Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Kirol diplomaziaren erronkak aztertuko dira Donostian, mundu mailako biltzarrean

Ekainaren 28 eta 29an, Frantziako Tourraren bezperan, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako ikastaroen barnean, Kirol Diplomaziaren Munduko Biltzarra egingo da Donostian, mundu zabaleko adituen esperientziak jaso eta erronka eta aukerak aztertzeko asmoz. Matrikulazio epea irekita dago.

2022ko Euskal Herriko Itzulian, euskal zaleak, ikurrina eskutan, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak animatzen.
2022ko Euskal Herriko Itzulian, euskal zaleak, ikurrina eskutan, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak animatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Erronkak, oro har, esparru guztietan ditugu XXI. mendean; kirol diplomaziari dagokionez, munduan dauden arazoei kirolaren bitartez ekarpen positiboak egiteko modua aurkitu behar da. Ziurgabetasun eta gatazka garai hauei norabide positibo bat topatzea kirolaren bitartez, kirola izatea bultzada», esan du Imanol Galdosek, Donostia Kulturako zuzendaritza taldeko kideak. 

Ekainaren 28an eta 29an, Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatu bezperan, alegia, Kirol Diplomaziaren Mundu Biltzarra egingo da Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako ikastaroen barnean. Galdos da jardunaldi hauetako zuzendaria eta Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Jaurlaritzaren babesa du kongresuak. Aldi berean, ikastaroaren prestaketan Galesko Gobernuak eta munduko beste erakunde askok parte hartu du, Sports Diplomacy Alliance tartean –hango kidea den Gavin Prince izango da ikastaroko zuzendari laguntzailea–.

«Egun kirolaren esparruan mundu mailan erreferentziak diren adituak» elkartuko dira Donostian; Australia, Estatu Batuak, Eskozia, Frantzia, Suitza, Ipar Mazedonia, Galesko Herrialdea edo Ingalaterratik etorriak, arlo honetan lan egiten duten profesionalak, alegia. Batzuk, estaturik gabeko nazioak –Galesen kasuan–, beste batzuk kirol diplomazia estrategia politikoaren oinarria daukatenak –Ipar Mazedonia, esaterako–. Kasuistika anitza probestuta, aditu hauek esperientziak eta estrategia ereduak partekatuko dituzte».

«Euskal Herriak bere eredua eta arlo horretan duen esperientzia egiaztatua erakusteko balioko du», dio Galdosek. «Kirolaren diplomazia azken aldian gehien hazi den alorretako bat da, bai arlo akademikoan, bai profesionalean zein publikoan. Herrialdeek, estaturik gabeko nazioek, hiriek, eskualdeek eta sektore pribatuak kirola erabiltzen dute nazioarteko agertokian pisua eta posizionamendua lortzeko. Hedapen eta eragin handiko ekitaldiak (Tourra, Olinpiar Jokoak, munduko txapelketak) bai eta Zegama-Aizkorri proba edo Donosti Cup ere, hauek guztiak kirolaren diplomazia gisa ulertzen den horren adibide argiak dira».

Iritzi dio Euskal Herriak baduela bere abagunea, nahiz eta estaturik gabeko nazio bat izan. Estropadak, herri kirolak, Zegama-Aizkorri eta mendizaletasuna, txirrindularitza... «Begirada sakonagoa behar da, indartsuagoa, integratuagoa, homogeneoagoa... Berdintasunean urratsak egin daitezke kirolaren bidez. Integraziorako balio du, herri baten marka indartzeko ere kirola tresna garrantzitsua da», adierazi du.

Erronkak eta aukerak asko eta anitzak dira, adibideak ere badaude, eta horiek guztiak partekatu eta estrategia ezberdinak ezagutzeko balioko du mundu mailako biltzar honek, eta eredu txarrak azaltzeko eta ohartarazteko ere bai –Qatarreko Munduko Txapelketa kasu, edo ustelkeria–.

Jardunaldian matrikulatzeko epea jada zabalik dago. 25 euroren truke bi egunetako hitzaldi guztietan parte-hartzeko aukera egongo da. Esteka honetan eman daiteke izena.

