Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Hondamendi naturalen kalteak: gastuak gora, hildakoak behera

1970 eta 2021 bitartean gertatutako hondamendi naturalak aztertu ditu Munduko Meteorologia Erakundeak. Guztira, 11.778 hondamendi zenbatu dituzte munduko hainbat txokotan, bi milioi hildako baino gehiago eta lau bilioiko kalte ekonomikoa eragin dituztenak.

Mocha zikloiak Bangladeshen utzitako ondorioak.
Mocha zikloiak Bangladeshen utzitako ondorioak. (Sai AUNG MAIN | AFP)

Uholdeak, lehorteak, ekaitzak, zikloiak, muturreko tenperaturak... Gero eta albistegi zein egunkari gehiagotan aurki ditzakegu, larrialdi klimatikoarekin eragin zuzena dutela diote adituek, baina zein eragin dute alor ekonomikoari eta heriotza tasari dagokienez? Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) azken mendi erdiko datuak aztertzen dituen txostena argitaratu du. Ondorio nagusia honako hau da: hondamendi naturalen eraginez gero eta hildako gutxiago daudela ziurtatu du Munduko Meteorologia Erakundeak; gero eta azkarrago jartzen dira abian alerta goiztiarrak, eta hildakoen beherakada, hain zuzen, horren ondorio dela azaldu dute. Era berean, gero eta gastu ekonomiko handiagoa sortzen dela diote adituek.

«Muturreko faktore meteorologikoek, klimatikoek eta hidrologikoek eragindako hilkortasunaren eta galera ekonomikoen inguruko atlasa» txostena berrargitaratu du MMEk, eta bertan jaso dituzte datu esanguratsuenak.

Bi milioi biztanlek galdu dute bizitza azken 50 urteetan arrazoi meteorologikoak tarteko; horietatik %90 garapen bidean dauden herrialdeetakoak dira, MMEren txostenak adierazten duenaren arabera. 1970 eta 2021 bitartean erregistratutako hondamendiak ia 12.000 izan dira. Galera ekonomikoei dagokienez, mende erdi honetan gero eta ugariagoak izan diren hondamendi naturalek ia 4 bilioi euroko gastua eragin dute. Galera ekonomiko gehien izandako herrialdea AEBak dira.

Alerta goiztiarra denentzat

Petteri Taalas MMEko idazkari nagusiak deitoratu duenez, «zoritxarrez» komunitate ahulenek pairatzen dute arrisku meteorologiko, klimatiko eta hidrologikoen «alderik okerrena». Myanmarren eta Bangladeshen suntsipen orokorra eragin zuen Mocha ekaitza jarri du adibide gisa, biztanleriaren talde pobreenei eragin zien eta. Herrialde horietan, lehen, dozenaka eta ehunka mila hildako izaten ziren, baina «heriotza-tasa izugarriak historiara pasatu dira». Izan ere, «alerta goiztiarrek biziak salbatzen dituzte», azaldu du. Eta horregatik, alerta goiztiarrak ezartzeko estrategiak lehenbailehen martxan jarri behar direla dio.

Testuinguru horretan, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak Lurreko biztanle «guztiak» alerta goiztiarreko sistemen bidez babestea lortu nahi du 2027. urtearen amaierarako; klimara egokitzeko neurri frogatua eta eraginkorra direla dio, bizitzak salbatzen dituena eta egindako inbertsioa ia hamar aldiz biderkatzen duena.

Bangladesheko beste irudi bat (Sai AUNG MAIN / AFP)

Alerta goiztiarrak aplikatzeko proposamenak babes handia jaso du herrialdeetako ordezkarien aldetik zein erakunde sozialen ahotik. Horrez gain, jakinarazi dute zenbait finantza instituziok eta sektore edo enpresa pribatuk ere interesa agertu dutela gai honetan inbertsioa egin eta proiektuak martxan jartzeko. Gehitu dute, ondorio gisa, jada 30 herrialde izan direla hautatuak 2023. urtean bertan ekimena martxan jartzeko eta probak egiten hasteko.

