NAIZ

Euren aukera baliatu nahi dute Guardia eta Legutiok Arabako Herriartekoa irabazteko

Arabar Errioxako taldeak oso bikote sendoa du nagusien mailan eta Zuiako koadrilakoek lehen bi partidetan saiatu beharko dute finala erabakitzen.

Finalerdiak jokatu zituen Legutioko taldea.
Finalerdiak jokatu zituen Legutioko taldea. (Ramon URBINA/FAPV)

Azken urteetan finaletako protagonistak izan diren Gasteiz, Amurrio eta Laudio gabe jokatuko da, igande honetan, Araba Euskaraz jaiaren baitan, Arabako eskuzko Herriarteko txapelketaren finala. Finalerdietan ezustekoa eman ostean, euren aukerari etekina ateratzen saiatuko dira Guardia eta Legutioko taldeak. Finala Adurtzako pilotalekuan jokatuko da, goizeko 10.30ean hasita.

Finalean egoteko Gasteiz kanporatu behar izan zuten legutiarrek aurreko larunbatean, 2-1 nagusitu ziren hiriburukoen aurka, jubenil (Cariñanos-Moto) eta kadete (Seara-Arruiz) mailako partidetan aise nagusituta. Guardiak, aldiz, erabateko nagusitasuna erakutsi zuen Amurrioren aurka hiru partidak eskuratuta; Ruiz-Rivera kadeteetan, Rituerto-Ormazabal jubeniletan eta Diaz de Guereñu-Markaida nagusitan.

Guardiako taldea.

Finala orekatua espero da eta Mikel Rafael, Arabako Federazioko Zuzendari Teknikoaren arabera, txapela lehen bi partidetan erabakiko da, nagusien mailan garaipenak Guardiako taldearentzat behar lukeelako, gauzak ongi. Kadete eta jubeniletan gauzak parekatuago espero dira eta zeresan handia izango du gazteenengan presioak eta urduritasunak duen eragina.

Finalerdiak, Bizkaia eta Gipuzkoan

Gainontzeko herrialdeetan txapelketak atzeratuagoak doaz. Bizkaia eta Gipuzkoan, esterako, asteburu honetan finalerdietako joaneko partidak jokatuko dira. Bizkaian, Munitibar/Zaratamo eta Zeanuri/ Markina-Xemein izango dira jokatuko diren kanporaketak eta Gipuzkoan Ataun/Oiartzun eta Andoain/Azpeitia.

Nafarroako Herriarteko nagusiari dagokionean, lehen ligaxka amaituta, final laurdenetako kanporaketak jokatuko dira; Baztan/Ultzama; Iruñea/Goizueta, Lizarra/Larraun eta Leitza/Doneztebe.