena den, sentimendu hori orokortua izanda ere, zaila da gurea bezalako gizarte egonkortuetan haserreak hauteskundeetan ondorio handi-handirik izatea. Ingurumari honetan kasu pare bat bakarrik ezagutzen dut. Alde batetik, 2004ko martxoaren 11ko atentatuen harira Jose Maria Aznarren Gobernuak izan zuen jarrera eta zabaldu zituen gezurrak hain izan ziren onartezinak, eta testuingurua hain gordina, lurrikara eragin baitzuten. PP erabateko gehiengoa izatetik hauteskundeak galtzera pasatu zen. Baina muturreko egoera izan zen, gauza larriak jazo ziren emozio handiko egun gogor horietan.
Bestetik, alderdi horren beraren ustelkeria kasuak hain izan dira ugariak, eta agerikoak, ezen 2015eko hauteskundeetan kolpe nabarmena hartu baitzuen. Baina, esan bezala, ustelkeria kasu asko izan ziren, eskandalagarriak denak, eta hala ere PPk hamarkada bat baino gutxiago behar izan du egoerari buelta emateko. Une honetan ataka zailagoan daude, ezker-eskuin, «politika berria» egitera etorri zirenak.
Gurean, ustekaberik ez bada, ez da haserreak eragindako aldaketa erraldoirik gertatuko.
Eta ez da jende asko nahiezik edo suminduta egoteko arrazoirik ez duelako, baizik eta ez gaudelako erraiak astintzen dituen muturreko egoera horietako batean. Eta jendeak, hauteskunde garaia heltzean, inor zigortzea baino bere ongizatea izaten du buruan. Denetarik dago, noski, pertsona bakoitza unibertso bat delako, baina oro har hala izaten da.
Mundu guztiak bere interesak hobekien defendatuko dituela uste duen indar politikoari ematen dio babesa, eta edozein arrazoi dela-eta indar horrekin muturtuta badago, errazago dauka botoa ez ematea, alderdiz aldatzea baino.
Kontuz, sektore zehatz batean abstentzioa hazteak eragina izan dezake hauteskundeen emaitzetan, baina ez dira egiturazko aldaketak izaten.
Itxaropen zentzuduna
Norbanakoen interesak mota askotakoak izan daitezke: materialak, abstraktuak, ideologi- koak edo pragmatikoak. Baten batek Euskal Herriaren independentzia eskuratzea lehenetsiko du botoa ematean, edo Estatu espainolaren batasuna, eta beste batek bere egoera fiskala, ala ingurugiroa, edo etxetik lanerako bidean hartzen duen errepidearen egoera. Eta interes horiek konpartituak izan daitezke, kolektiboak, baina, salbuespenik gabe, botoa ematea ekintza berekoia da.
Beraz, noiz aldatuko du boto emaileak bozaren kolorea? Ba, hain zuzen, bere interesak beste indar politiko batek hobeto ordezkatuko dituela uste duenean. Bestela ez du egingo. Hori da egiturazko eraldaketa bat gauzatzeko bide bakarra.
Jendeak ez du bermerik behar izaten –nola bermatu, aldez aurretik?–, nahikoa du sinesgarria dela ondorioztatzea, ilusioa piztu dion horrek oinarriak dituela, zentzuduna dela pentsatzea. Aukera berria konfiantzazkoa izatea, alegia.
Ez direlako gauza bera ilusioa eta ilusionismoa.
Eta zer gertatzen ari da hemen? Ba, gero eta jende gehiagok susmatzen duela badagoela indar politiko bat bere interesak orain arte agintean egon direnek baino hobeto defendatuko dituela. Eta gero eta naturalagoa dela interes “ideologikoei” lotuta agertzen zen indar hori beste interes “materialen” defentsarekin lotzea.
Ikusteko dago hau guztia igandean nola islatuko den. Jende askok zalantzarekin jarraituko du, ez du oraindik botoa aldatzeko jauzirik emango, baina aukera hori hizpide da kalean, tabernetan, etxeetan. Egun hauetan sumatu da eta horrek alarma asko piztu ditu.
Agian M28ak ez du behetik gorako eraldaketarik ekarriko, edo bai, baina bidea hori da; jendeari bere bizitza –zentzurik zabalenean– hobetuko duen egitasmo egingarri eta sinesgarri bat eskaini, haren ilusioa piztu, eta, ez izan zalantzarik, berandu baino goizago irabaziko duzu. Orduan beste batzuk haserretuko dira.