NAIZ
Donostia

Oroimen eguna Donostian: «Gladys Tuterara eraman zuten arrazoiek indarrean jarraitzen dute»

Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboek urteroko omenaldia egin diote Gladys del Estali, energia nuklearraren eta Bardeako tiro poligonoaren kontrako mobilizazio batean, Guardia Zibilak tiroz hil zuela 44 urte betetzen direnean. «Gladys Tuterara eraman zuten arrazoiek indarrean jarraitzen dute».

Gladys del Estal oroitu dute Donostian.
Gladys del Estal oroitu dute Donostian. (Eguzki)

Aurten ere Gladys del Estal omendu dute Donostian, Gladys Enean, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboek antolatutako ekitaldi batean. 44 urte pasatu dira guardia zibil batek Tuteran tiro bat buruan jota hil zuenetik, energia nuklearraren eta Bardeako tiro poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpenaren testuinguruan.  

Aurresku, lore, kanta eta bizikleten artean, lagunartekoek gogoratu dute «militante hura, umore berezi-berezia zuena». Era berean, nabarmendu egin dute haren hilketa «erabat zigorrik gabe» geratu zela eta hainbeste urte pasatu eta gero «oraindik aitzortza ofizialik gabe jarraitzen duela». 

Baina Gladys gogoratzeko ez ezik ikuspegi ekologistatik gaur egungo egoeraren irakurketa bat egiteko tartea ere izan da. «Izan ere, zorigaiztoko ekainaren 3 hartan Gladys Tuterara eraman zuten arrazoiek indarrean jarraitzen dute, inoiz baino gehiago, gainera, hori posible bada, behintzat».

«Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, guk Gladys ez dugu gurtzen, amabirjina edo santu laiko bat balitz bezala. Guk Gladys gogoratzen dugu. Eta gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako», diote kolektiboetako kideek.