NAIZ

Aitor Elordi Buruz Buruko txapeldunak beste bi urtez luzatu du kontratua Asperekin

Oporraldi labur baten ostean, aurrelari mallabiarra Buruz Buruko txapeldun izendatzen duen elastiko gorri berriarekin berragertuko da, ostiralean, bere herrian, Bizkaia Torneoaren barruan.

Aitor Elordi, Buruz Buruko txapeldun bihurtu zenean.
Aitor Elordi, Buruz Buruko txapeldun bihurtu zenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aitor Elordi bere ibilbideko momenturik onenean dagoela ezin da dudan jarri. Ekainaren 4ean Buruz Buruko txapela jantzi zuen eta hilabete batzuk lehenago Binakakoan gauza bera egin zuen Zabalaterekin batera. Bere momentu bikaina aprobetxatuta, eta oporraldi labur baten ondoren, Asperekin duen kontratua beste bi urtez luzatu duela iragarri du astearte honetan enpresak. Elordik 2016ko urtarrilaren 3an egin zuen debuta, eta beste 2 urtez luzatu du Asperekiko lotura.

Mallabiko aurrelaria pozarren zegoen akordio berria sinatu ondoren. «Oso pozik nago Fernando Vidartek nigan jarri duen konfiantzagatik. Orain niri dagokit Aspek emango dizkidan aukera berriei etekina ateratzea», adierazi du bizkaitarrak. Bere helburuak ez dira aldatzen, nahiz eta orain txapelduna izan eta gerriko gorriarekin jokatu behar izan: «Orain arte eman dudan mailari eutsi nahi diot eta baita ahal dudan guztian hobetu ere. Orain ezin naiz erlaxatu, izan ere, Aspeko plantillan lehia izugarria da eta onenen artean jarraitu nahi dut», azpimarratu du Elordik.

Mallabiarra Buruz Buruko Txapeldun izendatzen duen elastiko gorri berriarekin berragertuko da, ostiralean, bere herrian, Bizkaia Torneoaren barruan.