Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Jokin Altuna
Aspeko aurrelaria

«Bai sentitzen naiz pilota munduan garrantzitsua, baina ez da bilatzen dudan zerbait»

2021-2022 tartean jantzitako hiru txapelak galdu dituen arren, inor gutxik jartzen du amezketarra egungo pilotaririk onena dela. Ohiko apaltasunetik, baina pilota munduan duen pisua ezkutatu gabe, Jokin Altunak bere 12. finalaren atarian dituen sentsazioak argitzen dizkigu elkarrizketa honetan.

Jokin Altuna, Amezketako plazan.
Jokin Altuna, Amezketako plazan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Final baten atarian berriro, nola zaude?

Ondo, orain aurrena gustatzen zait elkarrizketak eta gauza hauek egin, finalerditik errekuperatzea eta %100ean kontzentratzea finalean. Ilusioarekin nago, ondo aurkitzen naiz, gogoarekin eta final on bat egiteko esperantzarekin.

Txapelketa hau begiz jota zenuen?

Bai, gogo handia nuen txapelketa ona egiteko, gehienbat iazko txapelketa ez zen erraza izan, partida bat utzi egin behar izan nuen, gero ez nintzen fisikoki ere puntu-puntuan topatzen eta nahi nuen ondo iritsi, baina behin ere ez dakizu. Binakakoan azkenean bukaeraraino aritu ginen eta ez dakizu behin ere nola aurkituko zaren, baina txapelketaren aurretik binaka jokatutako partidetan ere oso ondo aurkitzen nintzen eta konfiantzaz heldu naiz.

Hirugarren txapela litzateke, palmaresean Gallastegi eta Eugiren mailan jartzea Buruz Burukoan.

Oraintxe ez dakit nork dituen hiru txapela, irabazten badut begiratuko dut baina ez dut gehiegi pentsatu behar horretan, eguneroko nire entrenamenduak eta nire gauzak ondo egiten zentratu behar dut, atsedena hartu eta egun horretara ahalik eta ondoen heltzen, gero han dena eman beharko da eta ikusiko dugu zer gertatzen den, ilusioa behintzat handia daukat.

Hiru txapelak buruan izatetik bakar bat ere ez izatera pasa zara, baina inpresioa dut sekula baino hobeto zaudela, hala da?

Bai, urtea niretzat sekulakoa doa, gehienbat kantxan nola ari naizen sentitzen. Azken finean,  oso kontziente naiz txapelketa guztiak ezin direla irabazi, jende oso ona dago eta oso zaila da txapelketatan finaletara heltzea, are eta gehiago irabaztea baina, egia esan, urte oso oso ona doa, ondo aurkitzen naiz eta bueno, nire helburua hobetzen joatea da eta esango nuke urtetik urtera ondo ari naizela lanean eta hor jarraitu nahi dut.

Beste pertzepzio bat izango da agian, baina kantxa barruan nahiz kanpoan dena kontrolpean duzula iruditzen zait aspaldian

[Barrez] Bueno, ez dakit, hori ere barrutik eramaten da askotan, adibidez finalerdiaren aurretik desastre egin nuen lo ostiralean, gauean asko esnatuta eta askotan ez duzu urduritasun puntu hori ere kontrolatzen, baina beti esaten dut aurreko egunetan ondo entrenatu eta ahal den ondoen deskantsatzen baduzu, partida bezperako horrek ez dizula horrenbeste eragiten. Ondo aurkitzen naiz, lasai aurkitzen naiz, nire  esku dauden gauzei garrantzi handia ematen diet eta azkenean, lehen esandakoa, irabazita zer pasako den edo galduta zer litzatekeen pentsatzeari baino, nire esku dauden gauzetan daukat burua eta ondo sentitzen naiz.

«Urtea niretzat sekulakoa doa, gehienbat kantxan nola ari naizen sentitzen. Azken finean, oso kontziente naiz txapelketa guztiak ezin direla irabazi, jende oso ona dago eta oso zaila da txapelketatan finaletara heltzea, are eta gehiago irabaztea»

Hori finalak jokatu ahala ikasten da edo finala beti da finala?

