Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Lehiakortasuna eta elkarlana; garapen ekonomikoa eta soziala; nola uztartu?

Trantsizio energetikoa, aberastasunaren banaketa, gizarte ongizatea sendotzea, demografia… hainbat dira egungo ziurgabetasun egoeran dauden erronkak. Horren aurrean, lehiakortasuna, elkarlana, garapen ekonomikoa eta kohesio soziala uztartzearen garrantzia azpimarratu dute hainbat pertsonalitatek.

‘Lurralde lehiakortasuna. Nora goaz?’ mahai-ingurua Bilbon.
‘Lurralde lehiakortasuna. Nora goaz?’ mahai-ingurua Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskal ekonomiaren eta enpresa-munduaren ekosistema ikusaraztea eta kohesionatzea helburu duen Enpresa Bidea egunkari digitalak gaur egungo egoera eta lurralde-lehiakortasuna baloratzeko topaketa antolatu du asteazken honetan Bilboko Bizkaia Dorrean (BAT, B Accelerator Tower). Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapenerako diputatuak, Estibalitz Goñi Iberdrolako Prozesu eta Teknologien zuzendariak eta Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko zuzendari nagusiak hartu dute parte.

Hasteko, covid-19aren pandemiak, Ukrainako gerrak edo Txinaren eta AEBen arteko tentsioek azken urteotan sortu duten ziurgabetasun ekonomikoa izan dute mintzagai. Basurkok gogoratu du ziurgabetasun handiko garaiak beti egon direla, eta 80ko eta 90eko hamarkadetako industria-birmoldaketa eta 2008ko krisia jarri ditu adibidetzat. Hala ere, egungo egoerak bere berezitasunak dituela nabarmendu du, «agerian utzi baitu dena oso lotuta dagoela eta, epe luzerako estrategiez gain, epe laburrera ere oso adi egon behar dela». Ildo horretan mintzatu da Goñi ere: «Ziurgabetasunak betidanik existitu izan dira neurri batean, baina egungo abiadura izugarria da, eta, araututako sektoreetan inbertsioak asko kaltetzen ditu».

«Ekosistemak gero eta zaurgarriagoak dira, eta denok behar dugu ahalik eta egonkortasun gehien, enpresek zein administrazioek, gure epe luzerako proiektuak garatzeko  eta posible egiteko», adierazi du Ruiz de Gordejuelak.

Askotariko erronkak

Trantsizio energetikoa, aberastasunaren banaketa, gizarte ongizatea sendotzea, erronka demografikoari aurre egitea… asko dira jokoan dauden gaiak. Horregatik, Basurkok nabarmendu du «lurralde lehiakortasuna bi aldeko txapon bat bezala» ulertu behar dela, «garapen ekonomikoa eta kohesio soziala kontuan hartuz».

Horretarako elkarlanaren kontzeptua indartu behar dela azpimarratu du, bai enpresa pribatu eta administrazioen artean, baita enpresa pribatuen artean ere. «Lurralde bat ekintzailea, berritzailea, talentu handikoa, erakargarria eta orekatua izan behar da, eta administrazioek horretarako baldintza egokiak jarri behar ditugu, baina gero enpresak edo norbanakoak dira ekintzaileak, eta horregatik elkarlana egon behar da», azaldu du.

Izan ere, lehia eta kooperazioa nola uztartu izan da beste mintzagaietako bat. «Aurrean daukagun erronkei aurre egiteko lankidetza ezinbestekoa da. Elkarlan barik ezingo dugu. Gaitasun handiak daude herrialdean, baina askotan sakabanatuta daude, eta denon artean osatu behar dugu puzzlea. Hori da bidea, sareak indartu behar ditugu», esan du Iberdrolako Prozesu eta Teknologien zuzendariak.

Hezkuntza, prestakuntza, lan-baldintzak...

Egoerari aurre egiteko eta garapen soziala eta ekonomikoa bultzatzeko garatu beharreko tresnak aztertu dituzte ere bai. Eta, besteak beste, hezkuntza-sistema, gaitasun digitalak eta lan baldintza onak behar direla azpimarratu dute.

«Hezkuntza sistema osoan arreta jarri behar dugu. Talentua edukitzea eta bermatzea ezinbesteko da, eta hezkuntza-sistema aurreratu eta eguneratu bat izan behar dugu horretarako, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest egongo dena», esan du Kutxabankeko zuzendari nagusiak. Izan ere, prestakuntza onaren erronka noraino iristen den jarri du mahai gainean Bizkaiko Ekonomia Sustapenerako diputatuak: «2032ra begira, 40.000 profesional behar dira zientzia, ingeniaritza eta TICS deituriko teknologietako esparruetan, eta gaur egun izugarrizko hutsunea daukagu hor».

Gazteen hezkuntzaz ez ezik, lan-ibilaldi osoa kontuan hartu behar dela aipatu du ere Ruiz de Gordejuela: «beste osagai batzuk landu behar ditugu, hala nola langile helduen birgaitzea eta teknologia berrietara etengabe egokitzea». Ideia horrekin bat egin du ere Goñik, gaitasun digitalen garrantzia nabarmenduz.

Prestakuntzaz eta ezagutzez gain, garapen ekonomikorako lan baldintzak duinak ezinbestekoak direla gaineratu du Ruiz de Gordejuelak: «Epe luzerako ibilbide profesionalak bermatu behar ditugu, kalitatezko enplegua eskainiz».