«Euskal jendarteari Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan bozkatzearen garrantzia helarazi nahi diogu», adierazi du Oskar Matutek EH Bilduk Bilboko erdigunean antolatutako ekitaldi batean. Posta bidezko botoaren berri emateko antolatutako gunean koalizio subiranistak Madrilgo Kongresuan duen diputatuak azpimarratu du «Euskal Herritarren interes sozialak eta nazionalak defendatzeko bermea» dela EH Bilduren aldeko boza.
Gogorarazi du uztailaren 23an aurrez aurre botoa eman ezingo duenak aurretiaz posta bidez bozkatzeko aukera duela. Izan ere, maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeetan izandako «aurrerapausoa» berretsi nahi du EH Bilduk, «ziklo aldaketari» eusteko.
Baieztatu du ezker subiranistek Madrilen duten indarrak baino ez duela bermatuko gizarte politika publikoetan sakontzea: «Uztailaren 23ko hauteskundeetan langileen eta gehiengo sozialaren eskubideak ditugu jokoan». Halaber, adierazi du «eskuina gelditzeko eta inboluzio saiakerei aurre egiteko boto eraginkor bakarra EH Bildurena» dela.
Matutek argi utzi nahi izan du EH Bilduren esku badago, eskuinak eta eskuin muturrak ez dutela sekula gobernatuko. Era berean, koalizioaren sinesgarritasuna goraipatu du: «Esaten duguna egiten dugu eta egiten duguna esaten dugu».
Udal eta Foru Gobernuak eratzeko negoziazio garai honetan, Matutek adierazi du badaudela hainbat indar politiko, EH Bilduk ez bezala, «kartak ezkutatzen» dituztenak: «Botoa eskatzeko aipatzen dutena albo batera uzten dute gero, botere postuak mantentzeko». Halaber, uste du alderdi politiko batzuek maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzen «irakurketa okerra» egin dutela: «Uste dute gauza bera egiten jarraitu dezaketela». Horren aurrean, EH Bilduren jokaerak aurrez ikusi daitezkeela adierazi du.
Era berean, Matutek azaldu du EH Bilduren iritziz EAJ ez dela argia izaten ari: «Ez dute Feijoorekin akordio batera heltzea baztertzen, baina ez dute argi esaten». Diputatuak EH Bilduk Madrilgo Kongresuan azken legealdian kokatu duen rolarekin lotu du jeltzaleen jarrera: «Uste dute indarra galdu dutela Madrilen akordioetara heltzeko euskal indar bakarra izateari utzi diotelako eta Feijoorekin erdiguneko postu hori berreskuratu dezaketelakoan daude».
Egur bereko ezpalak
Matuteri naturala iruditzen zaio PPk eta Voxek espainiar Estatuko hainbat erkidegotan batera gobernatzeko akordioak egin izana, hala nola, Valentzian, «egur bereko ezpalak dira». Joera horren aurrean, EH Bilduren ikuspuntua argia dela azaldu du: «Guretzat eskuina eta eskuin muturra frenatzea betebeharra da gure herriaren eta bertako langile klasearen eskubideak defendatzeko».
PPk eta Voxek «inboluzioa, eskubideen murrizketa eta gure identitatea ukatzea» ekarriko dutela jakitun, EH Bildu aurrean izango dutela adierazi du Matutek.