Pasa den urtean online egin zen ikastaroa eta orduan plazaratu ziren ideia batzuk oinarri hartuta, aurten aurrez-aurre egiteko hautua hartu dute. Horrek beste magnitude bat ematen diolakoan daude antolatzaileak. Ekainaren 28 eta 29an, goiz zein arratsaldez izango dira hitzaldiak, Miramar Jauregian.

Hogeitik gora aditu

Mundu mailako biltzarrak hogei aditu baino gehiago jasoko ditu, eta euskaldunen parte-hartzea ere esanguratsua izango da. Esaterako, Zegama-Aizkorriko zuzendari Ainhoa Txurrukak honen fenomenoa azalduko du, nola bolondres talde batek antolatutako proba batek nazioartera zabaltzen duen Euskal Herria eta bere nortasuna, mendizaletasunarekin batera.

Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoa, pilotaren inguruko liburuen idazlea ("Pelota Vasca: un ritual, una estética" eta "Raquetistas. Gloria, represión y olvido de las pelotaris profesionales"), ere egongo da jardunaldian.

Bestalde, Carlos Pulleiro, gaur egun Txinako irakaslea; Ekain Rojo EHUko irakaslea, Marian Vaczi, hungariarra eta Renoko irakaslea, antropologoa eta euskal futbolaren erreferentziazko egilea; eta Xavier Ginesta, kataluniar irakaslea eta futbolaren eta Bartzelonaren inguruko aditua ere hurbilduko dira Donostiara.

Arestian aipatu legez, mundu zabaleko adituak hurbilduko dira Donostiara: «Era sotil batean mugarri garrantzitsu bat da Euskal Herrira etortzea eta gurekin elkarbanatzea esperientzia ezberdinak». Euskal Herriak Galesekin dituen harreman onen isla moduan, kirol diplomazian adituak diren hiru pertsona etorriko direla: David Warren, Galesko Gobernuko Nazioarteko Harremanen zuzendaria eta Galesko lehen ministroaren aholkularia; Gavin Price, Sports Diplomacy Alliance aholkularitza-enpresaren Europako zuzendaria; eta Eluned Haf, Art Council Wales nazioarteko agentzian lan egiten du.

Kirol diplomaziaren inguruko Munduko Biltzarreko afixa. (DONOSTIA KULTURA)

Besteak beste, hauen parte-hartzea zehaztuta dago: Ashleigh Huffman, Estatu Batuetako Gobernuko Estatu Idazkaritzako kirolaren diplomazia saileko zuzendaria; Laura McAllister, UEFAko batzorde exekutiboko kidea eta Galesko futbol selekzio nazionaleko kapitain ohia; Stuart Murray, eskoziarra, Australiako Bond Unibertsitateko irakaslea; Lindsay Krasnoff, New Yorkeko Unibertsitateko irakaslea, "FranceAndUS" ekimenaren zuzendaria –Estatu frantsesa eta Estatu Batuetako kirol diplomaziaren arteko ezberdintasunak aztertzen dituen hezkuntza programa– eta saskibaloi diplomaziaren erreferentzia; Yoav Dubisnky, Oregoneko Unibertsitateko irakaslea, txirrindularitzan aditua; Neftalie Williams, South Kaliforniako Unibertsitateko arduraduna, skate boarding-aren bitartez gizarte-integrazioko proiektuan bultzatzailea; Simon Chadwick, ekonomialaria, Skema Business School ospetsuko irakaslea Parisen, geopolitikaren arloan aditua eta 'The business of the FIFA World Cup' liburuaren egilea; Richard Parrish, britainiarra eta Edge Hill University-n irakaslea eta Europar Batasuneko kirol politikan aditua; Jonathan Grix, Manchesterreko Unibertsitateko irakaslea; Claire Jenkin, Erresuma Batuko Hertfordshireko Unibertsitateko irakaslea; Carmen Perez, Carlos III.ena Unibertsitateko irakaslea, giza eskubideen ikuspegian egingo du ekarpena; eta Silvija Mitevska, Ipar Mazedoniako lehen ministroaren aholkulari izandakoa.