NAIZ

Gobernagarritasun akordio zabala eskatu du Viterok, bere burua Alkatetzarako aurkezterakoan

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak ofizialki iragarri du alkate gisa postulatuko duela bere burua larunbatean eta hautagaitzak «ahalik eta gehiengo zabalenak bildu nahi dituela» nabarmendu du, PSE, EAJ eta Elkarrekin alderdiei gobernagarritasun akordioa proposatuz.

Viterok bere alkatetzarako hautagaitza aurkeztu du.
Viterok bere alkatetzarako hautagaitza aurkeztu du. (EH BILDU GASTEIZ)

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak koalizio subiranistaren, PSEren, EAJren eta Elkarrekinen artean lau urterako gobernagarritasun akordioa osatzeko borondatea agertu du astelehen honetan.

«Joan den maiatzaren 28an EH Bildu izan zen indar bozkatuena Gasteizen. Gasteizko herritarrek aurrera egitea bozkatu zuten. Horregatik, hilaren 29an bertan, balizko itunak eta aliantzak aztertzeko lanean hasi ginen, Gasteizen gobernagarritasun arrakastatsua ahalbidetuko duten gehiengo zabalak sortzeko. Gasteiztarrek erabaki dute EH Bilduri dagokiola proiektu partekatu baten lidergoa hartzea. Horregatik, EH Bilduk eta nik neuk, Gasteizko gobernagarritasunerako, lau aldeko akordio bat osatzeko borondatea adierazten dugu. Gobernagarritasun akordioa EH Bildu, PSE, EAJ eta Elkarrekin Podemosen artean», adierazi du Viterok.

Hala, alkategaiak akordioa eskaini du oinarrizko proposamen baten inguruan, «udalerri gisa ditugun erronkei erantzuteko garaia dela» ulertuta. Horrela, EH Bilduren hautagaiak akordio bat eskaini du, eta EH Bilduren iritziz, hitzarmen hori honako puntu hauetan oinarritu beharko litzateke: «herritarren zaintza eta osasunerako eskubidea indartzea», «kalitatezko enplegua, trantsizio energetikoa eta eraldaketa ekonomikoa erraztea, etxebizitzarako eskubidea bermatzea», «justizia sozialean eta zerbitzu publikoen hobekuntzan sakontzea» eta, azkenik, «daukagun Gasteiz anitza eta askotarikoa balioestea».

«Uste dugu puntu horiek oinarrizkoak eta funtsezkoak direla gasteiztarren bizi-kalitatea bermatuta egongo den etorkizuna bermatzeko. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Gasteizko alkatetzarako nire hautagaitza aurkeztuko du. Hautagaitza horrek ahalik eta gehiengo zabalenak bildu nahi ditu, Gasteizi etorkizun oparoa eskaintzeko. Gure udalerriak dituen erronka handien aurrean, Gasteizen gobernagarritasuna bermatuko duen akordio sendo baterako oinarriak ezartzeko unea da. Ezin dugu onartu eskuinik erreakzionarioenak markatzea gure hiriaren norabidea. Gasteizko herritarrek aurrera egitea bozkatu dute, eta gure erantzukizuna da horri erantzutea. Horregatik berresten dugu EH Bilduren, PSEren, EAJren eta Elkarrekin Podemosen gobernagarritasunerako akordio-proposamena», adierazi du Viterok.