Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Nafarroako eskuina, uztaileko zitan ere bananduta baina ez asko

Gauerdian amaitu da uztailaren 23ko hauteskundeetarako koalizioak aurkezteko epea. UPNk eta PPk ez dute akordiorik lortu. Are gehiago, akordio faltaren errua zeinek duen erabakitzeko teatralizazioa izan da negoziazioa.

UPNk eta PPk elkarri leporatu diote koalizio-akordiorik lortu ez izanaren ardura.
UPNk eta PPk elkarri leporatu diote koalizio-akordiorik lortu ez izanaren ardura. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ez dira akordiora iritsi. Eta agian ere ez zuten iritsi nahi. Izan ere, ez dirudi bietako inork ahalegin berezirik egin duenik ere. Ostegun gauean Twitterren argitaratutako mezu baten bidez, UPNk 2015eko koalizioa berritzea proposatu zion PPri. Aurreko egunetan adierazpenak eta gaitzespenak egin dituzte, elkarri akordiorik lortu nahi ez izatea leporatuz.

2015ean, bi alderdiek akordio bat lortu zuten, eta, horren arabera, UPNk PPko presidentegaiaren balizko inbestidura bozkatzeko konpromisoa hartu zuen. Gainera, UPN Diputatuen Kongresurako zerrendako lehen bi postuetan zegoen, eta PP, Senaturako zerrendaburu. PPk, berriz, bere alderdiko kide bat zerrendako bigarrena izatearen alde egin du orain, Mariano Rajoyk eta Yolanda Barcinak 2011ko akordioan egin zuten bezala.

UPNko buru Javier Esparzak, baina, azkar itxi zion atea aukera horri. «Testuinguruan jartzeagatik, 2011 hartan Rajoyk gehiengo osoarekin irabazi zuen, baina ez dut uste Feijoo gehiengo osoarekin irabaziko duela pentsatzen ari denik, nahiz eta hala egitea espero izan».

PPren proposamenak, Esparzaren hitzetan, «ez du adierazten Nafarroa denaren eta UPNren eta PPren arteko azken lau akordioetan izan denaren errealitatea», eta gogora ekarri zuen duela bi asteko hauteskundeetan 70.000 boto gehiago atera zizkiola bere alderdiak Nafarroan. Horregatik, eszenifikazioak eszenifikazio, «bakarrik aurkezteko lanean» ari direla baieztatu zuen atzo arratsaldean, Cope irratian egindako elkarrizketa batean.

Foru Erkidegoan «zentro-eskuina UPNren inguruan egituratzen» dela adierazi ostean, Esparzak azaldu zuen akordio hori «eskuzabala eta arduratsua» dela, Navarra Suma desegin zenean erabili zituen hitz berak erabiliz. «Feijoori aldeko botoa emateko konpromisoa hartzen dugu, eta, aldi berean, askatasuna ematen digu jarrera finkatzeko eta Feijoo jaunarekin zorrotzak izateko, presidentea bada eta Nafarroarekin konpromisoa hartzen badu», adierazi zuen.

Denak Feijooren alde

Izan ere, aulki-joko honen gainetik, Esparzak argi utzi nahi izan zuen Feijoo dela beren hautagaia Madrilen. UPNko buruak azaldu zuenez, PPko burua Gobernuko hurrengo presidentea izatea nahi du. «Feijoo herrialde honetako buru izatea nahi dugu, eta alde bozkatuko dugu koalizioan joan ala ez».

PPren jarrera, auzi honetan, kolorez aldatzen joan da mikrofonoa nori jartzen zitzaion. PPk UPNko kideak bere zerrendetan independente gisa sartzea ere planteatu zuen, eta Esparzak «txistetzat» jo zuen hori. Cuca Gamarra alderdiko idazkari nagusiak Esparzari «txistea» helarazten zion bitartean, Borja Semper kanpainako arduradunak koalizioak egiteko «inolako asmorik» ez zutela esaten zuen.

Aldi berean, Madrilgo zuzendaritzak honi eusten zion: «Nafarroan UPNrekin batera joateko aukera azken minuturaino defendatuko dugu». Honetan guztian deigarria izan da UPNtik ihesi PPn babesa bilatu zuen Sergio Sayas diputatuaren isiltasuna.

Voxen jolasleku

Bi alderdi horien artean banatuko da eskuinaren botoen ehuneko handiena. Voxek ez du Nafarroan partidarik jokatuko. Maiatzeko hauteskundeetan Nafarroako Parlamentuan bi eserleku lortu ostean, Kongresurako lehian urrunegi ikusten da alderdi ultraeskuindarra Nafarroan.

Horrek ez du esan nahi, ordea, Nafarroak ez duela Voxen uztaileko kanpainan parte hartuko. Lokatzetan eroso dabilen alderdia izanik, sanferminen inguruko giroa ezin aproposagoa izan daiteke han eta hemen Voxeko ordezkariek agerraldia egiteko.