Hala ere, herrialdeen erdiek bakarrik dituzte sistema horiek. Garapen bidean dauden estatu txikietan, gutxien aurreratuta dauden herrialdeetan eta Afrikan, estaldura bereziki txikia dela azaldu dute.

Hondamendia eta eragina

Datu zehatzetara jotzen badugu, 2020 eta 2021 bitarte 22.608 pertsona hil ziren hondamendi naturalen eraginez, eta nabarmena da, azken mende erdiko datuei erreparatuta, «beherakada» dagoela. Herrialdez herrialde aletzen ditu txostenak datuak: izandako hondamendiak, hildako herritarrak eta zenbateko kostu ekonomikoa izan duten.

Emilia-Romagnan uholdeek eragindako hondamendia (Andreas SOLARO / AFP)

Asia izan da hondamendi natural gehien izan dituen kontinentea: 3.612 hondamendi gertatu dira, gehienak zikloi tropikalen ondorioz, eta 984.263 hildako eragin dituzte. Ipar Amerika, Erdialdeko Amerika eta Karibeko datuak gehituta, 2.107 hondamendi izan dira, 77.454 hildakorekin; horien kasuan ekaitzak eta zikloi tropikalak izan dira nagusi.

Europan 1.784 hondamendi gertatu dira, muturreko tenperaturek eta ur-goraldiak eragindakoak gehienak: 166.492 hildako. Afrikara joz gero, gehienak lehorteak izan dira: guztira, 1.839 hondamendi eta 733.585 hildako. Hego mendebaldeko Pazifikoan zikloi tropikalak gertatu dira gehien; orotara, 1.493 hondamendi eta 66.951 hildako utzi ditu joan den mende erdiak. Eta azkenik, Hego Amerikan zenbatu dira hondamendi gutxien, 943, kasu honetan ere gehienak ur-goraldiek eragindakoak: 58.484 hildako eragin dituzte. Errealitate horiei guztiei bide berriak irekitzeko prest agertu dira.

 

EMILIA-ROMAGNAN, URA KENDU ARREN, LOKATZ MARKEK JARRAITZEN DUTE

Azken boladan Italian izandako lehortea kezka sortzen hasia zen herritarren zein adituen artean. Maiatzaren erdialdean, ordea, izugarrizko euri jasek uholdeak eragin zituzten, gutxienez 15 pertsona hil ziren hondamendi naturalaren eraginez, eta 36.000 herritar ebakuatu behar izan zituzten beren auzo eta herrietatik. Emilia-Romagna eskualdea izan zen kaltetuena.

Emilia-Romagnako Lugo herrian uholdeek eramandako autoak (Andreas SOLARO / AFP)

Maiatzaren 16tik 17ra bitartean sortu ziren uholdeak Emilia-Romagnan, baina lehenagotik ere hasia zen euria gogorregi jotzen. Izan ere, maiatzeko lehen bi asteetan sei hilabetean egin beharreko euri kopurua egin zuen. Baina datuak okertu besterik ez ziren egin, ondorengo 36 orduetan beste sei hilabeteko kopurura heldu baitzen botatako ur kopurua. 23 errekak egin zuten gainezka, eta 43 udalerri baino gehiago hartu zituen urak. Inguruetako lurrak ere erortzen hasi ziren, eta hainbat gune isolatuta geratu ziren, elektrizitate eta ur edangarririk gabe, gainera.

Beren etxeak utzi behar izan dituzte herritar askok, eta 7.000 bat aterpe edota eskola zein kirol instalazio publikoetan egon dira. Berreraikitze plan bat onartuko da eta espero da Europako funtsen bidez lagundutakoa izatea; izan ere, dena galdu duen nekazaritza sektoreari kalte-ordainak emateaz gain, herri osoak berreraiki beharko dira. Kontuan hartu behar da landa eremu emankorreko eskualdea zela Emilia-Romagna; nekazari zein abeltzainen bidez lehen sektorea indartsu zegoen, eta herrialdearentzako aberastasun iturri zen.