Traineruen Liga handiak, Eusko Label eta Euskotren, datorren uztailaren 1ean hasiko dira Coruñan, baina KAE eta ETE Ligak lehenago hasiko dira, ekainaren 17an hain zuzen ere. Negutik hona klubak sasoia hartzen aritu dira, baina denboraldi hasiera hori hasi aurretik, beste bi hitzordu garrantzitsu dituzte traineru guztiek. Lehenengoa igande honetan izango da Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketekin. Hurrengo asteburuan, hilaren 11n, Euskadikoa burutuko da Ondarroako uretan.
Igande honetako hitzorduari dagokionez, beteranoen, gizonen eta emakumeen kategorietako txapelak izango dira jokoan Zarautzen (10.30etik aurrera) eta Lekeition (11.30) egingo diren probetan.
Gipuzkoako Txapelketari dagokionez (Youtubeko katean ikusi ahal izango da), 24 parte hartzaile izango dira eta beteranoen estropadak emango dio hasiera probari. Bertan arituko dira Trintxerpe-Illunbe, Badok 13, Fortuna eta Zumaia.
Gizonen kategorian hiru txanda izango dira, 11 trainerurekin. Horrela banatu dituzte txandak (11.00etan hasiko dira): lehen txandan Mutriku, Hibaika eta Lapurdi; bigarrenean Zumaia, San Juan, San Pedro eta Zarautz; eta hirugarrenean Donostiarra, Getaria, Hondarribia eta Orio.
Emakumeen kategorian, berriz, bederatzi izango dira lehiakideak, hiru txandatan banatuta (12.20an dira hastekoak). Honakoak dira hiru txandak: lehen txandan Hernani eta Zarautz; bigarrenean Zumaia, Hibaika eta Hondarribia; eta hirugarrenean Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Tolosaldea.
Bizkaian, 20 traineru
Bizkaiko Txapelketari dagokionez (Tele 7-k emango du zuzenean), 20 traineruk parte hartuko dute: 10 gizonetan, 4 emakumezkoetan eta 6 beteranoetan. Azken hauetan parte hartzaileak honakoak izango dira: Isasoko Ama, Iberia, Getxo, Mundaka, Bulboko Tigre Beteranoak eta Plentzia Traineru Baltza.
Gizonen kategorian, berriz, honako ontziak lehiatuko dira: Zierbena, Itsasoko Ama, Portugalete, Kaiku, Deustu, Arkote, Bermeo Urdaibai, Ondarroa, Elantxobe eta Isuntza.
Emakumeen kategorian, hauek dira lau parte hartzaileak: Portugalete, kaiku, Deustu eta Ondarroa.
Iazko Gipuzkoako txapeldunak Hondarribia (gizonezkoetan) eta Orio (emakumezkoetan) izan ziren, eta Bermeo Urdaibai (gizonezkoetan) eta Ondarroa (emakumezkoetan) Bizkaikoak.
Orain arte ikusitakoaren arabera, Hondarribia eta Bermeo Urdaibai sendo ari direla dirudi gizonezkoetan. "Ama Guadalupekoa" ontziak bi garaipen erdietsi ditu denboraldiaurrean, Sestao eta etxeko traineru jaitsieran, alegia. Urdaibaik, aldiz, hiru garaipen ditu: Castro, Orio eta San Pedroko jaitsieretan lorturikoak. Beraz, esan daiteke bi ontzi hauek direla faboritoak igandean banderak astintzeko.
Gainera, Zierbena Portugaleteko lehen jaitsieran gailendu zen eta Donostiarrak Mutrikuko estropadan irabazi zuen iragan larunbatean, Zierbena eta Hondarribiaren aurretik.
Emakumezkoetan, berriz, lehia estuagoa egon daiteke. Oriok, iazko Euskotren Ligako txapeldunak, bi garaien ditu aurten, Sestao eta etxeko traineru jaitsieretan. Baina Donostiarrak ere beste bi bandera lortu ditu eta Arraun Lagunakek eta Kaikuk beste bana.