Joseba Salbador Goikoetxea

Zaindu eskola publikoa eta euskara

Mungian egingo da aurten Euskal Eskola Publikoaren jaia. Hezkuntzan lege aldaketa sakonak gauzatzen ari diren momentuan iritsi da hitzordu berria. Horregatik, inoiz baino gehiago, euskara eta izaera publikoa «jagon» edo zaintzeko beharra aldarrikatuko dute.

Mungialdeko sei ikastetxe publikoetako ikasle, irakasle, guraso eta zuzendaritza taldeetako ordezkariek parte hartu dute aurtengo jaiaren antolaketan, EHIGE elkartearekin batera.
Mungialdeko sei ikastetxe publikoetako ikasle, irakasle, guraso eta zuzendaritza taldeetako ordezkariek parte hartu dute aurtengo jaiaren antolaketan, EHIGE elkartearekin batera. (NAIZ)

Euskal Eskola Publikoaren jaia Mungian ospatuko bada ere, eskualde osoko sei ikastetxeetako ikasle, irakasle, guraso eta zuzendaritza taldeetako ordezkariek parte hartu dute antolaketa lanetan, EHIGE elkartearekin batera. Izan ere, eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea da jaiaren helburuetako bat, orain eta aurrerantzean elkarrekin lan egin ahal izateko.

Ekainaren lehen igandean egiten den jarduera bat baino askoz gehiago da Euskal Eskola Publikoaren Jaia. Eskolen arteko elkarlana sustatzeaz gain, sare publikoan egiten diren egitasmoak erakustea, ikastetxeen aldarrikapenak plazaratzea, familien parte hartzea eskolan bultzatzea eta hezkuntza komunitateari kalitatezko jarduerak eskaintzea dira, besteak beste, jaiaren helburuak.

Bestalde, hezkuntzan lege aldaketa sakonak egiten ari diren unearekin batera iritsi da aurtengo jaia, eta hezkuntza komunitateko ordezkariak prozesu hau eskola publikoa sendotuz eta hedatuz amaitzearen alde agertu dira, «euskal hezkuntza sistemaren ardatz bihur dadin».

“Jagon Eskola Publikoa” da Euskal Eskola Publikoaren 30. jaiaren leloa. Jaiaren urteurrena aprobetxatuz, publikotasunaren garrantzia aldarrikatzen du, inoiz baino gehiago, aurtengo leloak. Mungialdean erabiltzen den eta zaindu eta babestu adierazten duen jagon aditza jartzen du erdigunean.

Aurten, hala ere, bada beste urteurren biribilago bat: Legarda haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoak 50 urte bete ditu. Hori dela-eta, beste jarduera ugariren artean, erakusketa bat ipini dute eskola sarrerako kristaldegian.

Jaiaren irudiari dagokionez, Euskal Eskola Publikoa eraikitzen, babesten eta ospatzen duten familia, ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitatea irudikatu nahi izan dituzte, «diseinu garbi, alai eta koloretsu baten bidez». Horretarako forma geometriko askotarikoak ikusten dira irudian, «Euskal Eskola Publikoa osatzen duten pertsonak bezalakoak. Forma eta pertsona independenteak, baina, harresi edo sare bezala antolatuta, Euskal Eskola Publikoa saretu, babestu, aldarrikatu eta ospatzeko prest daudenak». Xabat Agirre da irudiaren egilea, eskola publikoko ikaslea izandako diseinatzailea.

Bien bitartean, Mungiako institutuko Margolaritza eta Adierazpen Grafikoko ikasleak ere elkarlanean aritu dira institutuko hormak edertzen. Ikasle, irakasle eta zuzendaritza taldea elkarrekin aritu dira proiektu honetan, «eskola publikoa denon artean eraikitzen dugula eta denona dela erakutsiz».

