NAIZ

Joseba Borderen gradu erregresioaren aurka kalera atera dira Ugaon

Zigorraren hiru laurdenak 2019an bete zituela eta koloneko gaixotasun larri bat duela azpimarratuz, manifestazioa egin dute ostiral arratsalde honetan Ugaon Joseba Borderen gradu erregresioaren aurka. Joan den ostegunean eskuratu zuen hirugarren gradua, baina espetxera itzularazi dute.

Joseba Borderen etxeratzearen aldeko manifestazioa Ugaon.
Joseba Borderen etxeratzearen aldeko manifestazioa Ugaon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Joseba Bordek 64 urte ditu eta 2002tik preso egon da. Duela gutxi hirugarren gradua eman zioten arren, bigarrenera itzuli eta berriz espetxeratu dute Fiskaltzak helegite bat aurkeztu ondoren. Ostiral honetan manifestazioa egin dute Ugaon zigorraren hiru laurdenak bete dituela, 64 urte dituela eta gaitz bat daukala nabarmenduz.

Salatu dutenez, «presoek garatu beharreko espetxe ibilbidea eta etxerako bidea oztopatuz», Auzitegi Nazional espainiarrak Espetxe Tratamenduetako Batzordeen erabakiaren aurka egin du.

Gainera, koloneko gaixotasun larri bat izanik, espetxera bueltatzen bada «artatze egoki bat jasotzeko eskubidea urratuko zaio».

Aldarrikatzen jarraitzeko deia

Borderena ez dela kasu bakarra gogorarazi dute mobilizazioan, eta salatzeko deia egin dute, «kalean eta baita instituzioetan ere».

«Espetxe politikaren baitan aldaketak eman eta urruntze politika amaitzeko urratsak egiten ari garen honetan, Fiskaltzak, Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, elkarbizitza zangotrabatuz», gaitzetsi dute.

Elkarbizitza «guztion artean» eraiki behar dela azpimarratu dute, eta «salbuespenezko espetxe politika behin betiko amaitzea nahi dugunok elkarlanean aritu behar dugula» adierazi dute, «hori delako erantzunik eraginkorrena».