NAIZ

Arartekoak legez behartu nahi du administrazio publikoa erakundearekin lankidetzan aritzera

Administrazio publikoek arartekoarekin lankidetzan aritzeari uko egiten diotela eta, Manuel Lezertua arartekoak lankidetza hori legez derrigortzea proposatu du. Gasteizko Legebiltzarrean egiten ari diren jardunaldietan egin ditu adierazpenak.

Jardunaldiak egiten ari dira Gasteizko Legebiltzarrean.
Jardunaldiak egiten ari dira Gasteizko Legebiltzarrean. (Legebiltzarra)

Manuel Lezertua arartekoak «hertsadura modalitate» berriak legez arautzearen aldeko apustua egin du, administrazio publikoak erakundearekin lankidetzan aritzera behartzeko. Fiskaltzekin dituzten harremanak indartzea proposatu du, besteak beste. Lezertua arduratu da gaur hasi eta bihar arte Europako hainbat autonomia eta eskualdetako herritarren defendatzaileak bilduko dituen mintegiaren inaugurazio hitzartzeaz.

EAEko herriaren defendatzailea pozik agertu da gai horretan adituak Gasteizko Legebiltzarraren egoitzan izango direlako, haien jarduera arautzen duen legea «birdefinitzen» eta «eguneratzen» lagunduko duten esperientziak ezagutzeko aukera izango baitute.

1985 legeak arautzen du Lezertua arartekoaren jarduna eta, azaldu duenez, «asko dira erakunde honentzat lege-esparru aurreratuagoa eskatzen duten gaiak». Egungo arartekoak zortzi urte daramatza karguan. Lezertuaren arabera, legeak eguneratzean «hertsatzeko modu berriak» ezarri beharko lirateke, administrazio publikoek arartekoak eskatutakoan harekin lankidetzan aritu daitezen, adibidez, informazioa emanez.

Zenbait administraziok arartekoarekin «lankidetzan ez aritzeko joera» dela eta «kezka» agertu du. Hori dela eta, konponbide bezala proposatu du lankidetza hori legez behartzea. Ildo beretik, ordezkatzen duen erakundeak norbere eskubideen defentsan laguntza behar dutenei epaiketetan informazioa emateko aukera jarri du mahai gainean.

Bi neurri horiek beste leku batzuetan herriaren defentsa-erakundeen eginkizunak arautzen dituzten legeetan sartuta daude jada, eta nazioarteko erakundeen proposamenetan ere jasotzen dira, baita espainiar estatuko defentsa-erakundeen arteko lankidetzari lege-izaera ematera bideratutako beste batzuetan ere, eraginkortasun handiagoa lortze aldera.

Informazioa eskuratzeari eta administrazio publikoen gardentasuna kontrolatzeari dagokionez, arartekoak uste du Gasteizko Legebiltzarrak baloratu beharko lukeela bere bulegoak etorkizunean eginkizun hori bere gain hartzea.

Lezertuak «diskriminazioaren aurkako erakundeak» sortzea ere aipatu du, sektore pribatuan diskriminazioaren kontrola har lezaketen funtzioekin, baita digitalizazioaren erronkei aurre egitea, kolektibo ahulenei arreta ematea eta kontziliazio-prozesuak sustatzea ere. Jardunaldietan adimen artifizialaz, antolatzeko moduez, kode etikoaz eta salatzaileen babesaz ere arituko dira, besteak beste.