Adin guztientzako jarduerak

Jaia lau gunetan banatuko da: eskola eta institutua (lau azpigune), herriko plaza, Matxin plaza eta Torrebillela parkea. Igande honetan, ume eta nerabeentzako jarduerez gain, adin guztietako lagunentzat ere antolatu dituzte jarduerak: Mungiako memoria historikoa ezagutzeko ibilbidea, bertsoak, euskal dantzak eta folk musika, besteak beste.
Giroa berotzeko zenbait ekintza ibiltari ere izango dira kaleetan barrena: Ondalan erraldoiak, batukada feminista, Eskola Publikoa kantari edo artisauen erakusketak.

Aurreko urteetan bezala, jaiaren jarduerak ez dira igandera mugatuko. Bezperan (ekainak 3), “Gure platera gure aukera gunea” ekimena antolatu dute, eta bi kontzertu arratsaldean: TOC eta Trikizio.

Jaiaren bideoklipa

Euskal Eskola Publikoaren Jaian aurten ere ez dira falta ohiko abestia eta bideoklipa. Oraingoan STR talde bizkaitarrak egin du eta, doinu moderno eta alaiekin batera, “Jagon Eskola Publikoa” lelotik abiatuta, zaintzaren, babesaren eta laguntasunaren kontzeptuaren ildotik idatzi dituzte hitzak.

«Denona den eta denontzat den hezkuntza publikoaren zaintza eta sustapena bermatzeko oihua da Jagon». Era horretan, eskolan eta eskolatik harago sortzen diren erlazioak elikatzeari eta bermatzeari abestu nahi izan diote STR taldeko kideek.

Mungialdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzeko jaia

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburuetako bat eskualdeko sei ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea da, orain eta aurrerantzean elkarrekin lan egin ahal izateko.  

LAUKIZKO ESKOLA: Laukizko Lauaxeta eskola txikia da. Landa eremuan kokatuta dago, Bizkaiko Uribe Butroe eskualdean. Herriko eskola publiko bakarra da, D eredukoa, 2 urtetik 12 urtera arteko neska-mutilen garapen osoaren alde lanean diharduena. Eskola leku hurbil, familiar eta seguru gisa aurkezten da, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrei munduan duten lekua zein den jakiten lagunduko diena, pertsona gisa duten izaera sendotuz, asmatze, saiakuntza eta akatsetatik abiatuta, begirada eta esku askorekin.

LEGARDA HLHI: Mungiako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa da. 1974an sortu zen eta kokapen berri bat dauka 2014tik. Herrian bertan bizi diren umeez gainera, inguruko herrietatik datozen ikasleak ere eskolaratzen dira. 780 ikasle inguru ditu, bi etapatan banatuta: HH (2 urteko gelatatik hasita) eta LH, guztiak D ereduan. Jantokia dute (ikastetxean kozinatzen da), baita garraio zerbitzua, gela goiztiarra, liburutegia eta eskolaz kanpoko jarduerak ere, IGEak kudeatuta.

MUNGIA BHI: Mungia BHI Mungialdeako institutu publikoa da, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa eskaintzen dituena. Jantokia, garraioa, liburutegia eta orientazio zerbitzua ditu, eta hainbat proiektutan murgilduta dago.

LAUKARIZ LHI: Laukariz herri ikastetxea Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza etapak biltzen dituen lerro bakarreko ikastetxe publikoa da. 2 eta 11 urte bitarteko ikasleak ditu, Haur Hezkuntzako 4 maila eta Lehen Hezkuntzako 6 mailatan banatuta. D ereduko ikastetxea da, irakaskuntza osoa euskaraz eskaintzen duena. Eskolak jantoki zerbitzua dauka (IGEak kudeatutako proiektu pilotua), goiztiarren gela, garraioa eta eskolaz kanpoko ekintzak eskaintzen ditu.

GATIKA HLHI: Haur eta Lehen Hezkuntza ematen ditu Gatikako eskola publikoak. Jantokia, garraioa eta eskolaz kanpoko ekintzak eskaintzen ditu.  

URKITZA HLHI: Urkitza Bakioko eskola publikoa da, 200dik gora ikasle dituena. Jantokia eta garraio zerbitzua eskaintzen ditu, eta hainbat proiektutan murgilduta dago.