NAIZ
Gasteiz

Gotzone Sagarduiren bulegoan sartu dira, Osakidetzako garbitzaileekin elkartasunean

‘Gora Garbitzaileak’ kolektiboko zenbait kidek Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren bulegoan sartu dira gaur goizean, Osakidetzako garbiketa zerbitzuetako grebalariei elkartasuna adierazteko.

‘Gora Garbitzaileak’ ekimeneko kideak, Sagarduiren bulegoan.
‘Gora Garbitzaileak’ ekimeneko kideak, Sagarduiren bulegoan. (GORA GARBITZAILEAK)

Greban dauden Osakidetzako zentroetako garbiketa zerbitzuetako zein beste sektore batzuetako langileez osatutako ‘Gora Garbitzaileak’ kolektiboaren ordezkaritza bat Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren Lakuako bulegoan sartu da gaur goizean, greban dauden garbiketa zerbitzuetako lankideei elkartasuna adierazteko. «Sagardui entzun, zu zara errudun» kartelak erakutsi dituzte.

Ohar batean azaldu dutenez, Sagardui ez zegoen bulegoan une horretan, baina bere idazkariari idatzi bat eman diote, Osakidetzako garbitzaileen eskaerak eta aldarrikapenekin. Era berean, gatazka honen konponbidean duen erantzukizuna aurpegiratu diote.

Gogoratu dutenez, Osakidetzako garbiketa zerbitzuetako langileek bost urte daramatzate hitzarmen kolektiboa enpresa esleipendunekin negoziatzen, baina enpresa horiek «jarrera itxia» daukate. Bi hilabete daramatzate greban, eta «maiz jo dute bezeroaren atea, Osakidetzarena, baina erakunde publiko horren zuzendaritzak beste alde batera begiratzen du eta ez du erantzuten, erabateko edukazio falta erakutsiz».

Hori dela eta, ‘Gora Garbitzaileak’ ekimenak, «Osakidetzako zuzendaritzak interesik agertzen ez duela ikusita eta bere erantzun faltaren aurrean», erakunde horretako arduradun politiko nagusiarengana jotzea erabaki du eta haren bulegoan sartu dira greban dauden kideekin elkartasunean.

Ekimen horrek adierazi duenez, lan baldintza duinak lortzeko borrokan ari diren langile guztiei elkartasuna zabaltzen jarraituko du.

Osakidetzako zentroetako garbitzaileek akanpada hasi zuten joan zen astelehenean Gurutzetako Ospitalearen aurrean.