Finala beti da finala, baina finala, baina urtean zehar partida garrantzitsuak asko daude eta finalera heltzeko ere aurretik partida garrantzitsu asko daude eta saiatzen naiz egunerokotasunean nire esku dauden gauzak  ondo egiten; zaindu, ondo entrenatu, deskantsatu... Txapelketa guztietan saiatzen naiz ahal dudan onena ematen,  guztietan saiatu naiz irabazten, baina lan asko egin behar da horretarako eta argi daukat beti ezin dela irabazi.

Pilotan kantxa barrukoa da, baina baita inguruko zirku guztia, zer kostatzen da gehien kontrolatzen?

Ez dakit, azkenean jende asko ezagutzen duzu, ezaguna zara, kalera irteterakoan jende askok ezagutzen zaitu... gauza  asko bizi behar dituzu naturaltasunez eta hasieran kosta egiten da gauza horiek denak asimilatzea. Sarri, frontoira jende asko ikustera joaten denean asko pentsatzen duzu jendeari poz hori ematen diozun edo ez, gaur egun gero eta gehiago pentsatzen dut nire esku dagoen guztia ematen badut, lasaiago nagoela eta pixkanaka lasaiago bizitzen duzu barrukoa nahiz kanpokoa.

Beste inpresio pertsonal bat kontatuko dizut, enpresa barruan ere baduzu lider izaera bat, ez dakit bilatutakoa den, baina Jokinek  zerbait esaten badu besteek oso adi entzuten dute eta normalean jarraitu. Nabaritzen duzu horrelakorik?

Ez dakit. Nire helburua ez da inoiz halako ezer izatea, baina ez dut uste gure enpresan ni baino zaharragorik asko daudenik. Hasi nintzenean ni ere isil-isilik egoten nintzen eta enpresan pisu handiena zutenei entzuten saiatzen nintzen, ikasten, eta orain bai sentitzen naiz, ez dizut esango garrantzitsua, baina bai denok daukagula enpresan gure pisua eta saiatzen naiz denak pozik egoten. Entrenamenduetan eta esango nuke oso giro ona dugula, oso gustura gaudela eta bai sentitzen naiz pilota munduan garrantzitsua, baina ez da bilatzen dudan zerbait.

Esango nuke txikitatik elkar ezagutzen dugun jende asko gaudela, asko lagunak gara eta horrek asko laguntzen du. Aurrekoan ere ikusi zen Dario eta Elordi ere ze elegante egon ziren biak partida amaituta eta esango nuke hori denen arteko zerbait izaten dela eta hor jende on asko dagoela.

«Esango nuke txikitatik elkar ezagutzen dugun jende asko gaudela, asko lagunak gara eta horrek asko laguntzen du. Aurrekoan ere ikusi zen Dario eta Elordi ere ze elegante egon ziren biak partida amaituta»

Finalerdietako lauetatik hiru zineten urte berean jaiotakoak, ibilbidea oso desberdina izan duzuen arren.

Normalena beste biena da, ez ohikoagoa da nirea, 12. finala izango da nirea. Iker Irribarria ere kinta berekoa da, eta bai Ikerrek eta nik oso gazte debutatu genuen.  Dario eta Elordi finalerdietan ikusteak asko poztu ninduen, oso gustura ikusi nuen partida, biengatik poztuko nintzateke asko eta edozeinek galtzen zuela ere beragatik pena hartuko nuen. Baina azken finean batek irabazi behar zuen eta bai zen berezia, hor zegoen Joseba gu baino pixka bat zaharragoa eta gero hiru kintako, gainera lagun handiak gara eta poz handia eman zidan hirurak sartzeak.

Beti aldarrikatu duzu horrelako pilotarien lana.

Bai, azken finean denak oso garrantzitsuak gara eta hortik aparte pilotariak denbora behar du, eurak ere hobetzen joan dira, pausoak pixkanaka ematen eta orain esango nuke disfrutatzen ari direla eta ondo merezia dute.

Elordi asko ari da gozatzen azkenaldian eta nik uste horrek bereziki arriskutsua egiten duela.

Bai, oso. Asko ari da gozatzen baina partida garrantzitsuak irabazten dituenean oso ondo ari da asimilatzen. Ikusten zaio ze lasaitasunarekin ari den bizitzen eta nik uste lortzen ari den garaipenak ere, oso gazte lortu edo 27 urterekin lortzea, oso desberdina dela. Asko ari da gozatzen aurretik pilotaren beste aldea ere bizi izan duelako eta badakielako ez dela erraza hor gora heltzea eta horrek are indar gehiago eman dio.

Ezustean harrapatu zaitu bere Buruz Burukoak?

