Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Hezkuntza Legea ortzimugan, Euskal Eskola Publikoaren aldeko «bultzada» aldarrikatu dute

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak Euskal Euskola Publikoaren jaia antolatu du igande honetan Mungian. EAEko Hezkuntza Legea eztabaidatzeko prest dago, eta horretaz hitz egin du Arkaitz Aburto Ehigeko presidenteak: «Eskola publikoak bultzada instituzional eta soziala behar du».

Mungiak hartu du aurtengo Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia.
Mungiak hartu du aurtengo Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia. (Aritz Loiola | FOKU)

Ekainaren lehen igandea heldu da, eta ohikoa den bezala Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak (Ehige) Euskal Eskola Publikoaren jaia antolatu du, aurten Mungian «Jagon Euskola Publikoa» lelopean. Jai giroaz gain, aldarrikatzeko momentua ere egon da goiz honetan egindako ekitaldi nagusian, Hezkuntza Lege proiektuaren harira.

«30 urte pasatu dira Euskal Eskola Publikoaren aurreneko jaia ospatu genuenetik Lasarteko hipodromoan. 30 urte pasa dira ere Euskal Eskola Publikoaren Legea onartu zenetik. Lege honen printzipio eta konpromisoak indar guztia dute gaur egun, ezin da amortizatutzat eman», azaldu du Arkaitz Aburto Ehigeko presidenteak Mungiako Legarda ikastetxean prestatutako espazioan, Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuaren ondoan.

Zentzu honetan, Aburtok eskatu du «bultzada instituzional eta soziala» eskola publikorako, «bere funtzio egituratzailea indartzeko eta sistemaren sare nagusia izatera heltzeko». Hori lortzeko, zehaztu du, ezinbestekoa da «eskola publikoaren berrantolaketa eta plangintza estrategikoa», «eskola publikoa behar bezala hornitzea, azpiegitura eta baliabide pertsonal zein materialei dagokienean», «kalitatezko zerbitzuak, egungo familien beharrei erantzungo dietenak» eta «gobernantza eredu parte-hartzailea».

Beraz, defendatu du agintariei dagokiela «Eskola Publikoa behar bezala hornitzea» eta, aldiz, hezkuntza-komunitateari dagokiola «baliabide horiekin kalitatezko eskola publiko euskaldun eta parte-hartzailea eraikitzea». «“Euskal Eskola Publikoa” izena duen altxor bat dugu eta guzitioi dagokigu baliabide hori zaindu, babestu eta gordetzea», aldarrikatu du Ehigeko presidenteak.

Bere aldetik, Bildarratzek «Eskola Publikoak egunero egiten duen lan bikaina» aldarrikatu du eta «harro» agertu da lan honetaz. Hala ere, duela 30 urteko legeak «eguneratu eta indartu» beharra zuela eta bide honetan aurrera egiteak «guztion ahalegina eskatzen duela: elkarrekin hitz egitea, adostasuna lortzea eta helburuak guztion artean finkatzea» zehaztu du.

Gainera, Ager Izagirre Mungiako alkateak egin duen moduan, Legarda ikastetxeren 50. urteurrena ere gogoratu du eta zifra horretara heltzeko bidean balioa eman dio bere klaustro, hezkuntza komunitatea eta zuzendaritzaren ereduari.

Ekitaldiaren amaieran, hurrengo urteko Euskal Eskola Publikoaren jaia non ospatuko den jakitera eman dute. Kasu honetan, Gipuzkoak hartuko du lekukoa, Ordiziak hain zuzen ere.

Jardueraz betetako eguna

Behin ekitaldi nagusia bukatuta, aurretik geratzen da ume eta nerabeentzako jardueraz betetako egun bat. Besteak beste, puzgarriak, kontzertuak, antzerkia, jolas kooperatiboak, graffiti eta txalaparta tailerrak, bertsoak eta euskal dantzak egongo dira Mungia herrian banatutako hiru guneetan.

Kontzertuei dagokienez, arratsaldean helduko da «Euskal Herriko runba» egiten duen Kilimak eta STR taldeen txanda. Aurreko urteetan bezala, jarduerak ez dira mugatuko igandera. Larunbat honetan hainbat ekintza antolatuta zeuden, hala nola TOC mungiarren kontzertua eta Trikizio trikitilari taldearena.

Halaber, ospakizun bikoitza da gaurkoa Legarda haur eta lehen hezkuntzako ikastetxerako: Euskal Eskola Publikoaren jaia hartzeaz gain, 2023n bere 50. urteurrena ere bete ditu. Ehige-z gain, Mungialdeako ikastetxe guztietako guraso eta zuzendaritza taldeek ere antolatu dute jaia.

Joan den urtean, Euskal Eskola Publikoak bere jaia berreskuratu zuen osasun egoerak behartutako hiru urteko geldialdia ostean, kasu horretan Bastidan egina. Hurrengoa, 2024an, Ordiziak hartuko du.