«Konturatu behar gara euskarazko irakaskuntza ez dela bigarren mailakoa»
Eskualdeko sei ikastetxe publikoen artean antolatu dute aurtengo jaia Mungian. Bertan, euskara eta eredu publikoa zaintzen edo jagoten jarraitzeko aldarria egingo dutela iragarri du Egoitz Regilek. Argi dauka zein den bidea: «Eskola publikoa, kalitatezkoa, eta kontrol publiko nahikoarekin».
Ondo baino hobeto ezagutzen ditu Mungialdeko eskola publikoak Egoitz Regilek. Hogei urte daramatza Mungian bizitzen eta hezkuntza publikoan ditu bere hiru seme-alabak. Hain zuzen, 8, 13 eta 17 dituzte Regilen oinordekoek, eta Legarda LHLI eta Mungiako Institutuan ari dira ikasten gaur egun. Asteburu honetako jaiaren antolakuntza bete-betean zebilela egin du tartea GARArekin hitz egiteko.
Zer moduz zaude?
Urduri eta gogotsu. Boluntario pila bat ditugu eta duela bi aste idazten hasi zitzaizkigun zehazki zer egin behar zuten galdetzeko, eta dena lotzen gabiltza.
Dena prest duzue?
Hauteskundeak izan zirenez, dena desmuntatu behar izan dugu eta aste gogorra izan da. Pozik gaude helmuga ikusten dugulako, eta ea ondo irteten den dena. Eta, batez ere, ea eguraldia ere lagun dugun.
Nola moldatu zarete antolaketarako?
Urtebete daramagu lanean, pasa den urtean makila hartu genuenetik. Batzordea dugu, zentro bakoitzeko ordezkari banarekin. Bilerak egiten joan gara, eta, ondoren, bakoitzak informazioa zabaldu du dagokion eskolan. Hasieran oso astiro joan zen dena, baina azken bizpahiru hilabetean lan handia izan dugu; gogorra egin zaigu, baina gustura gabiltza. Urteroko kontu finko batzuk ditugu, eta gero horri beste jarduera batzuk gehitu dizkiogu.
Elkarlanari esker lotura estuagoa lortu duzue zuon artean?
Egia esan, beste eskolekin ez genuen lotura handirik eta lagundu digu jendea ezagutzen. Hala ere, Mungian, hogei urte baino gehiago dira Legarda Eguna ospatzen dela; auzolanean aritzen gara, eta, ondoren, jaia egiten dugu: herri bazkaria, musika... Mungiako eskolan arazoak genituen: arratoiak, eraikin zatiak jausten ziren... eta horregatik hasi ziren Legarda Eguna egiten, konponketak egiteko. Duela sei urte inguru eskola berria egin ziguten, modernoa, baina auzolana egiten jarraitzen dugu; beti dago zer hobetu: margotze lanak, zuhaitzak landatu... horrek asko batzen gaitu.
Gainera, aurten eskolak ereserki moduko bat egin du Legardaren 50. urteurrenagatik. Jarduera batzuk egin ditugu horren inguruan, erakusketa.... eta balioan jarri nahi ditugu duela 50 urte euskarazko hezkuntza publikoa eman nahi izan zuten aitzindariak. Orduan pentsatzen zen euskarazko hezkuntza publikoa ez zela izango aproposa, eta ez da hain txarto irten.
30. jaia izango da. Berezia?
Jaia eta aldarrikapena seguru egongo direla, eta diru guztia herriarentzat izaten da beti. Mungia oso ondo komunikatua dago, aparkaleku piloa ditugu prest, eta jende asko eta asko espero dugu.
Zein ezaugarri dituzte Mungialdeko zuen eskolek?
Eskola publiko inklusibo eredu bat zabaldu nahi dugu, eta uste dugu Mungialdeko gure eskolek arlo hori betetzen dutela. Gure inguruan badugu migrazioa, baina ez masiboa, eta etortzen direnak ongi integratzen dira. Begietatik benda kendu behar dugu, ikusteko euskarazko irakaskuntza ez dela bigarren mailakoa. Beharrezkoa da euskarazko modelo hori zaintzea, eta hortik, aukeratutako lema eta esfortzua.
Hain zuzen, “Jagon” da aukeratu duzuen leloa, eta zaintza, babesa eta laguntasuna islatu nahi dituzuela diozue. Nola sortu zen?
Batzordean bagenituen hainbat ideia, jai giroko leloak; baina Ehigetik esan ziguten momentu gogorra zela eta haien aldarrikapenarekin bat egin behar zuela leloak. Gu ados gaude aldarrikapenarekin, baina gure hizkera sartu nahi genuen, eta horrela proposatu genien «jagon». Segituan onartu zuten, gustatu zitzaien eta aurrera egin genuen. Asko erabiltzen dugun hitza da, ez inguru honetan bakarrik, Bizkaiko leku askotan.
Logoa ere bide beretik joan da; inklusiboa, polita eta erakargarria. Batez ere, jagon, ikusten dugulako ereduarentzat eta herrialdearentzat momentu gogorra dela; zentralismo handia dago estatuan, eta eredu publikoa zaindu behar dugu.
Zein da zuen egoera linguistikoa? Euskal giroa duzue herrietan?
Herri txikietan ondo daude, baina Mungian atzera egin du euskarak azken urteotan. Hori izan da beste arrazoi bat leloa balioan jartzeko. Nire ustez, eta hau nire iritzia da, ez diegu ematen gazteei bizitza euskaraz egiteko nahikoa arrazoi. Ni txikia nintzela, denek ETB1eko marrazkiak ikusten genituen, baina hori aldatuz joan da, eta orain ez dute halako eredu linguistikorik aisialdirako. Haientzat euskara ikastea ingelesa ikastea bezala da. Telebista ez dute ikusten, nagusiekin ere ez dute hitz egiten, kalean ere gutxi entzuten dute.... Mungian oraindik hitz egiten da, baina atzeraka doa. Gauza asko egiten dira eskolaren eta udalaren bidez, baina argi dago ez direla nahikoak edo ez direla aproposak. Ez dute etekinik ematen.
Hezkuntza legea zeresana ematen ari da. Nolako etorkizuna aurreikusten duzue?
Uste dut Jokin Bildarratz izan dela benetan azkenean eskola publikoaren aldeko apustua egin duen kontseilaria. Jende askok aurre egin dio eta ez dakit zer gertatuko den, baina bide horretatik jarraitu behar dugula uste dut. Eskola publikoa, kalitatezkoa, eta kontrol publiko nahikoarekin.