Hasieran ez zuela jokatu behar esan zuen. Berak Binakako finala jokatu eta afaldu batera egin genuen Mallabian eta ni ere harritu egin nintzen, ze nire ustez, zuen konfiantzarekin, jokatu egin behar zuen, baina ez zegoen bere esku. Gero Josek min hartu zuen eta begira nola etorri zaion. Nire ustez, aurten zegoen jokoarekin, agian atzelariek baino arrisku gehiago zeukan eta horrela izan da. Hasierako partida irabazteak sekulako konfiantza eman zion eta gero ligaxkan ere ikusi da ze maila eman duen. Baina egia esan, urtean zehar partida piloa egin ditu onak, txarrak bi egingo zituen gehienez, eta ederki ari da hobetzen.

Zuk ere, hasi eta buka, txapelketa borobila egin duzu, beti esaten da partida txar bat beti egoten dela. Beldurrik ematen dizu finalean izango ote den?

Ez, azken finean izan ditut txapelketak hasi eta bukatu ondo joan zaizkidanak, beste batzuk ez, igual ondo hasi eta bukatu, edo gaizki hasi eta ondo bukatu... Ezkurdiaren aurkako partida arraroa izan zen, egia esan tentsio handia zegoen, hasieran ni ere tentsio dezenterekin nengoen baina bera gehiagorekin esango nuke eta, behin markagailuan pixka bat alde egin nuenean, sake-erremate batzuk egin nituenean, ba egia esan horrek lasaitu ninduen pixka bat eta ez zen izan partida brillante bat, baina partida horietan ez da batere erraza %100 jokatzea. Irabazi nuen eta oso pozik.

Esperientzia klabea izaten da halako finaletan, baino ez du ematen Aitorrek halako partidetan  sufritu duenik

Lasai jokatzen ari da. Lasoren kasuan ere, iaztik hona, gehien notatu zaiona hori izan da nire ustez. Iaz biktima bezala zihoan eta askoz errazagoa da horrela jokatzea, behin lehen mailara heldutakoan ez zaizu exijitzen ondo jokatzea, baizik eta irabaztea, eta zuk ere presio hori jartzen badiozu zure buruari, asko kostatzen da. Elordiri aurten ikusten zaio asko gozatzen ari dela, oso libre ari dela jokatzen eta horregatik da hain arriskutsua, baina berari ere etorriko zaizkio zailtasunak hurrengo urteetan. Maila horretan jarraitu nahiko du eta ez da beti erraza izango, baina niri bai iruditzen zaidala berea ez dela joko puntu oneko momentu bat, hori hilabete bat edo bi izan daitezke, baina 9 daramatza eta maila ona ematen jarraituko du.

«Iruditzen zait Elordirena ez dela joko puntu oneko momentu bat, hori hilabete bat edo bi izan daitezke, baina 9 daramatza eta maila ona ematen jarraituko du»

Beti esaten da ea zer den zailagoa, heltzea edo mantentzea? Zuk baduzu esperientziarik horretan.

Nik ere izan ditut gorabeherak, nahiz eta batzuetan emaitzetan mantendu, jokoz justuago ibili naizena. Oso zaila da hor goran mantentzea, eta esandakoa, Aitor hain lasai dago, nik uste badakielako beti ez dela aurtengo urtea bezalakoa izango baina beste aldea ere bizi izan du.

Xabi Tolosa nola dago?

Errekuperatzen ari da, ekainean, oporrak eta gero uste dut bueltatuko dela. Egia esan aberia handi xamarra egin zuen eta ondo errekuperatu dadila, udan partidak izango ditu eta ondo jar dadila.

Azken irudipena, hurrengo urteko Binakakoan bikote bat ezagutzen dugula uste dut.

Ez dakit, hori galdetu Iñaxiori –Errandonea elkarrizketa egin genuen gela berean zegoen–. Baliteke, egia esan, gustura jokatu genuen, txapelketa ederra izan zen nahiz amaiera hori izan  eta begira, lehen esandakoa, hurrengo urtean batera jartzen bagaituzte, zailtasun hori izango dugu, aurten "de víctima" joan gara garbi esanda, ez geneukan ezer galtzeko, oso lasai jokatu dugu eta hurrengo urtean, aurten egindakoarekin, faboritoen artean sartzen zaituzte eta horregatik esaten dut zaila dela.