AFP

Kanchha Sherpa, Everesteko aitzindarien artean bizirik dagoen azkena

90 urte ditu Kanchha Sherpak. 1953an Everesteko gailurra lehen aldiz zapaldu zuten Edmund Hillary eta Tenzing Norgay Sherparen espediziotik bizirik geratzen den azkena da. «Begiak ireki zizkiguten eta hemen garatzea posible egin zuten».

Kanchha Sherpa, Everesteko gailurra zapaldu zuen lehen espediziotik bizirik dagoen azken pertsona.
Kanchha Sherpa, Everesteko gailurra zapaldu zuen lehen espediziotik bizirik dagoen azken pertsona. (Robic UPADHAYAY | AFP)

Kanchha Sherpa, 90 urteko nepaldarra, 1953ko espediziotik bizirik dagoen azken pertsona da. Espedizio hartan, Edmund Hillary eta Tenzing Norgay Sherpa munduko mendirik altuenera iritsi ziren lehen gizakiak izan ziren.

Hala ere, bere bizitza bestelakoa izan zitekeen, 19 urterekin bere jaioterritik, Namche Bazaarretik, joan baitzen, gaur egun Everesteko kanpamentu nagusirako bideko gune turistikorik nagusiena. Indiako Darjeeling mendietarantz jo zuen Kanchha Sherpak.

Baina hor, garai hartan Himalaiako espedizioak ateratzen ziren leku horretan, Kanchha Sherpak Tenzing Norgay ezagutu zuen, eta azken honek harekin lan egiteko kontratatu zuen. Handik hilabete gutxira, Kanchha Sherpa bere jaioterrira itzuli zen, Nepalgo rupia (dolar zentaboak) kopuru irrigarri baten truke kontratatuta, Edmund Hillaryri eta Norgay Sherpari Everesteko igoeran laguntzeko.

Hasiera batean taldea Katmandun bildu zen, eta hainbat egunez ibili zen base kanpamentura bidean, karpak, janaria eta ekipoa kargatzen. Gaur egungo eskalatzaileek Nepalgo gidari eskarmentudunek irekitako bidea jarraitzen dute, baina Sherpak gogoan du orduko talde horrek bere kabuz nabigatu zituela mendi haiek.

Everesteko gailurra lehen aldiz zapaldu zuen espedizioa.

Britainiarrek ekarritako arropa handiegiekin, nepaldar gidariek abestu egiten zuten zama gero eta kanpaleku garaiagotara zeramaten bitartean. Mendiko entrenamendurik ez zuen arren, Kanchha Sherpa 8.000 metrotik gora igo zen Everesten.

90 urteko gizona nekatuta eta hiz egiteko gogorik gabe zegoen asteleheneko urteurrena baino lehen, baina bilobak hartu zuen hitza: «Alderik zoriontsuena Tenzing eta Hillary gailurrera iritsi zirenean izan zen».

Begiak zabalik

Zazpi hamarkada geroago, ehunka lagunek jarraitzen dituzte urtero bikote horren urratsak Everesteko gailurrera, dirutza mugitzen duen mendizaletasunaren industria horretan. Inoiz baino baimen gehiago eman dira aurten eta ilarak zerbait ohiko bilakatu dira munduko gailurrera bidean. Beste milaka lagun Nepalera iristen dira Himalaia zirraragarria ikustera.

Hamarkadetan zehar, «sherpa» hitza altuera handiko mendien gidariaren sinonimo bihurtu zen, mendizaletasunaren bizkarrezurra, zeinak arrisku handiei aurre egiten baitie ekipamendua eta janaria kargatzean, sokak jartzen baititu eta eskailerak konpondu, besteak beste.

Kanchha Sherpak mendietan lan egin zuen bi hamarkadatan, emazteak bidaia arriskutsuak uzteko eskatu zion arte. Baina YOHO TV tokiko kanalarekin 2019an egindako elkarrizketa batean zera adierazi zuen: «Tenzing eta Hillaryk gure begiak ireki zituzten eta hemen garatzea posible egin zuten. Bizitza oso zaila zen lehen, ez zegoen bizimodua nola atera».

Kanchha Sherpa, bilobarekin.

Sherpak bertatik bertara ikusi zuen Everest eskualdearen eraldaketa. «Everesteko gailurrera iritsi ondoren, turismoa esponentzialki hazi zen hemen. Horrek gure bizimodua eta diru-sarrerak aldatu zituen», kontatzen du, Tenzing Chogyal Sherpa bilobak aipatzen duenez.

Aldaketa garrantzitsuena sherpa haurren heziketa izan da, nabarmentzen du eskalatzaile ohiak. «Orain ikasteko aukera dute eta, emaitza gisa, nahi dutena izan daitezke, mediku edo ingeniari edo zientzialari bat bezala, nire biloba bezala».

«Nik ez nukeen inoiz imajinatuko hori posible izango zenik nire garaian. Hori da gero eta handiagoa den turismoaren eta mendizaletasunaren onura», gaineratzen du.

Gaur egun, 90 urte dituela, bere izena duen fundazio bat zuzentzen du, seme-alabak eskolara bidali ezin dituzten familiei laguntzeko. Baina argitu du: «Sherpa gazteak mendebaldeko kulturaren eragin handia jasaten ari diren beldur naiz, eta sherpa kultura eta hizkuntza ahantz ditzakete».